Altsasuko auzia

Altsasuko auzipetuen gurasoak: "Astakeria judizial ikaragarria da"

Bel Pozuetak salatu du gazte auzipetuei ezarri dizkieten zigorrak bidegabeak direla, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorrak murriztu arren. Protesta bilkura egin dute Altsasuko plazan.

Bel Pozueta Altsasuko gazte auzipetuetako baten ama, hedabideen aurreko agerraldi batean, iazko maiatzean, Iruñean. FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urriaren 9a
21:43
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak zigorrak murriztu baditu ere, Altsasuko auziko epaia "astakeria judizial izugarria da", auzipetuen gurasoen esanetan. Altsasuko gazte auzipetuei bederatzi urte eta erdira arteko zigorrak ezarri dizkie gaur Gorenak. Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda gaztearen amaren iritziz, epaia "makillaje ariketa bat" izan da; epaiak murriztuta, zigor proportzionala ezarri dela irudikatzeko ahalegina. "Zer gertatu den eta zein ondorio izan dituen ikusita", epaia guztiz bidegabea dela nabarmendu du Pozuetak.

Amaia Izko defentsa abokatuak ere auzitegiaren erabakia salatu du. "Proportziorik gabea jarraitzen du izaten". Abokatuak ziurtatu du zigorraren bidegabekeria "oso larria" dela. Horrenbestez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgoko auzitegira jotzeko aukera posible ikusten du. "Ikusten dugu ez direla errespetatu prozesu justu baten bermeak".

Izkok Euskalerria Irratiari eginiko adierazpenetan azaldu du epaia irmoa denez Altsasuko gazteek ez dutela behin-behinean aske geratzeko aukerarik. "Beste gauza bat da espetxe onurak jasotzen ahal dituzten hemendik aurrera", gaineratu du.

Altsasuko gazteen kontrako epaia salatzeko elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte Altsasun. Bihar, epaiari buruzko balorazioa egingo dute Altsasuko gurasoek, Iruñean, hedabideen aurrean.

Egun espetxean dauden zazpi gazteei hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie Gorenak. Zortzigarren zigortuari, Ainara Urkijori, bi urteko espetxea murriztu dio, urte eta erdira. Auzipetutako hiru gaztek 1.060 egun daramatzate espetxean.

Nafarroako Gobernua: "Errespetu osoa" epaiari

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek "errespetu osoa" adierazi dio Auzitegi Gorenaren epaiari. "Gure aldetik, soilik esan errespetu osoa adierazten diegula erabaki judizialei", azaldu du hedabideen aurreko agerraldian. Gaineratu du epaiari buruzko balorazioak alderdi politikoek egingo dituztela, egitekotan. Remirezek elkarbizitzaren aldeko deia egin du, epaiaren harira.

Mikel Buil Nafarroako Migrazio Politika eta Justizia kontseilari eta Ahal Dugu-ko epaia salatu du Twitter sare sozialean. "Egunen batean, Altsasuko auzia Europara iritsiko da, eta esango digute hau guztia zentzugabekeria izan dela, terroristak izatea leporatu zitzaiela izan gabe, prebentziozko espetxeratzea neurri gabe erabili dela eta auziak inoiz ez zuela Nafarroatik irten behar. Eta orduan beranduegi izango da gazteentzako".

Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra mintzatu da Geroa Bai ere. Epaiak zigorrak murriztu arren, oraindik ere "proportziorik gabeko" zigorrak ezartzen dituela salatu du. "Gorenaren epaiak berak agerian uzten du auziaren hasieratik izan den proportzionaltasun falta, ez baitu onartu Auzitegi Nazionalak ezarri zituen diskriminazio astungarria, ezta autoritatearen kontrako atentatu delituaren kasuan nagusitasun abusua ere. Horrez gain, lesio delituak erretiratu dizkie bi akusaturi, proba faltagatik". Geroa Baik nabarmendu du auzitegiaren arabera ez dela inoiz terrorismo deliturik izan, eta, beraz, auzia Nafarroako Auzitegian epaitu behar zela. Babesa agertu die espetxeratutako gazteei, beraien senideei eta "justizia eta proportzionaltasuna eskatzen urteak daramatzan Altsasuko herriari".

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariaren iritziz ere, onartezinak dira Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteei ezarri dizkien zigorrak. Nabarmendu du zigorren arintzearekin ez direla "hasieratik biziarazitako egoera latza eta injustizia" zuzendu.  Ruizek gogorarazi du epaiak ontzat eman duela gazteak Auzitegi Nazionalean epaitu izana, eta, ondorioz, "gertaerek ez zuten larritasuna" erantsi diola auziari. Epaiak berak larritasun hori ukatzen duela deritzo EH Bildukoak, diskriminazio astungarririk ez dela izan ebatzi duelako. Ruizen iritziz, horrek agerian uzten du auzia "beste era batera" epaitu behar zela.

Sortuk ere epaia gaitzetsi du, Auzitegi Gorenak ez duelako "justizia aplikatu". Aldiz, Altsasuko gazteei "neurrigabeko zigorrak" ezarri dizkie, "funtsik gabeko Poliziaren azpijoko  batean oinarrituta". Sorturen esanetan, Gorena "Guardia Zibilaren ondoan" kokatu da, "berme prozesal oro alboratuz" eta "eskubideak murriztuz". Ohartarazi duenez, Espainiako Estatuan "ez dago justiziarik, ez euskal herritarrentzat, ez kataluniarrentzat, ezta aldaketa sozial eta demokratikoa nahi duten herritarrentzat ere. Justiziarik ezean, demokraziarik ez dago hemen". Sortuk ere elkartasuna adierazi die "zigortutako gazteei eta haien familiei". Herritarrei dei egin die epaia salatzeko antolatuko diren protestetan parte hartzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.