Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Nafarroa PSOErekiko itunen ekuazioan sartzeko asmoa agertu du EAJk

Egibarrek esan du «mahai berean» daudela EAEren gobernabidea, Sanchezen inbestidura eta Nafarroa. Esparzak «errespetua» eskatu du

Joseba Egibar, apirilaren 16an Errenterian eginiko ekitaldi batean. A. C. / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Udal eta foru hauteskundeen osteko aliantzen negoziazioan, Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak «hiru erpin» antzematen ditu: Eusko Jaurlaritzaren gobernabidea, Pedro Sanchez PSOEko Espainiako presidentegaiaren inbestidura posiblea eta, horiekin batera, Nafarroa. Igandeko emaitzak eskuan, Navarra Suma da lehen indarra, baina bigarren indarra, PSN, gobernatzeko moduan legoke, besteak beste Geroa Baik—EAJ tartean duen koalizioak— Maria Txibite babesten badu. Oraingoz, Txibitek esan du asmoa duela «aurrerabide gobernu bat» osatzeko konpromisoari eusteko. Egibarrek ohar egin die sozialistei: ekuazio horretan, Nafarroaren aldagaiak «izugarrizko inportantzia» dauka jeltzaleentzat, eta baldintzatu egin ditzake beste bi esparruetan gauzatu daitezkeen akordioak.

Egibar Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten atzo goizean, eta esaldi bakarrean laburbildu zuen Nafarroan PSNk Geroa Bairi begiratzearen garrantzia bazkideak bilatzeko orduan: «Ez badago Madrilerako akordiorik eta Nafarroakoak huts egiten badu, adibidez PSN eskuin indarrekin lerratzen delako, zer demontrez hitz egin behar dugu sozialistekin?». Hiru gaiak «mahai berean» daudela erantsi zuen Egibarrek. Sanchezen inbestidurari dagokionez, gogorarazi zuen PSOEren hautagaiak jeltzaleen botoen beharra daukala: «Negoziatu nahi badu, badaki gurekin zuzenean hitz egin beharko duela, eta badaki zer gai jarriko ditugun mahai gainean»: aipatu zuen euskal naziotasunaren aitortza eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean estatus berri baterako adostu dituzten oinarriak.

Lausoago, aldagai nafarra ahotan izan zuen Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionaletarako idazkariak ere. Radio Euskadin elkarrizketatu zuten atzo, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk eta PSE-EEk duten ituna izan zuen hizpide. Galdetu ziotenean itun horrek nola eragin lezakeen Pedro Sanchezen inbestiduran, Mediavillak erantzun zuen ezin diotela «aintzat hartzeari utzi Espainiako Kongresuan gerta daitekeenari, ezta Nafarroan ere». Horregatik, astelehenean eginiko bileran, Euzkadi Buru Batzarrak herrialdeetako buruzagitzei eskatu zien «lurraldez lurralde diagnostiko bat» egin dezatela, horiek zuzendaritza nazionalari helarazteko eta hark «analisi orokor bat egin» eta eman beharreko pausoak emateko.

Esparzarentzat, «xantaia»

Joseba Egibarri lau orduren buruan erantzun zion Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako lehendakarigaiak; «xantaia» egitea egotzi zion EAJri, eta «errespetua» eskatu zuen nafarren borondatearekiko. Haren iritziz, Egibarren hitzek adierazten dute Nafarroa «euskal proiektu anexionistaren pieza giltzarri» dela, eta Geroa Bai proiektu horren «sukurtsala» dela; Maria Txibite PSNko lehendakarigaiari eskatu dio ez onartzeko «mehatxuak».

PSE-EEk ere ez ditu begi onez ikusi Egibarren hitzak; alderdiko iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, PSE-EEk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeei buruz hitz egingo du «soilik» EAJrekin: «Beste lurralde batzuetan, beste batzuk izango dira mintzaideak». Iturriok erantsi dute EAEko erakundeen inguruko akordio batean ez duela eragingo EAEtik kanpoko «ezein» faktorek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.