Frantziako Kasazio Auzitegiak baztertu egin du Josu Urrutikoetxea euskal presoa baldintzapean aske uzteko haren abokatuak egindako eskaera, arratsaldean jakin denez. Joan den irailaren 11n, Dei Auzitegiak atzera bota zuen abokatuen galdea, eta defentsak Kasazio Auzitegira jo zuen. Auzitegi horretan ez da auzi saiorik izan; prozedura tekniko batean oinarrituz —Kasazio Auzitegia ez da mamian sartzen—, epaimahaiak erabakiaren berri eman du. Defentsa abokatu Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinaccek aurki jasoko dituzte auzitegiaren erabakiaren argudioak. Fiskala eta estatu ordezkaria presoa libre lagatzearen aurka zeuden.
Aurtengo maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean libre uztea erabaki zuen, baina preso segitu zuen, Espainiako Estatuaren eskaera bat zela eta. Irailaren 2an ebakuntza bat egin zioten, Parisko erietxe publiko batean, prostatatik; hain zuzen, atxilotu zutenean, ospitale batera zihoan ebakuntza egitera. Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) La Sante Parisko espetxean daukate preso.
Madrilen bi euroagindu eta beste bi estradizio eskaera ditu, eta, horrez gain, Frantzia bi epaiketa egitekoa da.
[HARIA]
— Enekoitz Esnaola (@EnekoitzEsnaola) November 12, 2019
1) Josu Urrutikoetxearen kontrako bina euroagindu eta estradizio eskaera aztertzen hasiko dira bihar Parisen, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Gobernuak galdeginda hurrenez hurren, teknikoki dagokien bezala. https://t.co/DjhklgFq0A@berriapic.twitter.com/8sDjBJgVuo