11/13 sumarioa

Biharko martxara deitu dute 11/13ko auzipetuek: "Presoen auziak soluzio agenda bat behar du"

Azken orduetan, LABek eta CCOOk bat egin dute makrosumarioa salatzeko manifestazioarekin. Auzipetuek adierazi dute "kartzelak husteko garaia" dela, eta "ez betetzekoa".

Beñat Zarrabeitia eta Ibon Meñika 11/13 sumariko auzipetuen bozeramaileak, gaur, Bilbon egin duten agerraldian. 47AKHERRIAN, @47AKHERRIAN
jon olano
2019ko irailaren 13a
18:29
Entzun

Etzidamu hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, presoen babes taldeetan aritzeagatik auzipetutako 47 euskal herritarren aurkako epaiketa, eta, auzia salatzeko, manifestaziora deitu dute auzipetuek bihar arratsalderako. 17:30ean abiatuko da, Casillatik. Gaur, martxara batzeko azken deia egin dute Beñat Zarrabeitia eta Ibon Meñika auzipetuek, eta azpimarratu euskal presoen eta iheslarien auziak "soluzio agenda bat" behar duela: “Iraganeko zauriak sendatu, egungo eskubide urraketak bukatu, eta etorkizun hobe bat behar dugu”.

Zarrabeitiak azaldu duenez, "oinarrizkoa" da giza eskubideen errespetutik abiatzea, eta erantsi du “bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua irabazlea" dela. 47 dira astelehenetik aurrera epaituko dituztenak: Etxerat-en, Jaiki Hadi-n, Herrira-n eta presoen abokatu edo bitartekari lanetan aritzea egotzita, 601 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak.

Manifestazioan izango dira hainbat eragile politiko, sindikal eta sozial, eta, azken orduetan, LAB eta CCOO sindikatuek ere atxikimendua adierazi dute. Ohar batean, CCOOk kezka agertu du epaiketaren inguruan, uste baitu auziak "bakarkako inputazioen printzipio garantista" urratzen duela, "dozenaka lagunen jarduerak ustez erakunde terrorista baten parte hartze aktiboan sartuta".

CCOOk azaldu du "ohiko kontaktuak" izan dituela Herrira-rekin, eta elkarteak sindikatuari azaldutako posizioak "espetxe politika aldatzeari eta presoak gerturatzeari buruzkoak" izan direla: "Desadostasun batzuekin, baina modu autonomoan eta iraunkorrean konpartitu eta babestu ditugun gogoetak dira".

Bilbon izango da LAB ere, "auzipetuei babesa emateko eta makroepaiketa bera bertan behera utz dezatela exijitzeko". Sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak eta Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak manifestazioan parte hartuko dute.

Auzipetuen artean dago Arantza Zulueta abokatua. Gaur Bizkaiko Hitza-k argitaratutako elkarrizketa batean, Zuluetak nabarmendu du "Presoen sostenguaren eta elkartasunaren kontrako epaiketa" dela astelehenean hasiko dena: "Euskal preso politikoak helburu dituen operazioa da, haiekiko kalean dagoen elkartasuna eta babesa mozteko asmoa duen operazio juridiko-poliziala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.