Fiskaltzak sei lagun deklaratzera deitu ditu, Ciudadanosen Errenteriako mitinean protestatzeagatik

Ikertutako sei lagunek abenduaren 2an eta 3an deklaratu beharko dute Donostiako epaitegian.

Albert rivera, Errenteriako mitinean. ANDONI CANELLADA  FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 6a
18:43
Entzun

Gutxienez sei lagunek deklaratu beharko dute, Albert Riverak apirilean Errenterian eman zuen mitinean protesta egiteagatik. Euskadi Irratiak zabaldu duenez, ikertu gisa joan beharko dute Donostiako epaitegira, abenduaren 2an eta 3an, eta ez da baztertzen zitazio gehiago egotea ere.

Apirilaren 13an egin zuen Ciudadanosek ekitaldia Errenterian, apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan. Herritarrek xingola horiz jantzi zuten ekitaldia egingo zen plaza, tentsio uneak egon ziren, eta Ertzaintzaren oldarraldiak ere izan ziren. Ciudadanosek salaketa jarri zuen Espainiako Estatuko Fiskaltzan, eta ezker abertzalea eta Ernai jo zituen gertatutakoaren erantzuletzat. Protesten harira, Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen maiatzean, mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin al zuten argitzeko, eta, gutxienez, bederatzi lagun ikertu dituzte.

Errenteriakoa ez da izan Ciudadanosek Euskal Herrian egin duen ekitaldi bakarra. Maiatzean, Udal eta Foru hauteskundeetarako kanpainan, Ugaon (Bizkaia) ere izan zen. Herritarrek komertzio eta etxeetako pertsianak itxiz ikurrinak eta bestelako ikurrak erakutsiz, elkarretaratze isil bat eginez eta sirena hotsarekin erantzun zioten. "Arazoa ez da Espainia, arazoa zuek zarete, hiltzaileei txalo egiten diezuenak. Ez duzue lortuko gu isiltzea", esan zuen orduan Riverak. Esaldi horrek erakuts dezake zergatik egin zen Ugaon ekitaldi hura. Izan ere, hangoa da Josu Urrutikoetxea, ETAko kide izandakoa.

Eldiario.es hedabideak zabaldu zuen txosten baten arabera, Ciudadanos pozik zegoen Errenteriako eta Ugaoko ekitaldiek izan zuten oihartzun mediatikoagatik: "Arrakastarik handiena izan duten edukiak izan dira", ziurtatu zuten. Riveraren alderdiak 272 boto eskuratu zituen Errenterian Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Ugaon, berriz, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan zortzi boto izan zituen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.