Etxegarairi ez diote kendu auzapez lekua

Ezkerreko aliantzak ez du lortu Etxegarai garaitzea, hark bozen %50,7 bildu baititu Baionako herriko bozetan. Ezkerreko aliantzak %41 eskuratu ditu, eta eskuin muturrak, %8,2. Lehen aldiz, eskuin muturrak ordezkaritza ukanen du herriko kontseiluan.

Jean Rene Etxegarai auzapez hautatua izan berri, herriko bozen bigarren itzulian, igandean, Baionako herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU
Jean Rene Etxegarai auzapez hautatua izan berri, herriko bozen bigarren itzulian, gaur, Baionako herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2026ko martxoaren 22a
22:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko bozen bigarren itzuliko emaitzak agertu dira: Jean Rene Etxegaraik ez du utziko auzapez lekua. Bozen %50,7 bildu ditu Baionako orain arteko auzapezak, eta, beraz, beste agintaldi bat eginen du, hirugarrena. Jean-Claude Iriart ezkerreko hautagaiak bigarren lekua kausitu du, bozen %41 lortu baititu —aliantza egina zuen Henri Etxetorekin—. Eta Pascal Lesselier eskuin muturreko hautagaia izan da hirugarren, bozkatzaileen %8,2 bildurik. Lehen itzuliari konparatuz, Etxegaraik 1.850 boz gehiago bereganatu ditu; ezkerrak, aldiz, 1.001 boz gutiago, eta Lesselierek, bestalde, 428 gutiago. Lehen itzulian bozkatu ez zuten 483 bozkatzailek bozkatu dute bigarren itzulian.

Emaitzak argitaratu bezain laster, Etxegarai «kontent» agertu da, bereziki herriko kontseiluan gehiengo osoa lortu baitu. Baionesek «egonkortasuna» atxiki nahi izan dutela erran du, parean zituen aliantzei erreferentzia eginez, eta beraz, uste du «arrazoiak» irabazi duela. «Ez nuke erranen zaila izan dela: bakoitzak bere tesia landu du, ideiak defendatu ditugu. Eskuin muturraren kontra borrokatu naiz, ezker errepublikanoaren kontra eta abertzaleen kontra ere bai», gehitu du Baionako auzapezak.

Lehen itzulian, martxoaren 15ean, Etxegaraik bozkatzaileen %42,1en babesa jaso zuen, parean zituen beste lau zerrendei gailenduz. Gibeletik zituen ezkerreko Jean Claude Iriart (%21,99), eta Henri Etxeto (%21,37). Pascal Lesselier eskuin muturrekoaren zerrendak lorpen harrigarria izan zuen: bozen %10,7 bildu zituen, eta bigarren itzulirako lekua lortu. Emaitzak ikusirik, ezkerreko bi hautagai nagusiek, Henri Etxetok eta Jean-Claude Iriartek, aliantza historikoa egin zuten bigarren itzulirako, baina aliantzak ez du eman ezkerreko hautagaiek espero zutena, eta Iriartek hala aitortu du: «Emaitza onartu behar dugu: demokraziaren giltza hori da. Aukera bat izan nahi genuen alternantzia nahi zutenentzat, baina gehiengoak ez du hori nahi izan; beraz, onartzen dugu, eta kito. Kontent gara eraman dugun kanpainaz, ontsa ari izan baikara sentsibilitate desberdinekoen artean. Landatu ditugun haziek zerbait emanen dute goiz ala berant. Baionesen hautua errespetatu behar da», adierazi du Iriartek, euskal hedabideen emankizunean egindako adierazpenetan.

Etxegarairen lekua aldatu ez bada ere, aldaketa historiko bat gertatuko da Baionako herriko kontseiluan, eskuin muturrak ordezkaritza ukanen baitu; orotarat, bi leku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA