HAUTESKUNDE ONDORENA

Aurreakordio bat lortu dute EAJk eta PSE-EEk

Bi alderdietako zuzendaritzak Sabin Etxean batzartu dira, eta, jeltzaleen iturrien arabera, "2015ean eginiko itunaren antzekoa" izango da hitzarmena.

Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, 2016ko azaroan.
Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, 2016ko azaroan. Juanan RUiz / Foku

Jon O. Urain -

2019ko ekainak 10

Udal eta foru erakundeetan aliantzak eratzeko negoziazioetan aritu dira egunotan EAJ eta PSE, eta, jeltzaleen iturriek jakinarazi dutenez, "aurreakordio batera" heldu dira gaur arratsaldean, bi zuzendaritzek Sabin Etxean eginiko bileran. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia izan dira batzarrean, besteak beste.

EAJko iturrien arabera, "gehiengo egonkorretan sostengatutako gobernuak" osatzeko aurreakordioa erdietsi dute bi indarrek, eta, oro har, 2015ean eginiko akordioaren "oso antzekoa" izango da datorren legealdirako egingo dutena. Izan ere, emaitza "oso ona" eman du hitzarmenak azken lau urteetan. Jeltzaleek eta sozialistek espero dute datozen orduetan ixtea behin betiko akordioa.

Zehazki, EAJk eta PSEk adostu dute, bietako bat lehen indarra izan den herrietan, babes gutxien jaso duen alderdiak handiena babestea, baiezko botoaren edo abstentzioaren bidez. Alegia, Bilbon, esaterako, PSEk Juan Mari Aburto EAJko hautagaia babestu beharko du, Aburto izan baitzen hauteskundeak irabazi zituena.

Besterik da zer gertatuko den alderdi bozkatuena beste bat izan, baina EAJ-PSE baturak gehiengo absolutua izan dezakeen udaletan. Andoain, Lezo edo Pasaiaren (Gipuzkoa) kasua da. Horietan, EAJren eta PSEren artean boto gehien eskuratu duen alderdiak erabaki beharko du alkatetzara hautagaitzarik aurkezten duen edo ez; aurkeztuko balu, beste alderdia derrigortuta legoke bazkidearen hautagaitza babestera. Alkategaia aurkeztea edo ez, ordea, alderdien herrialdeetako zuzendaritzek erabakiko dute; esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzko Buru Batzarrak bihar bilduko dira, eta horiek erabaki beharko dute alkatetzara iritsi daitezkeen herrietan nola jokatu.

Hori horrela, EAJk eta PSEk oraingoz ez dute argitu hautagairik aurkeztuko duten lehen indarra izan ez diren udaletan. Hala ere, EAJko iturriek BERRIAri adierazi diote "zilegitasun demokratiko osoa" dutela lehen indarra ez diren kasuetan ere alkatetzak eskuratzen saiatzeko, eta gogora ekarri dute hala egingo dutela EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beste herri batzuetan —Durangon kasu—.

Irungo korapiloa askatuta

Tokiko erakundeetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietan gobernatzeko formulak negoziatzeko lanetan ari ziren bi indarrak, eta zeregin hori samurtu egin da ostiral iluntzetik. Orduan, EAJk erabaki zuen Xabier Iridoik ez aurkeztea hautagaitzarik Irungo alkatetzarako, eta Jose Antonio Santanok (PSE) alkatetzan jarraitzea ahalbidetzea. Korapilo hori askatuta, negoziazioak "desblokeatu" egin zirela jakinarazi zuen larunbatean Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak: "Orain has gaitezke EAJrekin hizketan, udalei egonkortasuna emango dien akordio bat lortzen saiatzeko".

Gaur, berriz, Anduezak berak beste baldintza bat jarri die jeltzaleei: eskatu die gobernuan sar daitezela PSE-EE alkatetzara heldu daitekeen herrietan. Andoaingo eta Pasaiako udalen (Gipuzkoa) kasua da, adibiderako: "Ez dakit Andoaingo EAJrekin fidagarritasun askorik izango dugun", esan du Anduezak Andoaingo kasuaz galdetuta —EH Bilduk lortu ditu ordezkari gehien, baina EAJk eta PSEk zinegotzi gehiago dituzte bat eginez gero—. Argiago aritu da Pasaiakoaz —Andoaingo egoera bera da—: "Pasaian, EAJk esan du gobernuan sartzeko aukera ez dutela aintzat hartzen. Hor ez dugu aukera askorik izango, nahiz eta beraien botoak eduki; gero gobernuan sartzen ez badira, negozio txarra". Gaurko bileraren ostean, ordea, ez EAJk eta ezta PSE-EEk ere ez dute zehaztu zer gertatuko den beste talde politiko bat lehen indarra den kasuetan.

Aurreakordioa baieztatuta, bi alderdiek apenas behar izan duten astirik ados jartzeko. Ez zuten denbora asko ere: PSE-EEk esana zuen militantziaren artean barne galdeketa bat egin behar zuela akordioari oniritzia emateko, eta kontsulta hori ostegunean egin beharra zeukala beranduenera. Sozialistek berretsi dute ostegunean egingo dutela kontsulta hori, eta honakoa izango dela galdera: "PSE-EEk gobernabiderako aurreakordio bat lortu du udaletarako eta foru aldundietarako EAJrekin, ahalbidetuko duena instituzioen jardun politikoa bideratzea hazkundea, enplegu duina, zerbitzu publikoen babesa, kohesio soziala eta euskal herritarren ongizatea bezalako helburuetara. Akordio hori babesten duzu?". Baiezkoa edo ezezkoa erantzun ahal izango dute militanteek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna