Zuzenean

Sanchezek erantzun egin dio Trumpen mehatxuari

Israelgo aireko indarrek jakinarazi dute «eskala handiko erasoak» abiatu dituztela Teheranen kontra.

Irango presidentearen egoitza, atzo, eraso bat jasan ostean, satelitetik ikusia. VANTOR / EFE
Irango presidentearen egoitza, atzo, eraso bat jasan ostean, satelitetik ikusia. VANTOR / EFE
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 4a
09:30
azken momentuan

Gasa pixka bat merkatzen ari da gaur

Iranen aurkako erasoa hasi zenetik gas naturalaren prezioa ia-ia bikoiztera iritsi da, Ormuzeko itsasartetik igarotzen baita munduko gasaren bosten bat. Gaur goizean, ordea, prezioa pixka bat jaitsi da Europako erreferentziazko merkatuan, Herbehereetako TFFen: 53 euroan salerosten ari da, merkatua ireki denean baino bost euro merkeago. Arrazoien artean izan daiteke Donald Trumpek iragarri egin duela Ormuzeko itsasartea zeharkatu nahi duten gasontziak eta petroliontziak babestuko dituela eta, gainera, aseguruak eskainiko dizkiela.

Desplazatuak 65.000 baino gehiago dira Libanon

«Egoera ez da ona, beldurtuta eta arduratuta dago jendea», erran du Haneen Sayed Libanoko Gizarte Gaietarako ministroak. 65.000 desplazatu baino gehiago erregistratu dituzte herrialdeko kanpamenduetan, Isralego armadak egindako erasoen ostean. Are, gehiago ere etorriko direla aurreikusi du Sayedek: «10.000-20.000 desplazatu gehiago egonen dira, baina oraindik ez dira laguntza eta babes eske etorri. Familiaren edo lagunen etxean dira batzuk, eta bertze anitz errepidean».

Alarma piztu da Israelen

Sirena hotsak entzun dira Israel iparraldean, Libanorekin egiten duen mugan. Herrialdeko hedabide ofizial batek eman du abisua, eta jakinarazi du «drone bidezko mehatxua» dela eta piztu direla alarmak. Prebentzio neurria hartu du jarraian Siriak, eta itxi egin du Libanoko muga. Izan ere, Isralego armadak abisatu du mugara begira dagoela, eta eraso eginen duela Libanoko ezein mugimendu ikusiz gero. Edonola den, Libanotik ihesian diren siriarrentzat irekita dago bidea.

Irango misil balistikoak egiten dituzten gune bat bonbardatu du Israelek

Bart gauean egin dute erasoa, baina Israelgo armadak oraintxe baieztatu du Irango misil balistikoak produzitzeko, biltegiratzeko eta jaurtitzeko erabiltzen duten eraikin bati egin diola eraso. Herrialdearen mendebaldean kokatzen da gunea, eta, armadaren oharrean zehaztutakoaren arabera, «dozenaka azpiegitura» kaltetu dituzte. Armamentu guztiak ez ziren halakoak, baina 1.950 kilometroko irismena zuten misil balistikoak gordetzen zituzten bertan. Iranek misil kopuru handia duela uste du Israelgo armadak, eta horregatik ari da horien ekoizpen eta gordailu guneak eraitsi nahian.

Hezbollahk Israelgo base militar bati eraso dio

Talde xiitak jakinarazi du Israel iparraldeko Safed hiritik gertu egin duela erasoa, eta, zehazki, Israelgo base militar baten kontra egin duela. Israel, bere horretan, etengabe ari da Libano hegoaldea bonbardatzen.

Europako Batasunak bere interesen alde eginen du

«Beharrezkoa bada, erantzun eginen dugu», adierazi du Olof Gill Europako Batzordeko Merkataritza Gaietarako bozeramaileak. AEBren eta Espainiaren artean «harreman ona» dagoela erran du, eta, gainera, «komenigarria» dela «hartu-eman» horrekin jarraitzea. «Bi aldeek» dute interesa, bozeramailearen erranetan. Trumpek Espainiako politika komertziala jopuntuan jarri duela ikusita, Gillek jakinarazi du EBk bere interesen alde eginen duela beti, eta «babes osoa» adierazi die estatu kide guztiei.

Sanchezek uste du Espainiak etor daitekeen krisi berriari aurre egiteko «baliabide nahikoak» dauzkala

«Ekonomiaren dinamikotasunari eta politika fiskalaren erantzukizunari esker, Espainiak baliabide nahikoak dauzka balizko krisi berri bati aurre egiteko», hala jakinarazi du Sanchez presidenteak. Trumpek mehatxu egin ondotik, Sanchez Irango ondorio ekonomikoei so jarri da, eta erran du neurriak hartzen ari dela Irango familiei, langileei, enpresei eta autonomoei lagundu ahal izateko.

Libano bonbardatzen jarraitzen du Israelek

AEBek Persiar golkoan dituzten base militarren eta Israelgo zenbait eremuren aurka egiten ari da Teheran, eta harekin bat egin du Libanoko Hezbollah milizia xiitak. Gaur, ordea, Israelgo armadak jakinarazi du miliziako 250 «helburu» hil dituela dagoeneko, eta horrela jarraituko duela aurrerantzean ere.

Libano hegoaldea husteko agindua eman zuen atzo Israelek, eta gaur herrialdearen ekialdera zabaldu du mezua. Libanon bakarrik, 56 pertsona hil dituzte, eta 335 lagun zauritu.

Israelgo aireko indarrek jakinarazi dute «eskala handiko erasoak» abiatu dituztela Teheranen kontra. Iran bonbardatu zutenetik bortz egun igaro dira, eta Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak esplikatu du Iranen edozein buruzagi berri izendatuta ere, «akabatu» eginen dutela. Kontrara, armadak Ali Khamenei Irango buruzagi gorena hil ondotik, Iranek aurreikusi du hurrengo asterako aukeratuko duela lider berria.

 

Sanchezek erran du ez duela «gerraren konplize» izan nahi

Hitz gutxitan adierazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak zein izanen den gobernuak hartuko dun jarrera: «Gerrarik ez». Agerraldi publikoa egin du Madrilgo Moncloa jauregian, eta erran du Espainiako Gobernua ez dela AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Iranen egiten ari diren erasoen «konplize» izanen. Izan ere, atzo Donald Trump AEBetako presidenteak Espainiarekin duten merkataritza oro eteteko agindu zuen, eta herrialdea «tamalgarri» jokatzen ari zela argudiatuta, «Espainiarekin zerikusia duen orori enbargua ezartzeko eskubidea» zuela erran zuen.

Horiek hala, Europako Batasunarekin sinaturiko akordioak eta nazioarteko legedia errespetatu behar dituela eskatu dio Sanchezek Trumpi. Eta gehiago gaineratu du: «Espainia ez da munduarentzat kaltegarria izanen den zerbaiten parte izanen; ez da ondorioen beldurragatik horretan eroriko».

Interesgarria izango zaizu
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA