ZUZENDARIARI

'Ez dadila erori!', Euskadi eta Senegalen arteko proiektu solidarioa

Alba García Martín eta Papa Bakary Diop.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Futbolak ateak zabaltzen ditu. Baina itxi ere bai. Horixe gertatzen da Rufisque herri senegaldarrean. Han, gazteek etorkizun hobea bilatzen dute futbolaren bidez, eta, horretarako, askok ikastetxea uzten dute. Hala ere, oso gutxik lortzen dute profesional izatera iristea. Zer gertatzen da gainerakoekin? Askotan ikusten dute euren burua 18 urterekin eta ikasketarik gabe, lanik gabe, euren ustez ezer eskaintzen ez duen komunitate batean. Orduan migrazio-prozesu bat hasten dute askok: patera batera igo eta Europara etortzea, hemen dena errazagoa izango delakoan, bizia arriskuan jartzen ari direla pentsatu gabe.

Errealitate horri buelta emateko asmoz jaio zen African Football Academy, gazte horiei futbolean jokatzeko, entrenatzeko eta arlo horretan trebatzeko aukera emateko, baina beren heziketa alde batera utzi gabe. Elkarte honetako taldeetan parte hartzeak baldintza bakarra du: berriz ikastea.

Akademiak B plan bat eskaini nahi die gazteei: futboletik at aukerak badaudela ikusteaz gain, futbolean jokatzen duten bitartean prestakuntza bat ere aukera dezakete. Izan ere, askok patera batera igotzea nerabezaroan erabakitzen dute.

Proiektuaren helburua Rufisqueko komunitateko haurren eta gazteen egoera komunitarioa eta bizi-kalitatea hobetzea da. Xede horrekin, Big Road elkarteak, Euskadiko bazkide laguntzaileak, Ez dadila erori! ekimena bultzatu du, finantzaketa lortzeko eta laguntza ematen jarraitu ahal izateko. Irailaren 15ean Goteo plataforman hasi den crowdfunding kanpaina batean bildutako dirua eskolako, osasuneko eta kiroleko materiala bidaltzeko, eskolari eusteko eta prestakuntza finantzatzeko erabiliko da.

Finantzaketa kolektiboak sari bikainak izango ditu ekarpenak sustatzeko: Aymeric Laportek eskainitako kamiseta baten zozketa eta Eibarko talde osoak sinatutako beste bat, eta oihal senegaldarrak eta beste.

Big Road Elkarteak, African Football Academyrekin batera, La escuelita futbol-gune bat sustatu du, astean bitan adin guztietako haurrek futbolean jokatzen ikasteko aukera izan dezaten. Horrela, gune horretara joaten diren haurren eta haien familien beharrak antzeman ditzakete Rufisquen lan egiten duten boluntarioek.

African Football Academyren eskutik bere ibilbidea hasi zuenetik, Big Road Elkarteak hamalau adingaberen lanbide-heziketako eskolatzeak ere finantzatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.