Sindikatuak

LABek greba orokorra baztertu du, ELAren «jarreragatik»

LABek taktizismoa leporatu dio ELAri: alderdi politikoek Madrilen hartzen dituzten erabakien arabera jokatzea. ELAk erantzun du ez diola grebara deitzeko aukerari «inolaz ere» uko egingo «erreformen mehatxuak dirauen bitartean»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Mitxel Lakuntza ELAkoa, 2019ko mobilizazio batean. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 7a
11:12
Entzun

Argitu da azken hilabeteetan ELA eta LABen arteko harremanak gehien baldintzatu dituen auzietako bat. Ohar batean, LABek jakinarazi du Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitzeko aukera «zapuztu» egin dela, eta hori gertatu dela bi sindikatu abertzaleek «jarrera desberdinak» izan dituztelako mobilizazioaren «izaeraren eta kudeaketaren» inguruan. Erantzukizunak banatu arren, LABek bestearen zelaian utzi du pilota, gogoratuta bere jarrerarekin ELAk ere ez duela bere helburua bete: alegia, Madrilen negoziatzen ari diren pentsio eta lan erreformetan eragitea. LABek grebarako aukera itxi arren, ELAk, bere erantzunean, zabalik utzi du aukera hori, «erreformen mehatxuak dirauen bitartean».

LABek Maiatzaren Leheneko ekitaldietan proposatu zuen greba orokorrera deitzeko aukera; haren asmoa zen «lehenbailehen» deitzea, urtea amaitu baino lehen, Madrilgo negoziazioetan «ahalik eta eragin handiena izateko». Baina salatu du ELAk nahiago izan duela unea atzeratuz joatea, «Madrilen hartuko ziren erabakietatik greba orokorrerako pizgarria sortuko zelakoan».

Udaberritik, zurrumurru ugari izan dira balizko data bati buruz, baina ELAk, LABek ez bezala, ez du inoiz epeei buruz hitz egin nahi izan. Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak oso presente izan du EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoak beharrezkoa zirela euskal langileei eta pentsiodunei eragingo dieten erreformak onartzeko, eta alderdi horiek estu hartzeko erabili du greba orokorrera deitzeko aukeraren karta.

Azken egunetan, baina, bizkortu egin dira gertaerak. Aurreko astean Espainiako Kongresuak ahalbidetu zuen pentsioen erreformaren zati batek aurrera egitea, EAJren aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Alderdi abertzaleek, gainera, akordioak egin dituzte Espainiako Gobernuarekin, aurrekontuen negoziazioetan. Eta lan erreformari buruzko akordioa ere gertu dago; urtea amaitu baino lehen aurkeztuko du gobernuak. Horrek guztiak eraman ditu sindikatuak fitxak mugitzera.

ELAk asteak zeramatzan greba orokorraren aukera aipatu gabe, gaur arte. LABi erantzuteko oharrean azpimarratu du ez diola aukera horri «inolaz ere» uko egingo: «EAJk eta Bilduk pentsioen erreforma ahalbidetzeko hartutako erabakiaren ondoren, greba orokorraren aukera baztertzeak bi alderdiei presioa eta erantzukizuna kentzea dakar». Dena den, LABen gaurko adierazpenek ulertzera eman dezakete orain bera dela aukera hori baztertzen duena. «Greba orokorra epe motzean antolatzeko prozesua kale itsu batera heldu da».

Helburuak bete gabe

Negoziazio prozesuan ELAk erakutsitako taktizismoa kritikatu du LABek, eta azpimarratu du ELAk ere ez duela lortu bere helburua. «Grebaren pizgarri litzatekeen gertakari baten zain egoteak gertakarietan eragiteko aukera galtzea ekarri du». Ohartarazi du grebari buruzko jarrera Madrilgo gertakarietara mugatzeak hango «eszenatokia eta agenda indartzen» dituela eta «Euskal Herrian egin beharreko bidea mugatzen» duela.

LABek onartu du Madrilen gerta zitekeena beretzat ere akuilu garrantzitsua zela grebara deitzeko, baina berretsi du berak oinarri «subiranistagoa» eman nahi ziola mobilizazioari, estrategikoagoa, bere asmoa «Euskal Herritik Euskal Herrirako greba bat» egitea zelako; horrekin batera, gogoratu du beste egitasmo batzuk ere proposatu dituela denbora honetan: adibidez, Lan Kode eta Gizarte Segurantza sistema propioak sortzeko lege egitasmoak.

LABek gogoratu duenez, greba orokor baten beharra plazaratu zuenean, Espainiako Gobernuaren erabakietan eragitea proposatu zuen, baina, bereziki, «Madrilen posible ez den ibilbide eraldatzailea Euskal Herrian posible egitea». Azpimarratu duenez, oinarri horren gainean «gehiengo nahikoa» zegoen grebara lehenbailehen deitzeko, baina azkenean ez da hala izan, ELAren jarreragatik.

Mobilizazio handi horren aukera baztertuta, LABek nabarmendu du eusten diola «borroka ziklo berri bat abian jartzeko helburuari» —Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak ELAren kongresuan esan zuen moduan—, eta iragarri du hurrengo asteetan «euskal ibilbide orri bat» prestatuko duela, «lantokietan borroka sindikalak ugaritu, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.