COP26

Ikatza baztertzeko eskatzen du bigarren zirriborroak ere, baina diskurtso leunagoarekin

Ez da espero konpromiso ausartagoak hitzartzea Glasgowko goi bileran. Hori dela eta, zenbait herrialde presio egiten ari dira estatuek asmo handiagoko planak zehaztu ditzaten 2022 amaierarako.

Ekintzaile ekologisten manifestazio bat, gaur, Glasgown. ROBERT PERRY, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 12a
12:45
Entzun

Negoziazioak azken txanpan sartu dira Glasgown (Eskozia), Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari aurre egiteko antolatu duen nazioarteko COP26 goi bileran. Estatuek akordio bat negoziatzeko tartea izango dute, ofizialki, gaurko 19:00ak arte. Dena den, aurreko COP goi bileretan elkarrizketak larunbat iluntzera arte eta igandera arte ere luzatu izan dira. Adierazpena onartzeko ia 200 estatu parte hartzaileen aho bateko adostasuna behar denez, eta batzuek eta besteek interes oso desberdinak dituztenez —askotan aurkakoak—, elkarrizketak korapilatsuak izan dira.

Adierazpen bateratu bat lortzeko azken ahaleginetan, herrialdeek esku artean darabilten akordiorako bigarren zirriborroa egin dute publiko gaur goizean. Aurreko zirriborroan bezala, ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria jasotzen du testuak, baina diskurtso leunagoarekin. Bestetik, herrialdeek orain arte hartu dituzten konpromisoak gaindituko dituzten planak aurkezteko eskatu die, 2022rako, ezarriko dituzten neurriak bateragarri izan daitezen Parisko Hitzarmenean jasotako helburuekin.

COP26a hartzen duen eraikinaren kanpoaldean, ekintzaile ekologistak protestan ari dira agintariei exijitzeko neurri ausartagoak har ditzatela.

Sustatzaileek eginkizun argi bat jarri zioten COP26 goi bilerari hasieratik: Lurraren berotzeak mende amaieran 1,5 graduko tenperatura ez gainditzea, industriaurreko datuekin alderatuta. Parisko Hitzarmenean jasotako helburu hori berresten du zirriborroak, herrialdeen konpromisoak neurtzeko erreferentzia gisa, eta, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak galdegin bezala, ezinbestekotzat jo du berotegi gasen isuriak 2030. urterako %45 murriztea eta karbono neutraltasuna 2050erako lortzea.

Egoera horretara iritsi ahal izateko, adituen iritziz, gakoa izango da ikatzaren eta gainerako erregai fosilen erabilera baztertzea, horien errekuntza baita Lurraren berotzearen arrazoi nagusia. Akordiorako lehen zirriborroak «ikatza eta erregai fosilei bideratutako diru laguntzak baztertzeko neurriak azkartzea» eskatzen zien estatuei, energia iturri horien erabilera amaitzeko epemugarik zehaztu gabe. Aipamen horren inguruan, ordea, presio egin dute erregai fosilekiko mendekotasun handia duten herrialdeek, eta testua leuntzea lortu dute bigarren zirriborroan. Horrek dio estatuek «murriztu gabeko ikatz energia baztertzeko» neurriak azkartu behar dituztela —hau da, karbonoa xurgatzeko sistemarik erabiltzen ez duten ikatz azpiegiturak alboratu beharko dituztela—, eta «eraginkorrak ez diren erregai fosilentzako diru laguntzak» emateari utzi.

Azken orduko negoziazioetan aipua ezabatzen ez badute, lehen aldia izango da COP goi bilera bateko adierazpen batek erregai fosilak amaitu beharra aipatzen duela. Petrolio, gas eta ikatz ekoizle handiak diren estatuek —Saudi Arabiak eta Australiak, esaterako— kontrako jarrera irmoa agertu dute testuaren pasarte horren aurka, eta erregai fosilen aipamena kentzeko exijitu dute.

Bestetik, estatuek 2030. urterako emisioak murrizteko hartuak dituzten konpromisoak indartu behar dituztela nabarmentzen du dokumentuak, eta datorren urteko COP27rako plan ausartagoak aurkezteko eskatu die, 1,5 graduren xedeari eutsi ahal izateko.

Lehenengo dokumentuak ez zuen aipatu isuriak gutxitzeko helburu zehatzik, eta negoziazioei erreparatu zietenek ez dute itxaropen handirik aurtengo goi bileran konpromiso konkreturik adostuko dutenik. Hori dela eta, datorren urtean helburuak berrikusteko akordioa lortzean jarri dituzte indarrak. Parisko Hitzarmenaren arabera, sinatzaileek bost urtean behin aztertu behar dute klima larrialdiari aurre egiteko onartu dituzten planen eraginkortasuna, baina hainbat herrialde, batez ere garabidean daudenak, presio egiten ari dira epe hori urtebetera laburtzeko.

Herrialde horiek, gainera, estatu aberatsenei finantza konpromisoak betetzeko eskatzen ari dira. Estatu aberatsek, klima aldaketaren erantzule historikoak direnek, 2009an adostu zuten urtero 85.000 milioi euro bideratuko zituztela garabidean dauden estatuetara 2020tik aurrera, klima larrialdiari aurre egiteko egin behar dituzten aldaketak bultzatzeko eta, berotzearen ondoriorik larrienak jasango dituztenez, kalteak ahalik eta gehien gutxitzeko. Konpromiso hori bete eta diru kopuru handiagoa bideratu beharko lukete herrialde aberatsek garabidean diren estatuetara, 2025erako, bigarren zirriborroaren arabera.

Aldea nabaria da COP26ko akordioa izan daitekeenaren zirriborroek orain arte jaso dutenaren eta klima larrialdia ikertu duten hainbat elkarte zientifikok kaleratu dituzten txostenen artean. Zirriborroen arabera, datorren urterako atzeratuko da asmo handiagoko konpromisoak eta neurri eraginkorrak zehazteko lana. Txosten zientifikoek «berehalako» urratsen premia nabarmendu dute hamarkada «kritiko» honetan, 1,5 graduko helburuak lorgarria izaten jarrai dezan.

Gizadia xede hori lotzeko bidetik oso urrunduta dagoela ohartarazi dute hainbat adituk. Ildo horretan, Climate Action Tracker ikerketa taldeak atzo adierazi zuen egungo egoeraren eta 1,5 graduren helburua bete ahal izateko sortu beharko liratekeen baldintzen arteko aldea %9 murriztuko litzatekeela baldin eta estatuek orain arte COP26n iragarri dituzten konpromisoak beteko balituzte. Beste txosten batean nabarmendu zuenez, neurri horiekin, 2,1 gradu egingo luke gora Lurraren tenperaturak mende amaierarako. Dagoeneko, planetaren berotzea 1,1 gradukoa da industriaurreko datuekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.