Euskal presoak

Josu Urrutikoetxea aske uzteko eskumutur telematikoa jartzea proposatu dute abokatuek

Etzi berriro aztertuko dute euskal preso eria askatzeko eskaria, Frantziako Dei Auzitegian. Nazioarteko 126 eragilek Urrutikoetxea aske uzteko eskatu berri dute.

Josu Urrutikoetxea, 2002an, Eusko Legebiltzarrean, SAko legebiltzarkidea zela. RAUL BOGAJO, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 27a
15:59
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak etzi berriro aztertuko du Josu Urrutikoetxea euskal presoak baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaera, eta defentsa abokatuek, eskari idatzian, epaileei proposatu diete eskumutur telematiko bidezko zaintza elektronikoa ezar diezaiotela preso eriari. Zigor Prozedurako Kodean aurreikusita dauden osasun arrazoietan oinarritu dira abokatuak eskaria aurkezteko, COVID-19aren pandemiak espetxean dituen osasun arriskuak aintzat hartuta.

Joan den apirilaren 1ean auzitegi berak, beste askatze eskari batean, ez zuen onartu Urrutikoetxea libre lagatzea, La Sante espetxeko —han dute preso— medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen arren, ziurtagiri bat eginda. Daukan adinagatik —aurten 70 urte— eta haren osasun arazoen historialagatik —zenbait pneumonia, prostata arazo larri bat, hipertentsioa, infekzio usuak eta bronkitis azkar bat negu honetan—, birusaren kutsatze arriskuaren aurrean ahulduak diren pertsonen multzoan da.

Gerry Adams, Noam Chomsky, Christiane Taubira...

Joan den asteburuan, Euskal Herriko bake prozesuarekin «engaiatuta» dauden dozenaka eragilek manifestu bat argitaratu dute Mediapart atarian Urrutikoetxea euskal presoa aske utz dezatela eskatzeko. Sinatzaileak 126 dira guztira, eta filosofoak, magistratuak, politikariak, konponbide prozesuetan parte hartutakoak eta beste esparru batzuetan aritutakoak dira. «Hura preso mantentzea Frantziako Estatuak mundu osoko bake prozesuei bidalitako seinale oso txarra litzateke», adierazi dutenez.

Sinatzaileen artean daude Gerry Adams Irlandako Sinn Feineko buruzagi historikoa eta Aieteko 2011ko adierazpenaren bultzatzaileetakoa, Noam Chomsky, Jean-Luc Nancy, Slavoj Zizek eta Jacques Ranciere filosofoak, Brian Currin euskal gatazkaren konponbide prozesuko Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea, Veronique Dudouet gatazken konponbiderako Berghof fundazioaren ikerketa zuzendaria, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohia, Serge Portelli magistratua, Jean-Felix Acquaviva Korsikako diputatua, Esther Benbassa senataria, Abraham Behar 1985ean eta 2017an bakearen Nobel saria irabazi zuen ICAN Arma Nuklearrak Desagertzeko Nazioarteko Kanpainaren presidente ohia, Ken Loach zinegilea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.