Leku berean harrapatu ditu greba berriak

Gaurtik ostiralera, lau eguneko lanuztea egingo dute Kristau Eskolan eta IZEAn. Urtarrileko greba amaitu zenean bezala, negoziazioak blokeatuta daude orain ere

Kristau Eskolako eta IZEAko langileen manifestazioa, Bilbon, urtarrilaren 16an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Gaurtik ostiralera, Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan greba egingo dute, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Azkena izango ez den kezka dute sindikatuek. Izan ere, negoziazioa blokeatuta dago. Sindikatuen ustez, patronalen eskaintzek ez dituzte betetzen langileen eskaerak. Patronalen esanetan, Eusko Jaurlaritzak itun bidez emandako finantzaketarekin ez dute eskaintza hobetzeko tarterik. Gobernuak ez du tartean sartu nahi, enpresen eta sindikatuen artean konpondu beharreko gatazka delakoan. Hala, aurretik akordiorik lortu ezean, apirileko lehen lau egunetan eta maiatzaren 8an eta 9an ere greba egitera deituko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 250 zentrotako 9.000 irakasleak. 100.000 ikasleri eragingo die.

«Ikusi dugu mobilizazioak indartuz joan garen heinean beren hasierako posizioetatik mugituz joan direla patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Horregatik, mobilizazioak indartu beste aukerarik ez dugu izan, berriro ere mugitzera behartzeko», azaldu du ELA sindikatuko Hezkuntza arloko arduradun Miren Zubizarretak. Batzuei zein besteei esan die negoziatzera esertzeko prest daudela, eta «edukietan sakondu» nahi dutela. «Bakoitzari dagokion ardura» hartzeko eskatu die enpresei eta gobernuari. Azken greba egunetatik hona ez da bildu negoziazio mahaia, baina sindikatu bakoitzak bere aldetik izan ditu bilerak bai patronalarekin bai Hezkuntza Sailarekin. Zubizarretaren esanetan, bilera horietan ez dute jaso «langileek egindako bidezko eskaerei behar bezalako erantzuna ematen dien» proposamenik.

Aurreko ikasturtean hasita, hamazazpi greba egun egin dituzte dagoeneko. Azkenak urtarrilean izan ziren: zortzi egun jarraian. Familiek kezka agertu dute, eta joan den ostiralean Manu Lezertua EAEko arartekoarekin elkartu ziren. Atzo eman zuen iritzia Lezertuak. Gurasoekin bat egin, eta ikasleei «kalte» egingo ez dieten gutxieneko zerbitzuak eskatu ditu; esan du bere eskumenen esparruan jardungo duela ikasleen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko. Lan gatazkari dagokionez, arartekoak uste du patronalek eta sindikatuek LHK Lan Harremanetarako Kontseilura edo Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailera jo beharko luketela, bitartekaritza eskatu eta gatazkari konponbidea emateko. Kristau Eskolak ez du adierazpenik egin nahi izan. Duela hilabeteko batzar orokorrean erabaki zuten aurrerantzean isilik egongo direla, eta horri eutsi diote.

Itunaren kontrola

Oraingoz, sindikatuek ez dute kontuan hartuko arartekoaren gomendioa. Hala adierazi dio Zubizarretak BERRIAri: «Ez dugu bitartekaritzarik eskatuko. Guk nahi duguna da Hezkuntza Saila gatazkaren irtenbidean inplikatzea». Uste du Eusko Jaurlaritzak «azpikontrata» modura hartu duela «historikoki» itunpeko ikastetxeen sarea. Enpresei, berriz, euren hezkuntza proiektua «irakasleen eskubideen bizkar» bultzatu nahi izana egotzi die.

Zubizarretaren esanetan, enpresek badute proposamena hobetzeko aukerarik. Baina, hala ere, patronalek jasotzen dirua kontrolatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, itun bidezko finantzaketa nahikoa den ikusteko. «Behar bestekoa bada, kontu eske joan beharko du haiengana. Eta, hala ez bada, neurriak hartu beharko ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.