ELA, Steilas eta CCOO ez dira bilduko Hezkuntza Sailarekin
Mahai sindikala gaur da biltzekoa, Hezkuntza Legearen langileen eskubideen alorreko zuzenketez aritzeko

GASTEIZ. ELA, Steilas eta CCOO ez dira joango gaur Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak deitutako mahai sindikalera. Hezkuntza Lege proposamena legebiltzarraren esku utzi berri du Jaurlaritzak, eta mahai sindikala biltzeko eskatu zuen sailak, langileen eskubideen alorrean legeari zein zuzenketa eta ekarpen egingo dizkioten jasotzeko. ELA ez da joango bilerara, uste duelako ez dagoen «kontsentsu sindikal» bat bilatu nahi dutela gaurko «argazkiarekin», eta iritzi dio LABekin eta EH Bildurekin lortutako akordioan berretsi baino ez dituela egin nahi. Grebak eta mobilizazioak aipatu ditu, lege horren bide parlamentarioa «baldintzatzeko». Steilas ere ez da joango, iritzita legean ez dela jaso sindikatuak orain arte egindako ekarpen bat bera ere. CCOOk ere ez joatea erabaki du, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren «maniobra propagandistikoa» delakoan. LAB, UGT eta Interinok Hezkuntza ere deituta daude bilerara. LABek eta UGTk baieztatu dute joango direla. LABek begi onez ikusi zuen mahaia deitu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu