Zupiriak Ertzaintzaren jarduna justifikatu du, «probokazioei» eta «erasoei» erantzun zietelakoan
Maiatzaren 23an gogor jazarri zitzaien Ertzaintza Loiuko aireportuan, Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarren kontra.
* Ertzaintza «sionismoaren konplizea» dela seinalatu dute Bilbon, eta Loiuko jokabidea gaitzetsi.
* Analisia | Jakes Goikoetxea: 'Babesleak eta babestuak'.
Bukatu dira Loiuko gertakariari buruzko adierazpenak, baina aitzinera egin du Batzordeak. Eibarko kasuaren gainean hainbat adierazpen eman ditu Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak, ertzain etxean pertsona bat atxilotu eta ospitalera eraman zutelako. Legebiltzarkideek ez diote galderarik egin, eta bukatutzat eman dute puntua.
«Ortiz de Guinea jauna, zergatik hemen? Flotillako kideei mundu osoan egin zaizkie harrerak, eta inon ez da ezer gertatu. Zergatik hemen bai?», galdetu dio Zupiriak EH Bilduko legebiltzarkideari. Polizia ereduarekin bainoago, elkarbizitza ereduarekin dute arazoa bere ustez. «Nola bizi nahi dugu elkarrekin? Hori da erabaki behar duguna. Lehen pausoa elkarbizitza zertan oinarrituko dugun erabitzea da, eta horren araberako segurtasun eredu bat sortzea. Etxea ez da teilatutik hasten, oinarritik hasten da».
Domaikak eskerrak eman dizkio Zupiriari, bere ustez «nahikoa argipen» eman dituelako gaur. «Ez zuritu indarkeriarik, ez defendatu Poliziari egindako itxusikeriarik. Guk beti defendatuko dugu gure Polizia».
Bigarren aldiz erakutsi du etsipena Hernandezek: «Zinez, uste nuen zuk ere onartuko zenuela Loiun gertatutakoa ez dela bidezkoa». Patroiak errepikatzen ari direla aurpegiratu dio, eta asteburuko jarduna justifikatu izanak bere dimisioa eskatzera behartzen duela.
Operatiboko ertzainen dimisioa eskatu du EH Bilduk, eta galdera zuzena egin dio Zupiriari: «Benetan egingo duzu zerbait? Benetan aldatuko duzu zerbait, edo berdin-berdin jarraituko du denak?». Polizia eredua aldatzeko borondate politikoa erakutsiz gero, koalizioak eskua luzatuko diola erran du Ortiz de Guineak.
Poliziak ez zuen egoera hori bilatu, baina bai, ordea, protestariek. Horixe uste du Zupiriak.
Zupiria: «Ez dago gure herrian Ertzaintzak adina kontrolik daukan erakunderik. Uste dut horrek ez duela eztabaidarik». Datu batzuk eman ditu: 25 agente joan ziren Loiura, eta hiru furgoneta.
Edonola ere, ardura bere gain hartuagatik, xehetasunak ematea ez omen dago bere esku: «Ertzaintzaren jarduera dagokion unitateak ikertuko du, Justizia Epaitegiak aztertuko du lesio deliturik egon den edo ez; ez nik, ezta zuek ere. Gardentasun Batzordeak erabakiko du ertzainek legeak hautsi ote zituzten, eta Arartekoak espediente bat ireki du indarraren erabilera egokia izan zen edo ez ikusteko».
«Honek ez dio onik egiten ez Ertzaintzari, ez Euskal Herriari». Poliziaren alde agertu da Atutxa, eta nabarmendu du gerkataria ez zela «pertsona horien kontrako ezer, ezta Palestinaren kontrako ezer ere». Zupiriarekin bat egin du, eta salatu du elkarbizitzarik ez dela lortuko Ertzaintzaren kontrako «oldarraldia» indarrean den bitartean.
Miren Gallastegi legebiltzarkide sozialistak hartu du hitza, erantzuna emateko eskatu dio Segurtasun sailburuari. «Zarata gutxiago, erabilera partidista gutxiago, eta ikerketa gehiago». Gertakariarekin arduratuta dagoela erran du, eta Segurtasun sailari azaldu dio «demokraziaren parte» dela gardena izatea, eta bere ardura dela azalpenak ematea eta zergatiak azaltzea. «Esplikatu behar duzue zergatik deitu zenuten operatibo hori, zergatik hartu zuten poliziek jarrera hori, eta zein zen helburua».
Edonola ere, ez da polizia ereduaren kontra agertu, eta mahaikideei eskatu die ez ditzatela sartu polizia guztiak «zaku berean». «Gertakari batek ez du instituzio oso bat deskribatzen».
Ertzaintzari babes osoa adierazi dio, berriz, Ainhoa Domaika PPko legebiltzarkideak, eta egiten duen lanaz «oso-oso harro» dagoela gaineratu du. «Inori ez zaio gustatzen indarkeriarik erabili behar izatea, baina beste aukerarik ez dagoenean baimenduta dago haren erabilera». Uste du «justifikatuta» dagoela Poliziaren jarrera, protestariak hasi zirela lehendabizi bultzaka, eta salatu du «sekulako basakeriak» erraten zizkietela ertzainei.
«Nork hasi zuen borroka? Aktibista batek? Ez, barkatu, terrorista batek. Giza eskubideen aldeko borrokarekin betetzen dute ahoa, baina terrorista batzuk dira, ehundaka urtera daude kondenatuta». EH Bilduri kontra egin dio, hark erraten baitu polizia eredua ez delako demokratikoa, eta haren gibeletik joatea leporatu die PSE-EEri eta EAJri. «Ertzaintza da gure polizia eredua, eta gure babes osoa izango dute beti. Zegokion lana egin zuen». Are, Zupiriari eskatu dio ez dezala Bildurekin «kolaboratu ere egin».
Jon Hernandez: «Uste duzu, benetan, ETAz hitz egiteko momentua dela?». Zupiriaren adierazpenak gertakaria justifikatzeko bertzerik ez zirela erran du Sumarreko legebiltzarkideak, eta, hala, «engainatuta» sentitu dela, «ematen zuelako benetan hitz egiten ari zinela sentitzen zenuela esan zenuenean». Salatu du ez duela azalpenik eman polizien erasoen gainean, eta ez duela arrazoitu zergatik zen «hain beharrezkoa» flotillako kideak lurrean kolpatzen aritzea. EH Bildurekin ados agertu da, eta ardurak hartzeko eskatu dio Zupiriari: «Zu zara horren guztiaren arduradun politikoa. Loiun ez zegoen arriskurik kolokan, ez zegoen segurtasunik jokoan, ezerk ez du poliziaren jarduna justifikatzen».
Eta horra azken kolpea: dimisioa eskatu dio. «Sinesten dizut Ertzaintzak ez zuela inor bere ideologiagatik kolpatu, baina ikusi ditugun irudiak ez dira normalak, ez dira onargarriak, eta hau ez dago justifikatzerik». Zupiriak behin eta berriz erran du indarkeria flotillako kideek eta harrera egiten ari zirenek hasi zutela, baina Hernandezek bideoa ekarri dio gogora, eta erakutsi dio indarkeria guztia «ertzainen partetik» etorri zela. Ikertu bai, baina benetako erantzunak eman ditzala eskatu dio, eta egindakoaren ardurak bere gain hartu ditzala.
Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak gehiegikeria horiek justifikatzen aritzea aurpegiratu dio Zupiriari, eta berriz erran dio polizia ereduarekin «sekulako arazoa» dagoela Euskal Herrian. «Zergatik erabaki zenuten brigada mugikorra jartzea? Zergatik ari ziren jendea jotzen? Ez dut ulertzen nola justifikatu dezakezun halakorik, are gehiago dena grabatuta dagoenean». Neurriak, aldaketak eta ondorioak eskatu ditu EH Bilduk, aurreikusten baitu «ezer» ez dela aldatuko, ikerketa bat abiatuta ere. Operatiboaren arduradunak kargutik kentzeko eskatu du, baita negazionismotik ateratzeko ere. «Ezin duela inpunitateak irabazi, onartu zuen arazoak, zuen gertakariak, eta atera ondorioak».
«Uste dut garrantzitsua dela testuinguru politikoa ematea gertakariari». Eta hasi da erasoan: taldeko kideak «terroristak» direla erran du, eta aurrekariak dituztela denek.
«Desordena publikoa» eragitea leporatu die flotillako kideei. Dena grabatuta dagoela erran du, eta ertzainek kideak borraz jo zituztela ikusten den arren, azpimarratu du hainbat ertzain zaurituta atera zirela handik, eta erietxera eraman behar izan zituztela.
Segurtasun sailburuak salatu du flotillako kide batek bultza egin ziola operazioko ertzain buruari; hau da, flotillako kideak izan zirela lehenak erasotzen. Bideo zatiekin ari da Zupiria adierazpena osatzen.