Sanferminetako talde erasoa

Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 21ean ebatziko du sanferminetako erasoaren auziko helegiteez

Alde guztiek aurkeztu dituzte helegiteak: biktimak, Fiskaltzak, bost kondenatuen defentsa abokatuek eta herri akusazio gisa ari diren Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak.

Sanferminetako bost erasotzaileak baldintzapean aske uztearen kontrako protesta, iazko ekainean, Iruñean. IDOIA ZABALETA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 7a
07:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren salak ezarri du data: ekainaren 21ean ebatziko du 2016ko sanferminetan emakume batek jasan zuen talde erasoaren auziari buruz. Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zien Nafarroako Lurralde Auzitegiak erasotzaileei, eta zigor hori berretsi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak iazko abenduan. Epaiaren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten alde guztiek eta helegite horien gainean erabakiko du Auzitegi Gorenak, ekainaren 21ean.

Andres Martinez Arrieta izango da auzia aztertuko duen aretoko presidentea. Harez gain, Francisco Monterde, Ana Ferrer, Vicente Magro eta Susana Polo magistratuek parte hartuko dute ebazpenean.

Alde guztiek jarri dute zigor epaiaren kontrako helegitea. Bost akusatuei egotzitako delituen kalifikazioa aldatzeko eskatu du Fiskaltzak: sexu abusuengatik ez, baizik eta sexu erasoengatik zigortzea. Hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu du erasotzaile bakoitzarentzat. Aldiz, erasotzaileen defentsa abokatuek uste dute Nafarroako Probintzia Auzitegiak "presio mediatikoak" baldintzatuta eman zuela epaia.

Zigortutako bostak aske daude behin behinean. Epaia irmoa izan artean ez espetxeratzeko erabakia hartu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak, fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta herri akusazioen eskariak baztertuta.

Epaiketa, Bilbon

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak epaiketa hasiko du, gaur, hiru gizonezko aurka, 18 urteko neska bati sexu erasoa egitea egotzita. 2017ko urtarrilaren 14an, emakumeaz abusatzea, erasoa sakelakoarekin grabatzea eta bideoa sare sozialetan zabaltzea leporatzen diete. Beren kontra eskatzen diren zigorren batura 80 eta 100 urte artekoa da. Akusatuetako bik 20 urte dituzte, eta hirugarrenak 28 urte ditu.

Emakumezkoari Bilboko Santutxu auzoan egin zioten eraso, diskoteka batetik irteterakoan. Biktimak salaketa aurkeztu zuenean azaldu zuenez, ondoezik sentitu zen eta zorabiatu egin zen. Handik denbora batera, biluzik esnatu zen, eta alua minduta zuela. Basurtuko ospitalera joan zen, eta bertan baieztatu zioten bortxatu egin zutela.

Erasoa gertatu zen inguruan kokatutako segurtasun kamera bati esker identifikatu zituzten akusatuak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.