EUSKAL PRESOAK

Urtarrilaren 6an emanen dute Urrutikoetxearen estradizioari buruzko erabakia

Gaur iragan da Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzko estradizioa aztertzeko auzi saioa, Parisko Dei Auzitegian. Defentsaren abokatuak estradizioaren aurka egin du, eta fiskaltzak, berriz, informazio gehigarria eskatu du.

Josu Urrutikoetxea, joan den azaroaren 17an, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 2a
21:10
Entzun

Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeari buruzko lau auzietatik bat iragan da gaur Parisko Dei Auzitegian, Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzkoa, eta epaileak jakinarazi du urtarrilaren 6an emanen duela erabakia. Defentsaren abokatuak estradizioaren aurka egin du auzi saioan, eta fiskalak, berriz, informazio gehigarria eskatu du. Azaroan zen egitekoa auzia, baina, atzeratuta, gaur egin dute.

Guztira bi euroagindu eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Espainiak Urrutikoetxeari. 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian estradizioa onartu zuen Dei Auzitegiak urtarrilean. Defentsak helegitea jarri zuen Kasazio Auzitegian, eta azaroaren 17an eman zuten erabakiaren berri: Espainiaratzea onartu du auzitegiak. Herriko tabernen auziagatik ere Espainiaratzea onartu zuen Kasazio Auzitegiak azaroan, euroagindu eskaerari erantzunez. Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera atzera bota zuen Dei Auzitegiak uztailean, ordea. Hergetarena ebaztea falta da.

Euroagindu eta estradizio eskaerez gain, bi epaiketa ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat otsailera gibelatu zuten, eta bertzea instrukziora bidali du epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.