Reala, Espainiako Kopako finalean

Nerea Eizagirre: "Borrokan eta ilusioan hobeak gara"

Granadan jokatuko da partida, eta han izango da BERRIA ere. Ainara Arratibel kazetaria eta Lara Madinabeitia bideogilea egun osoz izango dira jokalari eta zale txuri-urdinekin. Txuri-urdinak iritsi dira dagoeneko Granadara.

arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 10a
10:56
Entzun

Eguerdian abiatu dira Realeko jokalariak Granada aldera. Han jokatuko dute bihar iluntzean Espainiako Kopako finala, Atletico Madrilen aurka. Partida bera 20:30ean hasiko da, baina kalean goizean goizetik nabarituko da zaleen presentzia. Gaur arratsaldean egin dute agerraldia Marta Cardona eta Nerea Eizagirre Realeko jokalariek, Gonzalo Arkonada entrenatzailearekin batera. Arkonadak nabarmendu du lasai ikusi dituela futbolariak, "ondo lehiatzeko tentsioarekin eta ideiak argi".

Eizagirrek esan duenez, "egindako lanaren saria" da Espainiako Kopako finala jokatu ahal izatea, eta lasai daudela azaldu du. Pozik agertu da taldeak urte osoan egindako lanarekin, eta adierazi du "ziur" dagoela, irabazi egingo dutela: "Borrokan eta ilusioan hobeak gara". Bide beretik mintzatu da Cardona ere, eta berretsi du garaile ikusten dutela bere burua, partida zaila izango dela aitortu arren.

Goizean, bidaia baino lehen, azken entrenamendua egin dute jokalariek Zubietan. Hantxe izan dira jarraitzaile ugari ere txuri-urdinak animatzen. Taldeak jakinarazi duenez, Granadara joan ezinik geratzen direnentzat Fan Zone gune bat jarriko dute Donostiako Trinitate plazan.

Ilusioa. Hori da jokalariek behin eta berriz errepikatzen duten hitza. Izan ere, lehen aldia da emakumezkoen taldea Espainiako Kopako finalera heltzen dela, eta bidea ez da erraza izan. Lan asko egin behar izan dute norgehiagoka horretarako sailkatzeko. Hiru talde utzi ditu bidean finalera iristeko: Valentzia, final-zortzirenetan; Rayo Vallecano, final-laurdenetan; eta Sevilla, finalerdietan. Azken oztopoa gainditu eta kopa eskuratzea da orain helburua.

Partida ez da erraza izango. Hori badakite txuri-urdinek. Atletico Madril da irabazteko faboritoa, baina ate guztiak ez daude itxita. Gonzalo Arkonada entrenatzaileak argi du lasaitasuna oinarrizkoa dela, baina baita ausart jokatzea ere. "Partida batean edozer gerta daiteke, ñabardura eta gertaera txiki askok baldintzatu dezakete finala. Gu saiatuko gara ondo lehiatzen, eta gauzak oso zail jartzen".

Kontakizun berezia

Taldea finalerdietarako sailkatu zenetik kasu berezia egin dio Realari egunkari honek, eta berdin egingo du bihar ere. Jokalariekin eta zaleekin batera ibiliko dira egun osoan Ainara Arratibel kazetaria eta Lara Madinabeitia bideogilea. Webgunean, berriz, zuzeneko emankizuna egingo da arratsaldean.

Bestalde, Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak arrisku handiko neurketa izendatu du biharkoa. Lagun kopuru handiak biltzen diren partidetan hartu ohi du erabaki hori. Baina horrez gain, Frente Atletico ultra taldeak norgehiagokara agertzeko asmoa adierazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.