Ofiziala da orain, Serge Blanco Maider Arostegiren aitzinetik pasatu da Miarritzen (Lapurdi): botoen %41,9 lortu ditu Blancok, %32,2 Arostegik, eta %25,8 Ana Ezkurrak. Blanco euskal hedabideei mintzatu zaie: «Duela zenbait urte ez genuen batere pentsatzen ahalko halakorik posible zenik! Abendutik, ene burua aurkeztu nuenetik, ikusi genuen miarriztarrek aldaketarako gogoa zutela, zerbait berriren ikusteko gogoa, bihotzarekin hitz egin diezaiegun... Orain lanaren bidez eginen dugu aitzina; Miarritzeko langile guztien ikustera joanen naiz, berriz has gaitezen, irriarekin».
Bere pareko zerrendaburuei buruz deus ez du erran nahi izan, «ez onik ez txarrik»: «Ez gaituzte sekula errespetatu, egin beharko zuten bezala; orduan, deus ez dut kritikatuko». Peio Abeberri zerrendakideak ere hitza hartu du: «Emaitza ederra da. Badu bi urte lanean ari garela karraskan, eta badu bizpahiru aste sentitzen dugula dinamika berezi bat Miarritzen. Herritarrek aldaketa bat nahi zuten, aliantza egin dugu, miarriztarrekin lan egin, mintzatu, eta lortu dugu!».
Ikusi gehiago
Aldaketa nagusi bat ekarriko du horrek, Arostegi Frantziako LR Errepublikanoen figura bat baita Ipar Euskal Herriko panorama politikoan. Baina hara, biziki gibelean baratu da emaitzetan; Blancoren gibelean hamar puntuz, hain zuzen ere. Lehen itzulian kasik ez zuten desberdintasunik Blancok eta Arostegik, baina Jean Baptiste Dussaussois Larralde macronista batu zitzaion Blancori, eta, antza denez, funtzionatu du taktikak.
Horrela bukatu zen lehen itzulia: Blanco errugbilari profesional ohiak bozen %26,7 bildu zituen, eta, hurbil-hurbiletik, Maider Arostegi eskuineko auzapezak %26,6 lortu zituen;Â hots, hamabi boz gutiago baizik ez. Gibeletik ukan zituzten Ana Ezkurra ezkerreko zerrenda herritarraren burua (%17,8), Jean Baptiste Dussaussois Larralde macronista (%13,1) eta Guillaume Barucq zentrista (%12,1).
Blancoren zerrendak lehen itzuliko batuketa baino urrunago joatea lortu du: Dussaussois Larralderen hamabi puntuak batu bakarrik ez, denera hamasei puntuz egin du gora bigarren itzulian.
Ikusi gehiago
Arostegi, ordea, bakarrik gelditu zen bigarren itzulirako, eta nabaritu da hori Blancorekin duen tartean, sei puntu baizik ez baitu gora egin; hor, agian, Richard Tardits eskuin muturreko zerrendaburuaren boz batzuk bilduko zituen, hura bigarren itzulitik kanpo geratu baitzen igandean. Segur aski, izan dira Tarditsen bozkatzaile batzuk Blancoren alde egin dutenak, azkenean.
Ezkurraren Biarritz Berri zerrendari dagokionez, zortzi puntu egin du gora, jakinez Guillaume Barrucqekin batu zela aste hasieran; azken horrek bozen %12,2 lortu zituen lehen itzulian. Hor, beraz, galdu dituzte nonbait alde bateko edo besteko bozak bigarren itzulian, orotara ez baitira iritsi bi hautagaien lehen itzuliko kopuruetara.
Kanbon, Deveze kanpo
Kanbon ere aldaketarako garaia heldu da: Christian Devezek kargua utzi beharko du, Peio Etxelekuk har dezan. Lehen itzulian ere Etxeleku izan zen lehen, bozen %39,6 lorturik: oraingoan %46,5 lortu ditu. Devezek botoen %33,7 eskuratu ditu, eta Argitxu Hiriart Urrutik, %19,7. Euskal Hirigune Elkargoko hauteskundeei begira, hots, hirugarren itzuliari begira, anitzik ez du mintzatu nahi izan Etxelekuk, eta, lehendakarigai aurkeztuko denetz galdetu diotelarik, galdera saihestu du, kanpaina hatsarretik egin duen bezala.
Lehen hitzaldietan, Devezek onartu du Etxelekuren garaipena «argia» dela, eta hitzeman du hautetsi egonen dela 1995etik orain arte bezala, urte horietan guzietan ez baita «Kanboko auzapeza baizik izan». Hots, bizi politikoak aitzina eginen du Kanbon ere, oposizioekin, nola ez.
Hiriart Urruti, aldiz, bortitzago mintzatu da, eta Etxelekuren taktikak gaitzetsi: «Jendeek ez zuten Deveze pasatzea nahi, eta Peio Etxelekuk dena egin du beldur hori sarrarazteko. Gure bozkatzaile batzuek pentsatu dute galdua genuela aldez aitzinetik; beraz, Etxelekuren alde egin dute». Bestalde, Marieneko lurren inguruko «borrokaren fruituak ebatsi» izana leporatu dio Etxelekuri. «Ez da ahantzi behar bere zerrendan badituela hiru hautetsi Marieneko proiektuaren alde bozkatu zutenak; beraz, Labeguerieren Gaztedi berria kantatzen entzuten ditudalarik, faltsukeria horrek min egiten dit».
Marieneko aferaz, Etxelekuk erran du «gai korapilatsua eta konplikatua dela», juridikoki elementu anitz onartuak izan baitira jadanik. Baina, aldi berean, «kanboarren gehiengo handi batek eza adierazi dio proiektuari», orduan hori «entzun» eta «demokrazia» ariketa bat egin beharko lukete Etxelekuren zerrendakoek. Demokrazia eredu horri jarraikiz mintzatu beharko dute oposizioko hautetsiekin ere; Hiriart Urrutiren kritikak entzunik ere, kontsideratu du biek ala biek «maite» dituztela «Kanbo eta kanboarrak». Hala, espero du nola edo hala gai izanen direla elkarrekin lan egiteko.
Hiriart Urruti, ordea, oro har kexu agertu da Etxelekuren jarrerarekin: «Gurekin aritu da lanean Devezeren zerrendatik ateratzean, uste genuen gurekin zela, baina ohartu gara azken finean bere alde ari zela, baina pentsatuz boterea hartu behar zuela, eta horretara arribatu da, gure bozak ebatsiz. Bi postu bakarrik lortu ditugu: ikusiko dugu nola joanen den, baina hor izanen gara, langileak gara, eta zer eginen duten zainduko dugu».