Esparza: "Txibite da lehendakaria, baina Barkosek agintzen du"

Nafarroako Gobernuaren lehen ehun egunen balorazioa egin du Navarra Sumako eledunak, eta iragan legealdiko politikak egitea aurpegiratu dio PSNri

Javier Esparza UPNko presidentea, artxiboko irudian. FERNANDO ALVARADO / EFE
joxerra senar
2019ko azaroaren 16a
07:20
Entzun

Rolak aldatu egin ditu Javier Esparza UPNko presidenteak. Lehen, Uxue Barkos zen lehendakaria eta Adolfo Araiz ezkutuan agintzen zuena. Orain, rol berdinak erabiltzen ditu argudio moduan, baina euren izenak aldatuta. Txibite bada lehendakari, orain Barkosi dagokio atzean hariak mugitzea. Beti ere Navarra Sumako dialektikaren baliabide moduan, eta azkenean mezu bera emateko: «PSN euskal nazionalismoaren eta independentismoaren menpe dago»  .

Agerraldia egin du goizean Navarra Sumako bozeramaileak. Bere ustez, lehen ehun egunotan, PSNren «inkoherentziak» agerian geratu dira eta aurretik egindako promesak ez ditu bete, uko egin die bere ideiei. Maria Txibiteri hitza jan izana leporatu dio. Adibidez, kanpainan amatasun laguntzen atxikipenak itzuliko zirela zin egin zuen, eta azkenean kenkari bidez egingo duela iragarri du gobernuak. Esparzaren arabera, gainera, atzo iragarritako zerga neurriak «familientzat zigor bat dira». Gobernuak kalkulatu du 40 milioi euro gutxiago biltzeari utziko zaiola, baina Esparzak kritikatu du «Barkosen Gobernuaren zerga politika kaltegarria berretsi» duela.

Navarra Sumako buruzagiaren ustez, lehen hiru hilabeteotan ezer gutxi egin du gobernuak, eta egindakoa «epai judizialen ondorioz» izan da. «Meritu gisa hartu du epaiak betetzea, aurretik zeuden konpromisoak betetzea edo Tafallako uholdeek eragindako kalteei erantzutea.

Gobernuaren egitura berriak ere ekarri du zeresana. EH Bilduk kalkulatu du urtean 4,8 milioi eurokoa izango dela eta Navarra Sumak 4,5 eta bost milioi euro artekoa dela dio. Hartara, lau urtean 18 milioi eta 20 milioi euro artean kostatuko da egituraren zabaltzea. Esparzaren arabera, handitzea «ez dago arrazoituta», eta alderdietako pertsonak jarrita gobernua «enplegu bulego handi bat«» bihurtu dute. «Egunean 12.600 euro kostatzen da, eta hori herritarren poltsikoetatik aterako da».

Horrez gain, Navarra Sumako buruzagiaren arabera, PSNk uko egin dio PAI ingelesezko hizkuntz programa «hezkuntza eredu» bilakatzeari, edo «euskararen dekretua zein udal maparen erreforma indargabetzeari». Euskarabideak Ana Olloren departamenduan jarraitzen du, eta hori Esparzari iruditzen zaio dela "hizkuntz politika nazionalisten esku uztea".

Alzorrizek errespetua eskatu dio

Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkaria eta parlamentu taldeko eledunaren arabera, Esparzak «muga onartezina» zeharkatu du, eta oposizioaren buru gisa dagokion arduraz jokatzeko eskatu dio. Alzorrizen arabera, UPNren barruan Esparzaren figura «ahulduta» dago, eta gehiegikeria horiek ahuldade hori ezkutatzeko beharrari erantzuten diote. «Esparzak hartutako bideak sumin eta gorroto gehiago besterik ez dakar». Alzorrizen arabera, Esparza «gezurretan ari da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.