Iker Iraola Arretxe.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZ GORA

Egonkortasun handiegia?

2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Testuinguru berezian hasi da Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde kanpaina. Iñigo Urkullu lehendakariak apirilera aurreratu zuen bozketa, horretarako behar handirik gabe —gogoan izan Ahal Dugu-rekin aurrekontuak aprobatzeko lortutako akordioa—. Baina ordutik hona guztia aldatu da. Lehenik, Zaldibarko zabortegiaren krisia gertatu zen —amaitu gabeko afera—; eta, ondoren, guztia txiki utzi duen pandemia iritsi zen. EAJk eta PSEk osatutako gobernuarentzat hauteskunde erosoak ziruditenak, zalantzaz bete ziren.

Baina egoera ezegonkor horrek aldaketak ekar bazitzakeen, orain arte argitaratutako inkestek aurkakoa erakutsi dute, oro har: EAJren igoera, eta PSErekin batera —azken honek ere gora eginda— gehiengo absolutua eskuratzeko aukera argia, EH Bilduren igoera apala, eta Elkarrekin Podemosen nahiz PP-Ciudadanosen jaitsierak. Inkestek marrazten duten egoera egonkorra eta sorpresarik gabekoa da: saria gobernuarentzat, eta zigor handiegirik ez inorentzat, eskuin espainiarzalearentzat ez bada. Egonkortasun handiegia, agian, hain testuinguru berezian.

Uneko egoeraz gain, ordea, komeni da hauteskundeok perspektiba apur batez begiratzea. Zer aldatu da, bada, aurreko deialdiarekiko? EAJ eroso aurkeztu zen, hauteskunde ziklo horretan zehar emaitza onak lortuta, baina gobernua eskuratzeko akordioak norekin lortu guztiz argi izan gabe. EH Bildu, bere aldetik, beheranzko fase batetik zetorren, Espainiako hauteskundeetan emaitza kaskarrak lortuta, eta Ahal Dugu-rekiko lehian larriturik. Azken horrek EAEko ezkerraren erreferente izateko ametsa zuen, EH Bildu desplazatuz, espainiar hauteskundeetan EAEn lortutako emaitza onen olatura igota. PSEk eta PPk, haien aldetik, beheranzko aurreikuspenak zituzten.

Alabaina, oraingoan egoera argitu da. EH Bilduk ez dio dagoeneko EAJri herri akordiorako proposamenik egiten; Elkarrekin Podemosek ezkerreko gobernuaren bandera haizeztatzen du, inor gutxik horretan sinets badezake ere; eta, batez ere, argi geratu da EAJren gobernu kidea PSE izango dela. Ikusi beharko da azken honek nolako kanpaina egiten duen, EAEko koalizio gobernu hau —Espainiakoa ez bezala— ezkutuan igaro baita askotan, Alderdi Sozialista bertan ez balego legez.

Momentuz, zirrara gutxirekin ekingo zaio kanpainari, beraz. Jendeak arreta osasun egoeran du jarria, edozein momentutan okerrera eginez gero, gerta daitekeena buruan. Gainera, egoera ekonomikoa larria da dagoeneko hainbat sektoretan, eta are gogorragoa aurreikusten da etorkizuna. Eta, horrez gain, uda giroa da —uda berezia izan arren—, hauteskunde batzuetarako aproposa ez den sasoia. Guztiak parte hartze apal baten alde egiten du, eta hor egon daiteke sorpresarako zirrikitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.