Eusko Jaurlaritzak bigarren fasera igarotzeko eskatuko du datorren astean

Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu duen dekretuak ez dakar aldaketarik ordutegietan. Herritarrek bigarren etxebizitzetara joan ahal izango dute, etxea bizi diren lurralde historikoan badago. 5.000 biztanletik beherako herriek ordutegirik gabe jarraituko dute, turistekin kopuru hori gainditzen badute ere.

Herritar bat, Donostiako Euskotrenen geltoki batean. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 16a
10:14
Entzun

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan epidemia izaten ari den eboluzioak, okerrik ezean, bi aste barru bigarren fasera igarotzea ahalbidetuko dio autonomia erkidegoari, eta hori eskatuko du Iñigo Urkullu buru duen gobernuak datorren astean.

Eusko Jaurlaritzak gaur argitara eman du aldizkari ofizialean konfinamendutik ateratzeko lehen fasea eguneratuko duen dekretua. Astelehenean jarriko da indarrean, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bizilagunek baimena izango dute bizi diren herrialdearen mugen barruan mugitzeko, bai kirola egiteko edo aisialdirako, baita bigarren etxebizitzetara joateko ere. Horrez gain, probintziaren mugan bizi diren herritarrak mugakide duten herrietara ere joan ahal izango dira "ohiko joan-etorrietan". Murgak gogorarazi du, ordea, pandemia ez dela amaitu, eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, "orain arteko ahalegina" ez zapuzteko.

«Neurri hori ez da kontrolik gabe ateratzeko baimen bat», adierazi du Murgak eguerdiko bere ohiko agerraldian. Ordutegiei dagokionez, aldaketarik ez dakar Jaurlaritzaren gaurko dekretuak, eta Murgak esan du hori Espainiako Gobernuak zehazten duela. Turistak jasotzen dituzten 5.000 biztanletik beherako herriengatik galdetuta (ordutegirik ez da horietan), zehaztu du arauak ez direla aldatuko turistekin biztanle kopuru hori gainditzen bada ere, eta arduraz jokatzeko eskatu du, jende pilaketak eragozteko.

Murgaren iritziz, gaitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen eboluzioak bi aste barru bigarren fasera pasatzea ahalbidetuko dio autonomia erkidegoari. Bigarren fasera pasatzeak osasun larrialdia arintzea ekarriko luke, haren hitzetan. Azaldu duenez, gaitzaren eboluzioa hobea da, eta kasu positiboen joera bat islatzen du, baina azpimarratu du oraingo jarduera okerrak biharko eta datozen asteetan kasu positibo berriak izango direla.

Jarrera desegokiak ikusi ditu Jaurlaritzak aste honetan

Gaur argitaratu den dekretuan, Iñigo Urkullu lehendakariak defendatu egiten du aurreko astean lehen faseko baldintzak zorroztu izana. Urkulluk dio lehen fasea hasi zenetik izan diren "jarrera batzuek" erakusten dutela hartutako neurri horiek egokiak zirela. «Frogatu da mugimendua handiagoa denean handiagoa behar duela norbanakoaren erantzukizunak ere», dio.

Herrialdearen barruan mugitzeko aukera Espainiako Gobernuak lehen faserako du baimenduta, eta Nafarroan pasa den astelehenetik dute aukera hori. Jaurlaritzak, baina, pasa den astean murriztu egin zuen pertsonen zirkulazioa lehen fasean, udalerri barrura mugatuz. Lehen fasearen bigarren astean, ordea, udalerriaren mugak gainditu ahal izango dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bizilagunek.

Jarrera horiek izanagatik, datuak hobetzen ari direla dio Urkulluk ere, eta aipatutako jarreren aurrean prebentzioaren kontzientzia areagotu dela argudiatuz, aurrerapauso bat eman litekeela gaineratzen du dekretuan. Hauek dira zehazki aurreko asteko dekretuarekiko aipatzen diren berritasunak.

-Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak bizi diren lurralde historikoaren mugen barruan mugitu ahal izango dira.

-Mugan bizi direnak, berriz, mugakide duten herrietara ere joan ahal izango dira, "ohiko joan-etorrietan".

-Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da, segurtasun eta osasun neurriak betez.

-Aire zabaleko kudeaketa pribatuko kirol instalazioak ireki ahal izango dira, eta horietara lurralde historikoko herritarrak joan ahal izango dira, baita mugakide diren herrietakoak ere.

-Kudeaketa pribatuko kirol instalazioetan kirol jarduera indibiduala baimenduta edukiko dute, aurretik txanda eskatuta, lurralde historiko horretan eta mugakide dituen herrietako bizilagunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.