Rikardo Arregi sariko finalista hautatu dute koronabirusaren azken datuei buruzko BERRIAren lana

Kazetaritza arloko saria irabazteko lau hautagaietako bat izango da BERRIAk bere webgunean egiten duen COVID-19aren jarraipen grafikoa, Euskal Herriko datuena, mundukoena eta ondorio ekonomikoena. Komunikazio arloko lau finalistak ere aurkeztu dituzte. Azaroaren 26an jakinaraziko dute arlo bakoitzeko irabazleak zeintzuk diren.  

BERRIAren koronabirusaren datuen orrialdean ikus daitekeen grafikoetako bat.
2020ko azaroaren 6a
00:13
Entzun

Aurtengo Rikardo Arregi sariko finalistak jakinarazi dituzte ostiral eguerdi honetan. Kazetaritzaren arloan lau lan dira hautagaiak, eta komunikazioaren arloan, beste lau. Azaroaren 26an Andoainen (Gipuzkoa) egiteko asmoa duten ekitaldi batean jakinaraziko dituzte irabazleak. Urteko kazetaritza lanik onenen artean aipatu dute BERRIAk COVID-19a aztertzeko egunez egun berritzen dituen infografiak eta mapak.

Euskal Herriko aldi oroko egoera erakusteko grafikoak eta mapak biltzen ditu BERRIAk sarean, artikulu batean, eta herriz herriko egoeraren berri ere ematen du, mapa interaktibo batean. Munduko egoeraren berri ematen du beste artikulu batean, eta pandemia sortzen ari den ondorio ekonomikoak ere aztertzen ditu beste batean. Martxoan bertan hasi zen datu horiek ematen, eta lehen olatuan etenik gabe eguneratu zituen; udatik aurrera, astelehenetik ostiralera berritzen ditu.

Lantalde zabal baten emaitza dira pandemiari buruzko BERRIAren lan infografikoak, testuak idazteaz gainera eskatzen baitu datuak egunero kudeatzea, teknikoki lantzea, diseinatzea... Eta une oroko azterketa, koordinazioa eta egokitzapenak egitea. Gutxienez hamabost langileren lana du albiste horrek atzean: Iosu Alberdi, Oskar Angulo, Mikel P. Ansa, Joxean Apeztegia, Iker Aranburu, Iker Balentziaga, Gari Goikoetxea, Andoni Imaz, Edu Lartzanguren, Idurre Lazkano, Xabin Makazaga, Paulo Ostolaza, Jon Ordoñez, Jon O. Urain eta Pello Urzelai.

Kazetaritza arloko saria jasotzeko finalista gisa, beste hiru lan hauek ere nabarmendu ditu epaimahaiak: Miel Anjel Elustondok BERRIAn argitaratutako Tonban ehortzirik elkarrizketa alegiazkoen sorta; Arantxa Arzak eta Felix Zubiak Euskadi Irratian egiten duten Osasun Etxea irratsaioa; eta Euskadi Irratiko Albiste Faktoria irratsaioko lantaldea, urte osoan egindako lanagatik.

Komunikazio sarirako ere lau hautagai

Komunikazio arloan beste sari bat banatuko dute, lau proiektu hauen artean: Egunean Behin jokoa, CodeSyntaxek sortua; Ene Kantak proiektua; Arteman, Lur eta Amets filma zabaltzeko egindako komunikazio lanagatik; Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus musika taldea, Urmuga proiekturako egindako iragarkiarengatik.

Zortzi finalistak Andoaingo Bastero kultur etxean azaroaren 26an egitekoa duten ekitaldian izango dira, eta han jakinaraziko dituzte arlo bakoitzeko irabazleak. Ekitaldian Xabier Lete hartuko dute gogoan, haren heriotzaren hamargarren urteurrena den honetan. Leteren lana aitortu eta eskertzeko, Joxan Goikoetxea, Klara Mendizabal, Petti eta Antton Valverde musikariek emanaldia egingo dute; 19:00etan hasiko da.

«Euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi kazetaritza sariaren helburua», hala aitortzen du sariaren lehen oinarriak. 2019ko irailaren 15etik 2020ko irailaren 16ra bitartean egindako lanak hartu dituzte aintzat. Euskarri eta formatuen artean bereizketarik egin gabe nabarmentzen dute arlo bakoitzean lan bat. Eta Kazetaritza arloko saria erabakitzeko, aintzat hartzen dituzte, besteak beste, kalitatea, berrikuntza, eredugarritasuna, lanketa, zehaztasuna, ikuspegi aniztasuna, kazetaritzako hizkera eta balioa.

Zortzi kide ditu aurtengo epaimahaiak: Mikel Arregi (epaimahaiko burua), Jose Inazio Basterretxea, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Maite Goñi, Elixabete Larrinaga, Ion Muñoa eta Jon Sarasua. Patxi Baztarrika dute idazkari. Haiek izendatuko dituzte sarien irabazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.