Albistea entzun

U-30eko greba orokorra

LABek uste du greba indargabetzeko saioek porrot egingo dutela

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak azpimarratu du 170 greba batzorde sortu direla eta 1.200 enpresak baino gehiagok eman dutela atxikimendua. Urkulluren «mespretxua» salatu du, eta Ahal Dugu EAJren «logika neoliberalean urtu» dela.

Maider Jauregi eta Garbiñe Aranburu, Donostian eginiko agerradian
Maider Jauregi eta Garbiñe Aranburu, Donostian eginiko agerradian / LAB Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko urtarrilak 21

Bederatzi egun geratzen dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituriko greba orokorrerako, eta, horko kide den LABen arabera, «jarrerak argitzen» eta «motorrak berotzen» ari dira. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak salatu du «kapitalaren interesak defendatzen» ari diren alderdi eta sindikatuak ahalegina egiten ari direla hilaren 30eko greba orokorra «indargabetzeko, gutxiesteko eta boikotatzeko». Jarrera horien atzean «urduritasuna eta ezinegona» daudela azpimarratu du. «Bide onean goazela pentsatzera eramaten gaitu horrek».

Hilaren 30eko mobilizazioa «arrakastatsua» izango dela uste du Aranburuk. 1.200 enpresatako langile batzordeek bat egin izanak —hemen esanguratsuenak— eta Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan 171 batzorde osatu izanak erakusten du deialdiak «ilusioa» piztu duela.

Lantoki batzuetan, grebaren aurka dauden CCOO eta UGTko delegatuek «bat egin dute edo ez dira aurka azaldu», Aranbururen arabera. «Aldarrikapenen zerrenda ikusita, zaila dute ezezkoa ematea». Eta aurreko grebetan baino batzorde gehiago osatu dira herrietan; lantalde horien «aniztasuna» azpimarratu LABeko buruzagiak: «Langileak, pentsiodunak, ikasleak, emakumeak, migratzaileak... Langile klasearen batasuna gertatzen ari da. Eskuz esku ari gara lanean».

Mespretxua eta aitzakiak

Greba deialdiaren inguruko balorazioa egiteko, prentsaurreko bat egin du Aranburuk, Maider Jauregi komunikazio idazkariarekin batera, Donostian. Kazetarien galderei erantzunez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Ahal Dugu alderdiak grebaren aurka esandakoei erantzun die.

Urkulluk uko egin dio grebara deitu duten sindikatuekin biltzeari, eta horrek, Aranbururen arabera, agerian uzten du lehendakariak «gehiengo sindikal eta sozialari» dion «mespretxua». «Bera patronalarekin lerrokatu da; alfonbra gorria jartzen dio, eta argazkiak egiten ditu harekin egun batean eta bestean; aldiz, inoiz ez du tarterik eta borondaterik langileen interesak jasotzeko».

Ahal Dugu-ren erabakiari buruz, berriz, adierazi du «aitzakiak» baino ez direla alderdi horrek emandako argudioak, eta EAJren «logika neoliberalean txertatzea edo urtzea» leporatu dio. «Greba honek ez dio erantzuten hauteskundeei begirako logika bati —Ahal Dugu-k eta beste batzuek salatu duten moduan—; langile borrokan mugarri berri bat izan nahi du».

Mugarri bat

Hain justu, ideia hori azpimarratu du Aranburuk agerraldian. Hilaren 30eko greba orokorra elkarlan dinamika baten emaitza dela gogoratu du. «Mobilizazio sozial oso indartsu baten ostean iritsi gara hona, eta borroka ezberdinak bat eginez, aldarrikapen askotarikoen taula batekin».

«Erasorako» izaera duen greba bat dela berretsi du, «ez delako hilaren 30ean amaitzen, 31tik aurrera borrokak jarraitzen duelako, mugarri bat jartzeko anbizioa duelako». Horrek «ilusioa» piztu duela azpimarratu du. «Geroz eta gehiago gara etsipenaren gainetik kalera atera nahi dugunak, eta eredu bidegabe onen kontra gaudenak eta bizitza duina eredu duen ekonomia bat defendatzen dugunak».

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hegan klusterreko kideak, gaur, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Aeronautikak ez dio etekinik atera Ukrainako gerrari, baina uste du aterako diola

Aitor Biain

Hegan klusterreko enpresen fakturazioa %27,3 handitu da, eta pandemia aurreko jarduera berreskuratu dute.

LABek deitutako protesta, gaur, Bermeon. ©LAB

«Esklabismoa» salatu du LABek Bermeoko itsasontzi batean

Iker Aranburu

Sindikatuaren arabera, Beti Euskal Herria itsasontziak abisurik gabe eta kalte ordaina eman gabe bota ditu bere zortzi arrantzaleak.

Bi igeltsero Bilbon lanean, 36 graduko tenperaturarekin. ©Luis Jauegialtzo / FOKU

31 gradutik gorako tenperaturarekin lan jarduna geldiaraz daitekeela uste du LABek

Imanol Magro Eizmendi

Lantokietan beroari aurre egiteko gida bat eratu du, eta sentsazio termikoaren arabera atsedenak arautzeko eskatuko diete enpresariei.

Yael Braun-Pivet, Frantziako Asanbleako presidentea. ©Christophe Petit-Tesson / Efe

Frantziako Asanbleak ez du eztabaidatuko erretreta 62 urtera itzultzeko proposamena

Iker Aranburu

Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak baieztatu du blokeatu egingo duela LIOT taldearen eskaera. Gobernuaren aurkako zentsura mozio bat iragarri du Frantzia Intsumisoak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.