Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarren harrera ekitaldi bat ezin da ukaldiekin, eskuburdinekin eta atxilotuekin bukatu. Israelgo soldaduen tratu txarrak eta umiliazioak jasan berri dituzten sei lagun —bi ospitaleratu egin zituzten Istanbulen— ezin dira lurrera bota, arrastaka eraman eta zapaldu. Halako ongietorri bat ezin da bortizkeria neurrigabearen eta gizatasun eta enpatia faltaren adibide izan.
Ikusi gehiago
Oraingoan, beste askotan ez bezala, gertatua grabatuta dago. ETBren irudietan ikus daiteke sekuentzia osoa. Eta irudi horietan ez da ikusten ertzainen bortizkeria zuritu dezakeen ezer. Ezta atxilotuei leporatu dieten deliturik ere: ez desobedientzia larririk, ez erresistentziarik eta ezta agintaritzaren aurkako atentaturik ere.
Sei ekintzaileak irteera atearen parean jarri dira, taldeko argazkia ateratzeko; ertzainak haiek handik kentzen hasi dira, bultzaka; ekintzaileetako bat herritarrengana hurbildu da, eta ertzainek lurrera bota dute; eta, hortik aurrera, ukaldiak, eskuburdinak eta atxilotuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Ertzaintzako arduradunei kostatuko zaie —kostatu beharko litzaieke— gertatua azaltzea eta zuritzea.
Ertzainek, esku hartzeren batera joaten direnean, jakin behar dute nora doazen. Operazioen arduradunek argi eta garbi utzi beharko lukete nora eta zertara doazen. Beti izan beharko lukete lehentasuntzat arazorik ez dagoen tokian arazorik ez sortzea. Eta borrak erabili aurretik hitzak erabiltzea. Oso larria da gertatua, eta oso larria da operazioaren arduradunak, oldarraldia hasi eta gero, geratzeko ahaleginik ez egitea, zentzugabekeria areagotzen uztea muga guztiak gainditu arte. Â
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak honela esan zien atzo Euskal Poliziaren —ertzainak eta udaltzainak— bosgarren promozioko ertzainei, Arkautin: «Lanabes garrantzitsu bat eman dizue euskal gizarteak: indarra erabiltzeko zilegitasuna. Eta botere horrek, botere handi guztiek bezala, erantzukizun eta exijentzia etiko handia eskatzen du». Ez hori bakarrik: «Irizpidea, autokontrola eta justiziaren zentzua izan behar da. Hau da, iparrorratz morala beti eskuan izatea». Egun bat geroago, errealitatea: irizpiderik, autokontrolik eta justiziaren zentzurik ez. Eskuetan, iparrorratz morala beharrean, borrak.
Gehiago ere esan zuen Pradalesek, gizarteak poliziekin izan behar duen jarreraz: «Bera babesten dutenak babesten ez dituen gizarte bat porrotera kondenatua dago». Polizien ikuspegitik hitz egin zuen. Polizien ekitaldia izanda ere, herritarren ikuspegitik ere hitz egin zezakeen: babestu behar dutenek babesten ez duten gizarte bat porrotera kondenatuta dago.