Udalen osaketa Nafarroan: Eguesibar, Lizarra, Tafalla, Zizur Nagusia.

Lau udaletan gertatutakoaren kronika

Arturo Goldarazena eta Jesus Arrizubieta. J. MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Sarriguren Zizur Nagusia
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
PSNk bezperan, azken orduan esan zion Geroa Bairi ez zuela haien alde bozkatuko. Alfonso Etxeberria alkate ohia haserre azaldu da horregatik.
Eguesibar: Sei urteren ondotik, PSNri esker, agintea eskuinak du

Whatsapp bat eta kito. Hiru asteotan behin bakarrik bildu ostean, herenegun, 21:27ean, Mikel Bezunartea PSNko hautetsiak mezu baten bidez jakinarazi zion Geroa Baiko Alfonso Etxeberriari ez zuela bere alde egingo. Hala erabaki zuten Eguesibarko militante sozialistek. Atzo, 10:00etan, hiru hautetsiek Bezunartearen beraren alde bozkatu zuten. Hartara, Navarra Sumako Amaia Larraiaren eskuetan utzi zuten alkatetza. Gainezka zen aretoa, eta pozarren ospatu zuten kargu hartzea Navarra Sumako agintariek: Javier Esparzak eta Ana Beltranek.

Gertatutakoarekin minduta agertu zen Alfonso Etxeberria. UPNren aurreko bi alkateek, ustelkeria kasuen ondorioz, auzitan amaitu zuten, eta, beste indarren akordioari esker, Etxeberriak agindu du sei urteotan. Atzo, PSNk «traizio» egin ziela salatu zuen. «EAEn, akordioak lortzeko gogoa izan dute sozialistek. Hemen, ez: eskuinaren eskuetan utzi dituzte udalak». Bezunartea kexatu zen aurreko lau urteetan ez dietela jaramonik egin: «Behar gaituztenean soilik jo dute guregana».

EH Bildu akordioa egiten saiatu zen azken orduan, baina PSNk, hiru hautetsirekin, bera babesteko eskatu du. Eskuinak aginduko du.
Lizarra: PSNk Navarra Sumaren eskuetan utzi du udala

Lizarran ere, PSNko hiru hautetsiek erabaki dute hurrengo lau urteetako norabide politikoa. Navarra Sumako Gonzalo Fuentes izango da alkate berria, bere koalizioko zazpi botoak eskuratuta. Koldo Leozek EH Bilduko sei hautetsien eta Geroa Baiko zinegotziaren babesa jaso zuen, baina ez zen nahikoa izan. PSNko hiru zinegotziek Jorge Cresporen alde egin zuten, eta, ondorioz, lau urte geroago, eskuinak udala eskuratu du.

Ez da ustekaberik izan, hortaz. Ostegun arratsaldean, Lizarrako 22afiliatuk batzarra egin zuten, eta, eztabaidaren ostean, udala eskuinaren eskuetan uztea deliberatu zuten. Herenegun arratsaldean, azken ahaleginean, Leozek bilera egin zuen Geroa Bairekin eta PSNrekin, baina ez zuen fruiturik eman. EH Bilduk gerora jakinarazi zuenez, sozialistek eurei babesa emateko eskatu zieten. Onartu zuten EH Bildurekin gauza askotan bat datozela, baina ez zuten aurrera egin nahi izan. Atzo, Jorge Crespo sozialistak hautagaitza aurkeztu zuen, eta beste indarrei eskatu zien hari babesa emateko. Azkenean, Fuentes alkate.

Nahiz eta EH Bilduk 910 boto galdu, PSN ez da erabakigarri izan. Ituna hitzartu dute lau udal taldeen artean, eta beste lau urtez gobernatuko dute.
Tafalla: Arrizubietak hartu du aginte makila, itunari esker

Jesus Arrizubieta izango da Tafallako alkate datozen lau urteetan. Nahiz eta hauteskunde gauean EH Bilduk 910 boto eta hiru zinegotzi galdu, asteon akordioa lortu du Iniciativa Por Tafalla talde independentearekin, Ezkerrarekin eta Geroa Bairekin. Akordio horri esker, gehiengo osoa lortu zuten, eta lehen indarrari gailendu zitzaizkion atzo, Navarra Sumari. Printzipioz, hiru hautagai aurkeztu ziren: Arrizubieta, PSNko Esther Iso eta Navarra Sumako Amaia Orduña. Hala ere, Orduñak ikusi zuenean sozialistek hautagaitza aurkezten zuela, berea atzera bota zuen, ondorioztatu baitzuen ez zuela jada aukerarik alkate izateko.

Arturo Goldarazena alkate ohiaren eskutik jaso zuen aginte makila, atzo, Arrizubietak. Bere lehen hitzetan, hala nahi duten alderdi guztiei udal gobernuan parte hartzea proposatu zien. Aurreko legealdian, hori egitea erabaki zuten hautetsi sozialistak alderditik kanporatu zituen PSNk. Oraingoan, PSNko hautetsiek ez dute argitu eskaintza horri baiezkoa emango ote dioten. Udaletxeko osoko bilkuren aretoa jendez beteta egon zen.

Navarra Sumako Vicente Azketak salatu du «galtzaileen gobernua» osatu dela. Jon Gondanek «arduraz» hartu du kargua, beste lau urterako .
Zizur Nagusia: Gondan alkate da berriro, eskuinaren kexen artean

Jon Gondan Zizur Nagusiko alkate izango da beste lau urtez, eta «arduraz» hartu zuenaginte makila, atzo. Herenegun arratsean, akordioa erdietsi zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizur talde independenteak. Atzo, gehiengo osoa lortu zuten. Duela lau urte udalak norabide politikoa aldatu zuela nabarmendu zuen Gondanek: «Aurrera egiten jarraitu nahi dugu». Beste indarrak udal arloko kontuetan bat egitera deitu zituen.

EH Bilduk azken egunetako esfortzua nabarmendu zuen, eta akordioa «ona» izan dela esan. Aitzitik, Navarra Sumako Vicente Azketak gogorarazi zuen hauteskundeak irabazi zituztela, eta osatu den udal gobernua «galtzaileena» dela horregatik. AS Zizurri demokraziari iruzur egitea aurpegiratu zion, «herritarren iritzia ez delako egoki interpretatu». Talde horretako Javier Alvarezek esan zuen «aste gogorrak» izan direla, denetariko kritikak entzun dituztelako. Nabarmendu zuen akordioa egin dutela «arduragatik eta ez besaulkiak lortzeko»: «Zubilana egin nahi izan dugu, eta ez lubakietan gotortu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.