Paisaia aldatzen (eguneko laburpena)

Hildakorik gabeko egun baten ondoren, berriz zenbatu dira hildakoak, baina gorabeherak daude Nafarroako datuekin.

Arrrigunagako hondartza, Bizkaian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 25a
19:24
Entzun

Konfinamendua arintzeko bigarren fasea abiatu da gaur, jarduera aukera berriei bide emanez. Zalantzaz, tentuz, zuhurtziaz... baina itxialdiaren zorroztasuna atzera utzi nahian. Hezkuntza arloan zenbait ikastetxetan hasi da itzulera, era murriztuan. Sindikatuen arabera, ikastetxe gutxik ireki dituzte gaur ateak. Saltoki handiek zabaltzeko aukera izan dute, neurri bereziak ezarriz (edukiera murriztua, gelak, maskarak...).  Ostatuetan barrualdeak ere erabili ahal izan dira (%40 Nafarroan, %50 EAEn). Hondartzetan ere nabaria izan da aldaketa: etzanda edo eserita egon, bainua hartu... Bigarren faseko arauak eta baldintzak zein diren zalantza izanez gero, BERRIAk prestaturiko gidan bigarren faseko jakin beharrekoak irakur ditzakezu.

Zazpi hildako. Heriotzarik gabeko egunaren albiste ona ez da errepikatu. Gaur beste zazpi hildako zenbatu dituzte, sei EAEn eta bat Nafarroan. Gainerako zifrak apalak dira. PCR bidezko zortzi positibo atzeman dituzte: bi Bizkaian eta sei Nafarroan. Bi ospitaleratu berri izan da, bat EAEn eta beste bat Nafarroan. ZIUn ez da inor sartu azken orduetan. Dena den, arazoak daude eguneko datuak jarraitzeko. Espainiako Osasun Ministerioak gutxitu du Nafarroako hildakoen kopuru metatua (509tik 490ra). Baieztatuz gero, Euskal Herriko zifra ere gutxituko litzateke, baina Nafarroako Gobernuak momentuz ez du azalpenik eman. Horrez gain, Ministerioak ez du jaso gaur Nafarroako Gobernuaren taulan jasotzen den hildakoa.

Mezu zuhur-baikorrak. Agintariak tentuz ibiltzen dira mezuekin. Zuhurtasuna da nagusi. Aurreikuspen okerrik egiteko edo ikusmin faltsurik sortzeko beldur dira. Baina bitxia da aldi berean baikortasun mezuak txertatzeko joera. Gaurko bi adibide. Batetik, Mikel Sanchez Jaurlaritzako osasun Saileko Planifikazio eta Ebaluazio zuzendaria. Bestetik, Maria Neira Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria. Mikel Sanchezek zuhur jokatzeko eskatu die herritarrei, izurria berriro zabaltzea oso gogorra litzatekeelako. Baina, aldi berean, egoera normaltzen ari dela eta bilakaera "oso ona" dela nabarmendu du. Maria Neirak ere "oso zuhur" jokatzeko eta "ez erlaxatzeko" eskatu die herritarrei. Baina aldi berean dio urrunago ikusten duela izurria berritzeko arriskua. "Transmisio tasa hainbeste murriztu dugu, birusak zailtasunak izango baititu bizirik irauteko. Zuhurtasun handia izan behar dugu esateko hau olatuaren amaiera den, baina datuek erakusten dute transmisioa eragotzi dela". 

Ondorio psikologikoak. Konfinamenduak herritarrengan izan dituen ondorio psikologikoak aztertu ditu EHUk zuzendutako ikerketa batek. Hego Euskal Herriko herritarren %77k "ziurgabetasuna" nozitu dute itxialdiak iraun duen bitartean, eta %45k diote "ondoeza" areagotu zaiela. Ikerketaren arabera, emakumeei eta gazteei eragin die bereziki itxialdiak.

Agian honek ere merezi du

Hildakoak azalean. Asteburuetan egunkaria irakurtzen gosaltzeko ohitura duela kontatu digu Kirmen Uribek 'New Yorkeko munduak' podcast-ean.  Aukera baliatu du New York Times egunkariaren eduki batzuk aipatzeko. Horien artean, atzo, igandean, Amerikako Estatu Batuetan koronabirusaren ondorioz hildakoen omenez egindako azala. Mila lagunen izenez osatutako azal nagusia. Kirmen Uribek dioen bezala, papereko azala ikaragarria da, baina bertsio digitala ere oso ikusgarria da. 100.000 hildako AEBetan. 2.000 Euskal Herrian. Oroimena ezinbestekoa da.

Mahai sozioekonomikoak. Bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak mahai sozioekonomikoak bildu dituzte koronabirusaren krisiaren ondorioei buruz hitz egiteko. Datorren azkenean dute hurrengo hitzordua. Baina ELA eta LAB sindikatuak ez dira itzuliko Eusko Jaurlaritzaren krisi mahaira. Espazio hori "alferrikakoa eta propagandistikoa" dela argudiatu du ELAk. "Bilera hauetan ez da kontuan hartzen langileak pairatzen ari diren egoera", azaldu du LABek. Asteazkenean bilduko da Nafarroako Kontseilu Ekonomikoa eta Soziala. LAB ez dago gustura Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen txostenarekin, "krisi honetara ekarri gaituen sistemaren jarraipena" delakoan. Baina neurri sorta bat proposatu eta eramango ditu mahaira.

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.