EUSKAL PRESOAK

Abenduaren 2ra atzeratu dute Urrutikoetxearen bigarren estradizio eskaria aztertzea

1980an hildako Luis Hergetari buruzko estradizio eskaera aztertu behar zuen gaur Parisko Dei Auzitegiak, baina forma akatsengatik atzeratu du. Haren aurkako lau Espainiaratze eskaeretatik bi onartu dituzte auzitegiek oraingoz, eta bat ukatu.

Josu Urrutikoetxea Parisen, azaroaren 3an. IAN LANGSDON / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 18a
17:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeari buruzko lau auzietatik bat iragan behar zen gaur Parisko Dei Auzitegian: Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzkoa. Epaileak, ordea, abenduaren 2ra atzeratzea erabaki du, forma akatsengatik. Data horretan aztertuko dute Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera, baina baliteke erabakiaren berri aitzinago ematea.

Guztira bi euroagindu eskaera eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Espainiak Urrutikoetxeari. 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian estradizioa onartu zuen Dei Auzitegiak urtarrilean. Defentsak helegitea jarri zuen Kasazio Auzitegian, eta atzo eman zuten erabakiaren berri: Espainiaratzea onartu du auzitegiak. Herriko tabernen auziagatik ere Espainiaratzea onartu zuen Kasazio Auzitegiak azaroan, euroagindu eskaerari erantzunez. Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera atzera bota zuen Dei Auzitegiak uztailean, ordea. Hergetarena ebaztea falta da.

Euroagindu eta estradizio eskaerez gain, bi epaiketa ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat otsailera gibelatu zuten, eta bertzea instrukziora bidali du epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.