Albistea entzun

autogobernua

Eskumenak eperik gabe negoziatzen ari dira orain Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua

Jaurlaritzak hauteskunde kanpaina hasi baino lehen itxi nahi zuen lau eskumenen transferentzia, baina "sakoneko desadostasunak" agertu dira azken orduetan.

Josu Erkoreka, gaur, kazetariei azalpenak ematen.
Josu Erkoreka, gaur, kazetariei azalpenak ematen. / Irekia

Jon O. Urain -

2019ko apirilak 12

Azken bi egunak transferentziak negoziatzeko mahai teknikoan ados jarri ezinik igaro ondoren, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua jada eperik gabe ari dira negoziatzen legez Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden lau eskumen. Bizkaiko eta Arabako AP-68aren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteen eraginez kaltetutakoentzat eta eskola asegurua dira mahai gainean dauden eskumenak.

Gauerdian hasi da apirilaren 28ko hauteskundeen kanpaina, eta hura hasi aurretik itxi nahi zuen akordioa Jaurlaritzak. Ez da posible izan; atzo, Jaurlaritzak zioen "xehetasun batzuk" baino ez zirela falta bi aldeak ados jartzeko, baina arratsaldean jakinarazi zuen "sakoneko desadostasunak" zituztela alor ekonomikoan.

Gaur, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak eman ditu negoziazio prozesuari buruzko azalpenak: "Elkarrizketak akordiorik gabe bukatu genituen, baina Eusko Jaurlaritzaren jarrera berdina da; gu ez gaude hauteskunde kanpainan, prest gaude datozen egun eta asteetan negoziatzen jarraitzeko, bidean dauden transferentziak gauzatu ahal izateko". Atzo, "ezinezkoa" zen akordioa, baina ezein gobernuk ez ditu elkarrizketak apurtutzat eman, Erkorekaren arabera.

Erkorekaren hitzetan, kontuan hartu behar da eskualdaketa guztiak "artisautza lan bat" direla: "Hemen, gure eskumenak, arlo askotan, bereziak dira, eta eskualdaketak ere modu berezian diseinatu behar dira. Bestalde, gure finantzaketa sistema itunpekoa da. Biengatik, eskualdaketa guztiak banan-banan landu behar dira. Lanketa horretan aurrerapauso nabarmenak eman ditugu, arlo juridikoan asko aurreratu dugu, eta posizioak hurbildu dira, baina arlo ekonomikoan ez dira oraindik behar adinako hurbilketak gauzatu".

Desadostasun ekonomiko horien berri ere eman du. Azaldu duenez, "eskualdaketen eduki ekonomiko-finantzarioari dagokionez azken 30 urteetan" defendatu izan duen planteamendu "bera" babestu du Jaurlaritzak, "eskualdaketa guztietan orain arte jaso izan dena, duela bost hilabete eginikoetan barne". "Funtsean", hori izan da akordioa ezinezko egin duena, baina Jaurlaritzak "zabalik" jarraitzen du: "Gobernu zentrala prest dagoen heinean, gu hemen egongo gara, ahalegin guztiak egiteko".

Espainiako Gobernuak urtarrilean prestatu zuen egutegi bat, 1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion eskumen gehienak eskualdatzeko. 37 dira oraindik Madrilen kudeaketaren pean daudenak, eta horietatik 33 jaso zituen PSOEren gobernuak egutegi horretan. Hiru fase bereizi zituen horretarako, eta aurrenekoan zazpi jaso zituen. Zazpi horien artean daude orain mahai gainean dauden laurak. Aste batzuk geroago, ordea, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu zuen Pedro Sanchezen gobernuak. Jaurlaritzak esan izan du apirilaren 28ra arteko epea dagoela eskumenak negoziatzeko, baina, oraingoz, ez dute egutegi horretako eskumen bat eskualdatzea lortu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Iosu Alberdi

Euskararen kontrako «erasoei» aurre egiteko, hizkuntzaren inguruko herri akordio bat proposatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari
 ©JON URBE / FOKU

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

X. Martin

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».
Sareren manifestazioa Santurtzin, gaur zortzi. ©Aritz Loiola / Foku

Beste sei preso Euskal Herriratuko dituzte

Jon O. Urain

Gainera, beste euskal preso bat lekualdatuko dute Iruñetik Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako kartzelaren batera.

Lau kideak hil zituzten gunea, Pasai Donibanen. ©Andoni Canellada / Foku

Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egingo dute

Xabier Martin

Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten polizia operazio horretan, eta idenfikazio proba batera deitu du epaileak lekuko bakarra: Joseba Merino. Martxoaren 28an du ordua, Donostiako epaitegietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.