Espainiako bozak

Gako eta galdera ugari, ezohiko kanpaina baterako

Gauerditik aurrera botoa eskatzeko aukera dute Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartzen duten alderdiek. Maiatzeko bozen atariko izango dira, eta udaberriko oporraldien erdian egokitu dira.

Espainiako bozetarako hautetsontziak, Madrilen. CHEMA MOYA, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 11
13:04
Entzun

Gauerdian hasiko da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Alderdi eta koalizioek apirilaren 26ko gauerdira arte izango dute botoa eskatzeko aukera. Apirilaren 28ko bozetan, Espainiako Kongresurako eta Senaturako ordezkariak aukeratuko dituzte Hegoaldeko euskal herritarrek, lurraldez lurralde. Kongresurako, 7 diputatu hautatuko dituzte Bizkaian, 6 Gipuzkoan, 4 Araban eta 3 Nafarroan. Bereziak izango dira hauteskunde horiek, besteak beste, maiatzekoen atariko izango direlako: maiatzaren 26an, berriz ere bozkatzera joan beharko dute euskal herritarrek —Europakoez gain, udal eta foru bozak dira Hegoaldean—.

Horra apirilaren 28ko bozetarako beste gako batzuk:

-Oporraldiaren erdian. Opor garaian egingo dira bozak, eta herritar asko Euskal Herritik kanpo egongo da atseden hartzen. Horrek, zalantza barik, eragina izan dezake bai abstentzioan, bai posta bidezko boto kopuruan —postaz bozkatzeko jakingarriak, hemen—. Araban, are gehiago nabarituko da hori. San Prudentzio Arabako zaindaria apirilaren 28an da. Igandea, aurten. Beraz, jaieguna hurrengo egunera pasatu dute. Astelehenera. Maiatzaren 1eko jaiegunarekin zubia hartzeko asmoa dute arabar askok, eta, hartara, ez dira etxean egongo hauteskunde egunean.

-Pantaila txikian ere bai? Iazko abenduan, Espainiako Datuen Babeserako Lege Organiko berria onartu zuten Senatuan. Aurrerantzean, alderdi politikoek eskubidea izango dute sarea arakatuz herritarren profil ideologikoak sortu eta hauteskunde propaganda edozein komunikazio bidetatik igortzeko. Hala, sakelako telefonora, posta elektronikora eta sare sozialetara ere propaganda bidaltzeko aukera dute alderdiek. Ikusteko dago kanpaina honetan zenbateraino arakatuko dituzten bide horiek.

-Ezegonkortasuna Madrilen. Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren ondoren datoz aurtengo hauteskundeak —hirugarrenak lau urteko epean—. Rajoyren azken agintaldiaren ezaugarria izan da gehiengorik eza: alderdi berriak agertzeak eta egoera politikoak —Kataluniako auzia adibide—, besteak beste, gehiengoak osatzeko zailtasunak ekarri dizkiete Espainian historikoki nagusi izan diren alderdiei. Pedro Sanchezek berak gehiengo estu batekin hartu zuen kargua, eta ezin izan zuen askorik garatu; aurrekonturik aurrera atera ezinda, otsailean deitu zuen hauteskundeetara Pedro Sanchezek.

CISen azken inkestaren arabera, PSOEk erraz irabaziko lituzke Espainiako bozak. Hego Euskal Herrian, EAJk 6 diputatu lortuko lituzke, EH Bilduk 3-5 eta Navarra Sumak 1-2. Unidos Podemosen kasuan, gainbehera dezentekoa iragarri dute inkestek; Hegoaldean, esaterako, diputatuen erdiak galduko lituzke.

-Nafarroari begira, Espainiako eskuina batuta. Foru bozen atariko izango dira Nafarroan apirileko hauteskundeak. 2015ean UPN gobernutik kentzea lortu ondoren, aldaketaren bideari eustea izango da laukoaren erronka, eta indarrak batzeko hautua egin dute eskuin espainiarzaleek. Navarra Suma koalizioa osatu dute UPNk, PPk eta Ciudadanosek, Espainiako bozetarako ere bai, baina batez ere, laukoa gobernutik ateratzeko helburuz. Haien hitzetan, "abertzaletasunaren aurrerakadaren aurrean harresi" izatea. Mugimendu horrekin ahalik eta boto gehiena bildu nahi badute ere, UPNk arriskuak hartu ditu.

Aldaketako indarrek ere badakite hori. 2016ko abenduko hauteskunde orokorretan bezala, Aldaketa izeneko hautagaitza bateratua aurkeztu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, Senaturako. Eskuin espainiarzaleak "Nafarroako autogobernua kolpe bakarrean eraitsi" nahi duela ohartarazi zuten: "Duela lau urte bezala, urrats bat aurrera egin dugu". Kongresura nor bere aldetik joango dira.

-EAJ eta EH Bildu, "erabakigarri" izateko lehian. Hego Euskal Herriko indar nagusiek agertu dute Madrilen "erabakigarri" izateko borondatea. Hala adierazi dute, eta erakutsi ere egin nahi izan dute azken asteetan. Joan den astean, esaterako, Diputazio Iraunkorra bildu zen Madrilen, Gorteak deseginda zeudela. Sanchezen gobernuak sei dekretu onartu zituen han, eta EAJren eta EH Bilduren botoak ezinbestekoak izan ziren horretarako.

Jeltzaleek, esaterako, "eragiteko eta erabakitzeko ahalmenak EAJren esku" jarraitzen duela nabarmendu zuten jeltzaleek. "EH Bildu erabakigarria da autogobernua defendatzeko, eskubide sozialen alde eta faxismoaren kontra", esan zuten EH Bilduko ordezkariek.

-Kanpainako ekitaldiak. Iluntzean egingo dituzte kanpaina hasierako ekitaldiak. EAJk, EH Bilduk, EAEko EPk eta PPk Gasteizen ekingo diote kanpainari; PSE-EEk, Bilbon; Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik, Iruñean —EH Bilduk han ere egingo du—; eta Nafarroako UPk, Antsoainen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.