Ertzaintza «sionismoaren konplizea» dela seinalatu dute Bilbon, eta Loiuko jokabidea gaitzetsi

Global Sumudek deituta, manifestazio jendetsua egin dute poliziaren atzoko kargak salatzeko. Batasuna aldarrikatu dute «sionismoarekin elkarlanean dabiltzanen inpunitatearekin amaitzeko».

Global Sumudek deitutako manifestazioa, gaur, Bilboko Arriaga plazan. MIGUEL TOÑA / EFE
Global Sumudek deitutako manifestazioa, gaur, Bilboko Arriaga plazan. MIGUEL TOÑA / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko maiatzaren 24a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzaren eta Israelen aurkako oihuek hartu dute Bilbo erdigunea gaur eguerdian. Global Sumudek deituta, manifestazio jendetsua egin dute Arriaga plazatik abiatuta, Ertzaintzak atzo Loiuko aireportuan izandako jokabidea salatzeko, eta polizia sionismoaren konplizea dela adierazteko.

Manifestazioan ez da istilurik izan, baina ugariak izan dira Ertzaintzarekiko gaitzespen keinuak eta oihuak. Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza sionismoaren konplize! Sionismoa suntsitu, Palestina askatu! izan da lema.

Atzo gertatutakoari buruz, Global Sumudeko kideek adierazi dute irudiek «euren kabuz» hitz egiten dutela, eta gogorarazi dute flotillako kideak jaso dituzten aurreko aldietan ez dela inoiz izan arazorik: «Ez zitzaion inori bidea oztopatu. Ez da kasualitatea Ertzaintzarik gabe arazorik egon ez izana». Poliziari egotzi diote «elkartasuna etetera» bertaratu izana.

Bingen Zupiriaren aurkako aldarria, gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Bingen Zupiriaren aurkako aldarria, gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE

Gehitu dute, ordea, Ertzaintzaren jokabideak agerian utzi duela aldarrikatu nahi dutena, agenteen «jarrera oldarkor eta penagarriak aurrez aurre izan baitzuen flotillako kideen jarrera duin eta eredugarria».

Manifestazioaren osteko hitzaldian, aipatu dute poliziaren jokabideak erakusten duela «Israelen benetako izaera faxista eta haren disoluzioaren beharra». Eusko Jaurlaritzaren ardura ere seinalatu dute, «sionismoaren konplize izan delako Israelek egindako torturei jarraipena emanez, lehendik ere nahikoa ez bazen».

Ikusi gehiago

«Ertzaintzaren atzoko esku hartzea, Palestinarekiko elkartasun mugimenduaren aurkako errepresioa... jakinak dira Ertzaintzaren eta Mossaden arteko loturak ere. Azken egunetako gertakariek agerian utzi dute sionistekin duten konplizitatea», adierazi dute: «Europako herrialdeek ez dute ezer egin flotillako kideek jasan dituzten torturen aurka». 

Azkenik, batuta egoteko deia egin dute «poliziaren inpunitatearekin amaitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA