Katalunia

Turull, neurtzen dakien buruzagia

Gaztetatik da politikagintzan aritua Turull; atzera egitea egokitu zitzaion Masek "aurpegi berriak" eskatu zituenean; ordea, denborarekin, Puigdemonten gertuko bilakatu da.

Jordi Turull, artxiboko argazki batean. JAUME SELLART, EFE
2018ko martxoaren 22a
14:58
Entzun

"Irabaziko dugu, [Espainiako] Estatua demokratikoki gaindituko dugulako", iragarri zuen Jordi Turullek (Parets del Valles, Katalunia, 1966) iazko irailean Biltzar Nazional Katalanaren euskal adarrak Bilboko Kafe Antzokian antolatutako mahai inguruan. Erreferendumerako kanpaina betean zeuden orduan Katalunian, eta hari sostengua emateko antolatu zuten eztabaida bera ere. Bertan, Turullekin batera aritu ziren ERCko Joan Tarda, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta EAJko Joseba Egibar.

Baina igaro zen urriaren 1a ere, eta gauzak ez ziren espero bezala irten. Turullek, Generalitateko presidentetzako kontseilari orduan, atzera egin behar izan zuen Carles Puigdemontekin batera, eta Espainiako Gobernuak ezarritako bozak onartu. Ez zen lehen jasotzen zuen lehen kolpea, ez eta jasoko zuen azkena ere.

Nerabe zela sartu zen Turull politikagintzan, Convergenciaren (CDC) eskutik, eta 24 urterekin zinegotzi aukeratu zuten. Gerora, 2006an, beste jauzi bat egin eta diputatu aukeratu zuten, eta 2013an CiUko talde parlamentarioko buru. 2014an, bera izan zen Espainiako Kongresura hitzartutako erreferendum bat egiteko proposamena aurkeztera joan zen hiru diputatuetako bat.

CiU desegin eta PDeCAT sortu zenean haren izena aipatu zen alderdia zuzentzeko. Ordea, Artur Masek aurpegi berriak nahi zituen, alderdieren inguruko ustelkeria auziak isilarazteko. Horiek hala, atzera egin zuen Turullek, Marta Pascalen mesedetan. Ordurako, Junts per Si koalizioko talde parlamentarioko buru zen, eta baita Carles Puigdemonten gertuko ere. Erreferendumerako aste batzuk falta zirela, Puigdemontek aldaketak egin zituen gobernuan hura "sendotze" aldera; Turull presidentetzarako kontseilari izendatzea izan zen horietako bat.

Prozesu osoan zehar izandako rola garesti ordaindu du, ordea. Izan ere, Espainiaren kontrako indarkeriazko matxinada baten arduradunetako bat zela argudiatuta, haren aurkako espetxeratze agindua eman zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak 2017ko azaroan. Turullek hilabete egin zuen preso, eta abenduan atera zen aske, 100.000 euroko bermea ordainduta.

Lamelak hasitako auzibidea bere gain hartu du Goreneko epaile Pablo Llarenak, eta hari dagokio orain Turullen aurkako prozesua jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.