Udal eta foru hauteskundeak

Nafarroan soilik irauli da mapa, aldaketaren kaltetan

EAJk hauteskundeak nagusitasunez irabazi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Navarra Suma izan da garaile Nafarroan. Uxue Barkos oposiziora pasako da, eta Txibitek du Nafarroako Gobernu berriaren giltza: Navarra Sumari utzi edo ekimena hartu. Bilbon, Donostian eta Gasteizen Aburtok, Goiak eta Urtaranek jarraituko dute alkatetzan, eta Iruñean Enrique Maia izango da alkate.

jon ordonez garmendia
2019ko maiatzaren 27a
11:14
Entzun

Udal eta foru hauteskundeek bi garaile utzi dituzte Hego Euskal Herrian. EAJk irabazi ditu hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horien hiriburuetan. Jeltzaleek beste behin erakutsi dute herritarren konfidantza dutela gobernatzen jarraitzeko, eta zenbait kasuetan handituz doala konfidantza hori.

Hala gertatu da, besteak beste, Bilbon: Juan Mari Aburto alkategai jeltzalea gehiengo osotik gertu geratu da hamalau zinegotzirekin, eta urrun dauzka PSE (bost zinegotzirekin) eta EH Bildu (laurekin). Gainera, Donostian eta Gasteizen ere irabazi ditu udal hauteskundeak; azken horretan EH Bildu hirugarren geratu da, PSEren atzetik.

Barkos, oposiziora

EAJren garaipenak, ordea, badu orban handi bat, eta Hegoaldean ihes egiten dion herrialde bakarrean du. Uxue Barkos Geroa Bai-ko hautagaia ez da izango Nafarroako presidente bigarren legegintzaldi batez. Bere gobernua sostengatu duten lau indarrek gehiengoa galdu dute, eta horrekin batera zapuztu da 2015ean Nafarroa irauli zuen aldaketa.

Ahal Dugu zazpitik bi parlamentari izatera pasa da Legebiltzarrean, eta berak utzitako tokia Maria Txibite sozialistak hartu eta Uxue Barkos bera ere aurreratu du boto kopuruan.

PSNk 11 legebiltzarkide eskuratu ditu eta ikusteko dago orain zer jarrera hartuko duen Navarra Sumaren hogei legebiltzarkideen aurrean. 2015ean bazterrean geratu zen erregimenaren aurrean Geroa Bai-k, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak Txibite babesteko aukera izan dezakete. PSNko presidentegaiak kanpainan esan zuen ez diola inoren botoei uko egingo, eta 1996an Javier Otanoren dimisioarekin galdu zuen gobernu bat berreskuratu dezake modu horretan PSNk.

UPNk, PPk eta Ciudadanosek indar metaketaren aldeko apostua egin dute, eta ondo atera zaie, baina Nafarroako Parlamentuan PSN ez den beste bidelagunik ez zaie geratzen, eta Txibite inbestiduran aurkari bilakatuz gero, gobernatzeko okerreko estrategia izango dute azkenean koalizioa.

“Gehiengo progresistak”, Nafarroan

Txibiteren aldeko gehiengo hori artikulatuta ere, ordea, ikusteko dago udaletan errepikatu daitekeen. Hala esan dio Barkosek Txibiteri hauteskunde gauean, “gehiengo progresista” nahi badu Legebiltzarrean, gehiengo hori errepikatu egin beharko dela udaletan. Izan ere, aldaketaren hondamendia Nafarroako Parlamentutik haratago joan da eta duela lau urte ikur bilakatu ziren hiriak hartu ditu.

Iruñean Ahal Dugu, Ezkerra eta Aranzadi batere ordezkaritzarik gabe geratu dira, eta EH Bildu eta Geroa Bai bakarrik geratu dira 2015eko aldaketaren ordezkari gisara. EH Bilduren emaitzak Iruñean onak izan dira, eta botoen %25 eskuratu du ia, duela lau urte baino 9.000 boto gehiago. Hala ere, nahiz eta bigarren izan, alkatetza galduko du; mantentzeko Geroa Bai-ren botoez gain, PSNrenak ere beharko lituzke eta Maite Esporrin PSNko alkategaiak hauteskunde gaueko agerraldian garbi utzi zuen ez dagoela horretarako: “Agur Asiron! Iruñetik Agur!”.

Tuteran Navarra Sumak berreskuratuko du alkatetza gehiengo osoa izanda. Iruñean bezala, Barañainen eta Lizarran ere gehiengoa galduko du aldaketak eta Barkosek aipatutako formula errepikatzen ez bada, hala gertatuko da beste toki batzuetan ere.

Udal mapan aldaketak Gipuzkoan

Udal mapari dagokionez, aipagarria da EH Bildu zerrenda bozkatuena izan dela berriro Gipuzkoako hainbat herritan eta ekainaren 15ean hainbat alkatetza berreskuratuko dituela. Hala gertatuko da Bergaran, Zumaian, Zestoan, Villabonan eta Iruran. Beste zenbaitzuetan ere aukera izango du Ahal Dugu-rekin akordioa eginda. Horien artean daude Errenteria eta Ordizia. Pasaian, Andoainen eta Lezon ere zerrenda bozkatuena izan da EH Bildu, baina kasu horietan EAJk eta PSEk gehiengo izango dute. Sozialistek irabazi dituzte hauteskundeak Irunen, Eibarren eta Lasarte-Orian ere, baina gehiengorik lortu gabe; jeltzaleekin, bai, balukete.

Gipuzkoan indartuta atera da EAJren eta PSEren arteko aliantza, eta Markel Olanok jarraituko du ahaldun nagusi izaten. Aurreko legegintzaldian bezala, jeltzaleek hiru diputazioak gobernatzen jarraituko dute, eta hiru ahaldun nagusiek jarraituko dute euren karguetan. Baita hiru alkateek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.