Zuzenean: Etxegaraik irabazi du Baionan. Ikusi herri guztietako emaitzak
Herriko bozen bigarren itzulian 11 herritan egin dituzte hauteskundeak.
- Jean-Rene Etxegarai izanen da Baionako auzapeza, beste agintaldi batez: bozen %50,7 bildu ditu. Ezkerreko aliantza zabalak, berriz, bozkazaleen %41en babesa jaso du.
- Miarritzen, Serge Blanco errugbilari ohia izanen da auzapeza; Kanbon, Peio Etxeleku EAJko kidea; Maulen, Louis Labadot komunista; Donibane Lohizunen, Jean-François Irigoien eskuindarra; Hendaian, Kotte Ezenarro PSko kidea; Azkainen, Benedicte Luberriaga; Beskoitzen, Pascal Jocou; Arbonan, Guillaume Fourquet; Urruñan, Sebastien Etxebarne zentrista; Bokalen, Mathieu Horn.
Etxegaraik segituko du Baionan
Jean-Rene Etxegaraik segituko du Lapurdiko hiriburuko auzapez izaten. Hauteskundeen bigarren itzulian, bozen %50,7 bildu ditu Etxegaraik. Ondotik, Jean Claude Iriart ezkerreko aliantzaren buruak %41 bildu ditu. Pascal Lesellier eskuin muturreko hautagaiak, aldiz, %8,2 lortu ditu.
Lehen aldia izanen da eskuin muturra Baionako Herriko Etxean sartuko dela, bi leku lortu baititu kontseiluan.
Ezenarrok segituko du Hendaiako auzapez izaten
Kotte Ezenarro berriz hautatua izan da Hendaiako auzapez izateko: bozen %44,3 bildu ditu bigarren itzulian. Bigarren lekuan gelditu da Laetitia Navarron ezkerreko hautagaia, bozen %32,5 bildu baititu —EH Bai-k sostengatu du zerrenda—. Eta azken postuan, Tristan Proteau eskuindarra: %23,1.
Arostegi kanpo, Blanco izanen da Miarritzeko auzapez berria
Ofiziala da orain, Serge Blanco Maider Arostegiren aitzinetik pasa da Miarritzen: %42 lortu ditu Blancok, %32 Arostegik, eta %25 Ana Ezkurrak.
Aldaketa nagusi bat ekarriko du horrek, Arostegi Frantziako Errepublikanoen figura bat baitzen Ipar Euskal Herriko panorama politikoan. Baina hara, biziki gibelean baratu da emaitzetan, Blancoren gibelean hamar puntuz.
Lehen itzulian kasik ez zuten desberdinatsunik Blancok (%26,7) eta Arostegik (%26,6), baina Jean Baptiste Dussaussois Larralde makronistari batu zitzaion Blanco eta, antza denez, funtzionatu du taktikak. Arostegi, ordea, bakarrik gelditu zen bigarren itzulirako.
Ezkurra ezkerreko Biarritz Berri zerrendaburuari dagokionez, zortzi puntuz egin du gora, jakinez Guillaume Barrucqekin batu zela aste hasieran; azken horrek bozen %12,2 lortu zituen lehen itzulian.
Etxeleku hautatu dute Kanbon
Aldaketa izanen da Kanbon: Peio Etxelekuren zerrenda gailendu da —EAJko kidea da—, bozen %46,5 bildurik. Bigarren lekua lortu du orain arteko auzapez Christian Deveze zentro eskuindarraren zerrendak (%33,7) eta hirugarrena EH Baiko kide Argitxu Hiriart-Urrutiren zerrendak (%19,7).
Bokalen Horn izanen da auzapez
Mathieu Horn izanen da oraindik goiti Bokaleko auzapez. Bozen %37,38 lorturik, orain arteko auzapez Francis Gonzalezen aitzinean gelditu da (%17,84); hori aski ez, Gonzalez hirugarren baizik ez da iritsi, Guy Boulangeren gibelean (%29,85).
Azken baratu da Frantziako Alderdi Komunistako Helene Etxenike, bozen %14,92 lorturik.
Urruñan Etxebarne garaile
Auzapez berria ukanen dute urruñarrek. 2020an hautatua izan zen Filipe Aramendi auzapezak —EH Bai-k sostengatzen zuen zerrendak— ez du lehen lekua kausitu. Sebastien Etxebarne zentro zabaleko hautagaia izanen da Urruñako auzapez berria: bozen %48,4 bildu ditu. Bigarren lekuan gelditu da Aramendi ezkerreko hautagaia; bozen %37,6 lortu ditu. Azken lekuan iritsi da Martine Mignot Carme: bozen %13,9 baizik ez ditu bildu.
Arbonan Fourquet hautatu dute
Arbonan Guillaume Fourquet hautatu dute auzapez, 812 bozekin. Ezkerreko abertzaleak barne dituen Beñat Arlaren zerrenda da bigarren postuan, 689 boz bildurik.
Fourquet hemezortzi urtez auzapez egon den Marie-Josee Miallocqen lehen axuant egona da, baina ez zuen auzapez izanaren sustengurik bildu zerrenda osatzerakoan. Izan ere, Jacqueline Peigneguy Miallocqen bigarren axuant izanak ere zerrenda osatua zuen lehen itzulirako, haren babesarekin: bozen %26,2 bildu zituen, baina bigarren itzulirako erretiratu zen.
Beskoitzen Jocou garaile
Pascal Jocouk aitzina eginen du auzapez bezala, Beskoitzeko bozen %52,07 lorturik, lehen itzulian baino hiru puntu gehiago. Gibeletik zuen Catherine Errekarte, eta hark puntu bakar batez egin du gora: bozen %27,34rekin iritsi da bigarren.
Azken baratu da bigarren itzulian ere Theo Salomon ezkerreko zerrendaren burua, abertzaleak ere hartzen dituena: bozen %20,58 lortu ditu, lehen itzulian baino hiru puntu gutiago.
Jean-Francois Irigoienek segituko du Donibane Lohizunen
Jean-François Irigoien eskuindarra hautatu dute auzapez berriz ere Donibane Lohizuneko (Lapurdi) herritarrek: bozen %48,3 bildu ditu. Bigarren lekuan gelditu da Manuel De Lara zentro eskuinekoaren zerrenda (%27,2) eta hirugarrenean Paxkal Lafitte ezkerreko abertzaleak biltzen dituena (%24,3). Lehen itzuliko emaitzak baieztatu dira, beraz.
Luberriaga izanen da Azkaineko auzapeza
Auzapez berria izanen dute azkaindarrek, Benedicte Luberriaga. Herriko bozen bigarren itzulian bozen %42,7 bildu ditu. Elorri Manterola bigarren lekura iritsi da: EH Bai-k sostengatzen duen zerrendaren burua denak bozen %38,1 lortu ditu. Azkenik, Jean Louis Ladutxe, 2001etik 2014ra izan zena herriko auzapeza, hirugarren iritsi da: %19,1.
Auzapez berriak erran du «biziki» pozik dela bigarren itzuli horren emaitzak iragarri bezain laster. «Jende guziarekin lan eginen dut, kanpaina ontsa joan da, eta ez dut ikusten zendako ez dugun lortuko elkarrekin lan egitea. Gogoetatuko dugu nola elkarrekin lan egin», adierazi du Luberriagak.
Maulen Labadotek segituko auzapez
Konfirmatu da lehen itzuliko tendentzia: Louis Labadot orain arteko auzapezak auzapez segituko du beste sei urtez; Mauleko bozen %47,30 lortu ditu. Bigarren gelditu da berriz ere Beñat Elkegarai abertzalea, %34,82rekin; azkenik iritsi da Armanda Akoze %17,88rekin.
Sorpresa izan da Elkegaraik lehen itzulian baino emaitza hobea egin baitu, eta Labadotekiko zuen tartea ttipitzea lortu baitu. Joan den igandean hamabost puntuz baratu zen Labadoten gibelean, eta gaur, berriz, hamahiru puntuz.
Joan den asteartean Akoze eskuineko zerrendaren buruari egin zion aliantza proposamena Elkegarai abertzaleak. Akozek, ordea, ezezkoa eman zion, eta litekeena da haren zenbait bozkazale errekuperatu izana.
Aldi berean, Labadotek ere bozak irabazi ditu, hiru puntuz gora egin baitu lehen itzulitik.
Zenbaketan hasiak
Bozak zenbatzen hasiak dira bigarren itzulia egin duten herrietan: tentsio giroa nabarmena da, herri bat baino gehiagotan lehia estua espero baitute.

Bozka bulegoak hetsiak
Hetsi berri dituzte bozka bulegoak herriko bozen bigarren itzulia egin duten 11 herrietan —Arbona, Azkaine, Baiona, Beskoitze, Bokale, Donibane Lohizune, Kanbo, Maule, Miarritze, Hendaia eta Urruña—.
Pirinio Atlantikoetako prefeturak erran duenez, 17:00etan, departamenduko parte hartzea %51,7koa zen —ez dute Ipar Euskal Herrikoa zenbatekoa izan den zehaztu—.
Bozkalekuak 18:00etan itxiko dituzte, eta pittaka hasiko dira emaitzak iristen. Horiek jaso ahala, zuzeneko honetan kontatzeaz aparte, herri bakoitzeko emaitzak eta grafikoak orrialde honetan bilduko ditu BERRIAk.
Herriko bozen lehen itzulian erabaki ziren Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako auzapez berri gehienak, baina 11 herritan lista bat baino gehiagok lortu zuten bigarren itzulira igatea, eta gaur trenkatuko dute 11 herriko etxe horietan nortzuek aginduko duten. Arbona, Azkaine, Baiona, Beskoitze, Bokale, Donibane Lohizune, Kanbo, Maule, Miarritze, Hendaia eta Urruña dira herri horiek.
BERRIAk zuzenean emanen du herriko bozen berri, emaitzak eta erreakzioak jaso ahala, zuzeneko kontakizun honetan.