Ezkerreko abertzaleak biltzen dituzten zerrendek ez dute kausitu lehen postua bigarren itzulia egin den herri gehienetan. Herri anitzetan oposizio lana egin beharko dute datorren agintaldian, baina ukanen dituzten kontseilarien kopurua emendatu dutela nabarmendu dute: Baionan, Miarritzen, Hendaian, Maulen eta Azkainen, kasurako. Hendaian eta Maulen kausituriko emaitzez «kontent» agertu dira, beraz. Bokalen (Lapurdi), haatik, ezkerreko abertzaleak dituen zerrenda heldu da lehen postura: Mathieu Hornek bozen %37,3 bildu ditu: emaitza «historikoa» dela erran dute.
EH Baiko eledun Txomin Casteigtsek erran du «irakurketa baikorra» egiten dutela eta «sentsazio onarekin» ateratzen direla bozen irakurketa orokorra eginik. Herriko kontseiluetan lortutako hautetsi kopurua «emendatu» dela segurtatu du, baita lortutako boz kopurua ere. Lehen postuetara ez iritsi arren —Bokalen salbu—, erran du ez dela «dezepziorik» izan. «Maulen asko igo gara; lehen aldiz bigarren iritsi da abertzaleak dituen zerrenda bat, eta aldea ttipitu du Labadotekin alderatuta. Baionako emaitzari so, gibeltasuna hartu behar da: ezkerreko abertzale batek bozen %40 lortu ditu; nork pentsa zezakeen halakorik duela hamabost urte?». Bestalde, Euskal Elkargoan eragiteko indar gehiago izanen dutela uste du, eta erran du lurraldeko bilakaera instituzionalaren alde ariko direla lanean.
Ikusi gehiago
Nolanahi ere, Baionako auzapez izaten segituko du Jean Rene Etxegaraik. Ezkerreko bi hautagai nagusiek, Henri Etxetok eta Jean-Claude Iriartek, aliantza historikoa lortu zuten bigarren itzulirako, baina ez da nahikoa izan Etxegarairi lekua kentzeko. Horrela mintzatu da Iriart, euskal hedabideen emankizunean egindako adierazpenetan: «Emaitza onartu behar dugu, demokraziaren giltza hori da. Alternantzia nahi zutenentzat nahi genuen aukera bat izan, baina gehiengoak ez du hori nahi izan, beraz onartzen dugu, eta kito. Kontent gara eraman dugun kanpainaz, ontsa pasatu baita sentsibilitate desberdinen artean. Landatu ditugun haziek zerbait emanen dute goiz ala berant. Baionesen hautua errespetatu behar da». Etxegaraik bozen %50,9 lortu ditu; Iriartek, %41,01; eta eskuin muturreko Pascal Lesselierrek, %8,4. Herriko kontseiluan ordezkaritza izanen du eskuin muturrak, beraz, lehen aldikoz.
Urruñan (Lapurdi) izan da beste galera sinboliko bat: 2020an hautatu zuten Filipe Aramendiri (EH Bai) gailendu zaio Sebastien Etxebarne zentro eskuineko hautagaia. Bozen %48,4 bildu ditu, eta alde nahiko handia atera dio Aramendiri, ia 11 puntu, bozen %37,6 kausitu baititu orain arteko auzapezak. Martine Mignot-Carme eskuindarra jalgi da hirugarren (%13,9). Filipe Aramendik erran du urruñarrek «eskuineko kudeaketa baten alde» egin dutela: «Bigarren indarra gara, baina baikorki nahiko nuke erantzun, nahiz eta ez dugun irabazi: gero eta urruñar gehiago konbentzitu ditugu, ekipa bat gara, gazteak baditugu, eta lan hori segituko dugu gerora begira ere. Abentura izugarria izan da sei urteotakoa, eta indar hori ez da horrela geldituko. Indar horrek segituko du, interes orokorraren zerbitzurako beti».
Aramendik erran du, bestalde, argi agertu dela Mignot-Carmeren hautesleek bigarren itzulirako Etxebarneren hautua egin dutela. «Urruñarrek eskuineko kudeaketa hautatu dute berriz. Beren hautua asumitu beharko dute, eta ondoko aste eta hilabeteetan ikusiko dugu nola aldatuko diren gauzak. Baina jakin dezatela gu hor izanen garela beti». Casteigtsek onartu du «dezpezio» bat dela: «Ez dugu kontrakorik erranen». Nolanahi ere, zoriondu du Aramendi egindako lanagatik, eta erran du gerora begira «aukera onak» etor daitezkeela.
Ikusi gehiago
Miarritzen (Lapurdi), Serge Blanco errugbilari ohia hautatu dute auzapez (%42); bigarren jalgi da Maider Arostegi eskuineko orain arteko auzapeza (%32), eta hirugarren postuan gelditu da Ana Ezkurra buru zuen zerrenda (%25). Guillaume Barucqekin aliantza egina zuen ezkerreko abertzaleak biltzen dituen Ezkurraren zerrendak, baina lehen itzuliko emaitzekin alderatuta, 400 bat boz gutiago bildu ditu zerrenda bateratuak.
Kanbon (Lapurdi) Peio Etxeleku EAJko kidea nagusitu da: bozkatzaileen %46,5ek egin dute haren alde. Orain arteko auzapez Christian Deveze zentro-eskuindarraren zerrenda jalgi da bigarren (%33,7). Nahi Dugun Herria zerrendako buru eta EH Baiko kide Argitxu Hiriart Urrutiren zerrenda heldu da hirugarren (%19,7). Lehen itzuliarekin alderaturik, puntu batzuk galdu ditu Hiriart Urrutiren zerrendak: «Jendeek ez zuten Deveze pasatzea nahi, eta Peio Etxelekuk dena egin du beldur hori sarrarazteko. Gure bozkatzaile batzuek pentsatu dute galdua genuela aldez aitzinetik, beraz Etxelekuren alde egin dute».
Bestalde, Marieneko lurren inguruko «borrokaren fruituak ebatsi» izana leporatu dio Hiriart Urrutik Etxelekuri. «Ez da ahantzi behar bere zerrendan badituela hiru hautetsi Marieneko proiektuaren alde bozkatu zutenak, beraz entzuten ditudalarik kantatzen Labeguerieren Gaztedi berria, faltsukeria horrek min egiten dit». Etxelekuren jarrerarekin kexu agertu da: «Gurekin aritu da lanean Devezeren zerrendatik ateratzean, uste genuen gurekin zela, baina ohartu gara azken finean bere alde ari zela, baina pentsatuz boterea hartu behar zuela, eta horretara arribatu da, gure bozak ebatsiz. Bi postu bakarrik lortu ditugu, ikusiko dugu nola joanen den, baina hor izanen gara, langileak gara, eta zer eginen duten zainduko dugu».
Maulen ez da aldaketarik izan: Louis Labadot komunista izanen da auzapeza, berriz ere (%47). Beñat Elkegarai (EH Bai) buru duen zerrenda bigarren postura ailegatu da (%35), eta zentro eskuineko Armande Accocena hirugarren (%18). Horrela mintzatu da Elkegarai: «Galdu dugu beste behin, baina halere emaitza aski ona da. Bildu ditugu 631 boz, ez genuen sekula halako jauzirik egin».
Azkainen (Lapurdi) Benedicte Luberriaga izanen da auzapez berria (%42,7). Bigarren lekua erdietsi du Elorri Manterola buru duen eta EH Baik sustengatzen duen zerrendak, bozen %38,1 erdietsirik. Hirugarren postuan gelditu da Jean-Louis Laduche (%28,3).
Hendaian (Lapurdi) Kotte Ezenarrok segituko du auzapez. Bigarren indarra izatera heldu da da Laetitia Navarron, ezkerreko abertzalekoen zerrendaburua, lehen itzuliarekin alderatuta bi puntu gora eginik: «Ez da aski izan alternatiba izateko, baina oso pozik gara sekulako urratsa egin dugulako, are gehiago gaurko emaitzarekin. Argi da Hendaiako gizartean zerbait gertatu dela», erran du. Halere, erran du Ezenarrok eskuineko bozkatzaileen babesa jaso duela: «Udaletxe desberdina ukanen dugu, ez da gehiago ezkerreko gehiengo bat, zentrora iritsi gara, eta gaur Ezenarrok eskuinaren babesa jaso du botoetan, [Tristan] Proteau eskuindarraren boto batzuk Ezenarrori bideratu zaizkiolako, eta beste dinamika bat izanen da mandatu honetan. Dena den, oposizio sendo bat eraikiko dugu, herritarrei lotua».
Arbonan (Lapurdi) ere oposizio lanetan jardun beharko du Beñat Arlak (EH Bai), eta mindurik mintzatu da: «2014an jadanik 614 boz inguru egiten genituen, eta beti horren inguruan gara. Kanpotik jende asko etorri da, eta besteentzat bozkatzen dute. Herria zatitua da: euskaldunak eta euskaltzaleak alde batean, eta besteak bestean», erran du. Azken kargualdietan gertatutakoarekin «kolpatua» dela erran du, eta ez duela «ahazten zer gertatu den 2014an eta 2020an».
Bokalen garaile
Bokalen (Lapurdi), aldiz, EH Bairen sustengua zuen zerrenda nagusitu da: Matthieu Horn izanen da auzapez berria, bozen %37,4 bildurik, eta orain arteko auzapez Francis Gonzalezen aitzinean gelditu da (%17,84); hori aski ez, Gonzalez hirugarren baizik ez da iritsi, Guy Boulangeren gibelean (%29,85). Azken baratu da Frantziako Alderdi Komunistako Helene Etxenike, bozen %14,92 lorturik. Txomin Casteigtsek erran du «emaitza historikoa» dela.