euskal presoak

Kasazio Auzitegiak ez du onartu Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea

Euskal presoaren abokatuek egin zuten eskaera. Fiskala eta estatu ordezkaria libre lagatzearen kontra zeuden. Frantziako Dei Auzitegiak ere atzera bota zuen defentsaren galdea, irailaren 11n.

Josu Urrutikoetxea, 2002ko abuztuan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko abenduaren 10a
09:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Kasazio Auzitegiak baztertu egin du Josu Urrutikoetxea euskal presoa baldintzapean aske uzteko haren abokatuak egindako eskaera, arratsaldean jakin denez. Joan den irailaren 11n, Dei Auzitegiak atzera bota zuen abokatuen galdea, eta defentsak Kasazio Auzitegira jo zuen. Auzitegi horretan ez da auzi saiorik izan; prozedura tekniko batean oinarrituz —Kasazio Auzitegia ez da mamian sartzen—, epaimahaiak erabakiaren berri eman du. Defentsa abokatu Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinaccek aurki jasoko dituzte auzitegiaren erabakiaren argudioak. Fiskala eta estatu ordezkaria presoa libre lagatzearen aurka zeuden.

Aurtengo maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean libre uztea erabaki zuen, baina preso segitu zuen, Espainiako Estatuaren eskaera bat zela eta. Irailaren 2an ebakuntza bat egin zioten, Parisko erietxe publiko batean, prostatatik; hain zuzen, atxilotu zutenean, ospitale batera zihoan ebakuntza egitera. Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) La Sante Parisko espetxean daukate preso.

Madrilen bi euroagindu eta beste bi estradizio eskaera ditu, eta, horrez gain, Frantzia bi epaiketa egitekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.