Greenpeacek dio «eskasa» dela klima aldaketaren legea
GASTEIZ. Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikorako Lege proiektuari ekarpenak egiteko epea zabaldu da Eusko Legebiltzarrean, eta atzo, besteak beste, Lorea Flores Greenpeace talde ekologistako ordezkariak parte hartu zuen. Floresek salatu zuen lege proiektua «guztiz eskasa» dela klima aldaketaren erronkari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak onartutako lege proiektuaren ahulezia azalean utzi zuen Floresek: «Testua ez da nahikoa klima aldaketaren aurka borrokatzeko, ez baitu helbururik jasotzen berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko».
Greenpeace taldeko ordezkariak azaldu zuen lege proiektuaren helburua izan beharko litzatekeela sistema elektrikoa %100ean berriztagarria lortzea, eta horretarako arreta emisioak gutxitzean jarri beharko litzatekeela. Horretaz gain, klima aldaketari aurre egiteko herritarren parte hartzea sustatu behar dela azpimarratu zuen: «Sistema energetikoa demokratizatu behar da, eta haren gaineko kontrol oligopolikoarekin amaitu». Era berean, «zero hondakinen politikak» lehenesteko eskatu zuen, «prebentzioa, murrizketa eta berrerabilera» errazteko, eta erraustegiak eta zabortegiak «pixkanaka ixteko». Nekazaritzako elikagaien sistemaren eraldaketaren aldeko apustua egin zuen, halaber.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.