Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Hezkuntza

Hezkuntza. Aurreko lekuan, edo atzerago

Legealdi berriari orain lau urte bezala ekingo dio hezkuntza komunitateak: lege berriari buruzko eztabaida noiz hasiko duten zain. Koronabirusak hankaz gora ipini du eskoletako ohiko martxa, eta agerian utzi ditu hutsune batzuk. Areago, azterketa ugarik azaldu dute hezkuntza geldialdian dagoela.

<b>Koronabirusa.</b> Krisiak agerian utzi du nolako erronkak dauzkan hezkuntzak.
Koronabirusa. Krisiak agerian utzi du nolako erronkak dauzkan hezkuntzak. MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2020ko ekainak 30

Diagnostikoa ez da ona: «blokeoa» ikusten du EH Bilduk; Elkarrekin Podemosek, «beste politika bat» behar dela; PPk, «kaskartu» egin direla emaitzak. Ez da oposizioko alderdien ustea bakarrik: hezkuntza aldaketa premian ikusten dute gobernuko bi taldeek ere. EAJk dio «egokitu» egin behar duela garai berrietara, eta PSE-EEk, «geldialdia» dagoela —areago, «alferrik galdutako legealdiak» izan direla—. Koronabirusaren krisiak agerian jarri du hezkuntza sistemak zer erronka dauzkan: ikasleen arteko desberdintasun sozialak, euskarazko irakaskuntzaren ezinak eta irakats-sistema gaurkotzea, adibidez. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute aldaketa premia: PISA azterketaren emaitzek ezinegon handia eragin zuten 2016an, eta, azken datuak hobeak badira ere, aurreko urteetakoen azpitik daude; Eusko Jaurlaritzak berak egindako ebaluazio diagnostikoek ere erakutsi dute jaitsiera, batik bat euskararen irakaskuntzan —ikasleen ia erdiek ez dute gutxieneko euskara gaitasunik—. Egiturazko arazoei batu zaie orain koronabirusak sortutako ezegonkortasuna.

Emaitza kezkagarri horiek mahai gainean dituela hasiko du Eusko Legebiltzarrak hezkuntza legeari buruzko eztabaida. Orain lau urte bezalaxekoa da egoera. Hezkuntza legea zen Jaurlaritzaren proposamen nagusia hezkuntzaren arloan, baina testurik aurkeztu gabe amaitu da legealdia. Aditu talde batek ondutako gogoeta dokumentua bai, plazaratu zuen Hezkuntza Sailak 2018an, eta ekarpenekin moldatu ere bai; hezkuntzaren egoerari buruzko txosten bat ere aurkeztu zuten 2019an. Baina legerako zirriborrorik ez. Bi legealdi joan dira EAJren gobernuak legea iragarri zuenetik —2013ko urrian—, eta Jaurlaritzaren lege egutegian 2019 amaierarako zegoen iragarria proposamena. Ez dira heldu.

Sareen banaketa

Prozesu zaila izango da, zaila izango denez. Hezkuntza eragileen ikuspegi kontrajarriei erantsi behar zaie parlamentuan ere talka handia dagoela gai batzuetan, batez ere sare publikoak eta itunpekoak eduki beharreko rolari dagokionez. Publikoa eta itunpekoa, biak dituzte aintzat EAJk eta PPk. Jeltzaleek «hezkuntza zerbitzu publikoa» aipatu dute, alegia, eskola publikoak eta zerbitzu hori itun baten bidez ematen duten zentroak; PPk edozein ikastetxe aukeratzeko «askatasuna» jarri du lehentasuntzat, eta itunpekoen finantzaketa haztea. Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, berriz, eskola publikoa dute ardatz. Sozialistek diote sare publikoak izan behar duela «zentrala», eta itunpeko sarearen finantzaketa «berrikusi» egin behar dela; Elkarrekin Podemosek, areago, itunak «pixkanaka kentzea» proposatu du, eta ikastetxe horiek publiko bilakatzea —«integrazio boluntarioa eta negoziatua»—.

Gai horretan, EH Bilduren jarrera da berritasuna. 2016ko hauteskunde programan esan zuen eskola publikoak izan behar zuela «erreferente eta ardatz»; orain, «sare publiko bateratua» sortzea aipatu du, «administrazioaren titularitatea eta titularitate publiko-partekatuak bilduko dituena».

Jarrera desberdinen adierazle, legea nola izendatu duten: EAJk eta EH Bilduk, Euskal Hezkuntza Legea; PSE-EEk, Euskal Eskola Publikoaren Legea —egungo legea hala da—; Elkarrekin Podemosek eta PPk ez dute legerik aipatu.

Sareen eta finantzaketaren gaiarekin gurutzatzen da beste auzi bat: eskola segregazioarena. Ikastetxe jakin batzuetan pilatzen direla maila sozioekonomiko apaleko ikasleak eta guraso migratzaileen seme-alabak. Alderdi guztiek aipatu dute auzi hori, baina oso era desberdinean. Segregazioaz mintzo dira EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE. Sozialistek proposatu dute matrikulak ez egitea zentro bakoitzean, bulego bakar batean baizik; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek baliabideak aipatu dituzte, horrelako ikasle asko dituzten zentroetan inbertsio handiagoa egitea. EAJk ere proposatu du zentro horiei «lehentasuna» ematea, eta «ardurakidetasun hitzarmenak» sinatzea eskolekin —«egoera ahuleko inguruneak» aipatu dituzte jeltzaleek—. PPk ere baliabide gehiago proposatu ditu zentro horientzat —«desabantaila soziala duten ikasleez» mintzo da—.

Hizkuntza proiektua

Migratzaileen seme-alaben kasuan segregazioa aipatu duten hiru taldeak bat datoz beste esparru bat aipatzean: hizkuntza ereduek areagotu egiten dutela bereizketa. Hiru ereduko sistema kentzearen alde agertu dira. PSE-EEk Hezkuntza Sailean egon zeneko proposamenari heldu dio: hiru eleko eredua, eskola bakoitzeko errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatua, betiere euskarak «lehentasunezko arreta» izanik. Elkarrekin Podemosen planteamendua gisa berekoa da: «ardatza» euskara dela, zentro bakoitzak ontzea bere eredua. EH Bilduk jada aurkeztua duen lege proposamen bat berretsi du, «murgiltze eredu gehigarria», euskara lehentasun duena, zentro bakoitzean «malgutasunez» ezartzeko. EAJren planteamendua antzekoa da: euskara «ardatz nagusia» dela, eskola bakoitzak taxutzea hizkuntza proiektuak.

PP-Ciudadanos koalizioa urrunago dago planteamendu horietatik. «A eredua hautatzeko askatasuna» eskatu du, eta ingelesari leku handiagoa egiteko. Hala ere, helburuetan jarri du euskaraz eta gaztelaniaz «beharrezko maila» lortzea. Gaur egun, ikasleen ia erdiek ez dute xede hori lortzen euskara gaitasunari dagokionez.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Osasun langile bat pertsona bati PCR proba egiten, herenegun, Ordizian. ©Jon Urbe / Foku

58 dira Ordiziako agerraldiarekin lotutako kasuak

Iosu Alberdi - Irati Urdalleta Lete

Positibo emandakoek ezingo dute bozkatu Ordizian. Bai, ordea, haien kontaktu zuzenek. Araban beste foku bat izan den ikertzen ari da Osasun Saila, azken orduetan bederatzi kasu atzeman ostean.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurain. ©Jesus Diges / Efe

23 positibo detektatu dituzte Tuterako agerraldian

Igor Susaeta

Beste agerraldi bat gertatu da Iruñean, eta bost pertsona kutsatuta daudela baieztatu dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria