andoni egana
HITZ ETZANAK

Neureartekoa

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nazioarteko erantsia darama Euskararen Egunak eta hala beharko du. Nik bestela ere bizi dut. Neurearteko hizkuntza dela esango nuke. Inoiz, inguruan euskaldunik gabe egun batzuk eman izan ditudanean, jabetu izan naiz ez dudala euskararen faltarik sumatu. Ni han banago, euskaraz egiten dut egunean ehuneko handi samarrean. Izugarri hitz egiten baitugu geure buruarekin egunean, eta gauean, zehar.

Badakit hizkuntzak elkarrekin komunikatzeko tresna direla. Badakit geure baitara mugatuz gero hizkuntza agortu eta hil egingo litzatekeela. Baina Aznarrek katalana eta intimitatea lotu zituen hartan, zertaz ari zen arrastorik izan gabe (espainiarrek joera baitute pentsatzekoa guztiok jaiotzen garela gazteleraren jabe ahalmen eta agindu dibinoz edo) pista ona eman zigun. Intimitatean zurkaizten da kolektiboaren indarra. Neurearteko beharko du nazioarteko izango bada.

Ikasi nuen gazteleraz. Egin ere egin dut askotan. Askotan beharturik; hobetsita zenbait aldiz. Baina neure buruari ez diot inoiz erdaraz egin. Horregatik miresten ditut hainbeste ahalegindu, ikasi, jardun… eta egun batean krak!, eteteko gai direnak, euren baitarako «qué bien estoy» esatetik «ederki nago ba!» esatera jauzi egin dutenak. Bejondeiela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.