Politika

Urkulluri «nahasmendua» eragin dio PSOE, UP eta EH Bilduren arteko akordioak

«Maila politikoan elkarrizketarako konfiantza hausteko arriskua» dakarrela eta, kezkatuta agertu da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Zahar etxeak «ondo kudeatuta» daudela esan daitekeela iritzi dio Urkulluk.

Nekane Murga eta Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrera iristen, hilaren hasieran. RAUL BOGAJO, FOKU
2020ko maiatzaren 24a
10:19
Entzun

«Nahasmendua» eragin dio Iñigo Urkullu lehendakariari aste honetan PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk Madrilen Espainiako lan erreforma bertan behera uzteko egin duten akordioak. Asteazkenean sinatu zuten hiru alderdiek, koalizio abertzalea alarma egoeraren bozketan abstenitzearen truke, eta ondorengo erreakzioek garbi utzi dute EAJri eta Eusko Jaurlaritzari ez zaiela batere gustatu.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak aste honetan esan du Pedro Sanchezengan duten konfiantzari «argi gorria» piztu zaiola, eta Urkullu ere hala mintzatu da Vocento taldeko egunkariek gaur argitaratu duten elkarrizketan. «Nahasmendu erabatekoa eragin dit, eta kezka, maila politikoan elkarrizketarako konfiantza hausteko arriskua duelako». Urkulluri galdetutakoan ea horrek kolokan jarriko duen EAJk Madrilen Pedro Sanchezen gobernuari ematen dion babesa, lehendakariak erantzun du hori EAJk erantzun beharko duela. Urkulluk eta Maria Txibite Nafarroako lehendakariak gaur dute bilera Pedro Sanchezekin eta Espainiako autonomia erkidegoetako beste presidenteekin.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak dio EH Bilduren mugimenduak luzera begirako beste zerbait adierazten duela. «EH Bilduk aspalditik egin du apustu indar politiko batzuen alde, ez euskal estatu independente baten eremuan, baizik eta eremu zabalago batean. EH Bilduk ez du EAJ nahi ezertarako. Ezertarako ez».

Urkulluk dio EH Bildu estatu alderdi gisa ari dela aurkezten bere burua, «Espainiako estatu alderdi gisa». Horiek guztiak esan ondoren, ordea, garbi utzi du bere apustua uztailaren 12ko hauteskundeen ondoren PSErekin akordioa egitea dela: «Gure akordioa [EAJ-PSE] oso positiboa izan da, egonkortasuna eta konfiantza eskaini dielako herritarrei. Horixe behar da krisi garai batean».

Urkulluri galdetutakoan Gurutzetako Ospitalean egin zizkioten oihu eta txistuen inguruan, erantzun du errespetatzen dituela, baina gaineratu du medikuek zoriondu egin zutela egindako «lan onagatik». «Balio handiagoa ematen diot lanean gogor ari diren osasungintzako profesionalen konpromisoari, euren web kameratik hitzaldiak ematen jarduten direnei baino».

Zahar etxeen kudeaketaz galdetuta, Urkulluk adierazi du jarduera larriak egon direla beste autonomia erkidego batzuetan, «baina hemen, Euskadin» ondo kudeatuta daudela esan daitekeela. BERRIAk gaur argitaratu duen bezala, ordea, Hego Euskal Herrian koronabirusagatik hildakoen %40 zahar etxeetako egoiliarrak ziren; horrek agerian utzi ditu egoitzen sistemaren hainbat gabezia, eta galderak sortu ditu toki horietan adinduek jasotzen duten osasun artaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.