Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tabernak 01:00ean itxi beharko dituzte

Eusko Jaurlaritzak tabernetan zutik kontsumitzea ere debekatu du, eta edukiera gehienez ere %60koa izango da barnealdeetan. Ostalaritzaz gaindiko ekitaldi guztiak ere gehienez 01:00a arte izango dira. Neurriak urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean.

Labiren batzordeetako bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO, FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 27a
12:33
Entzun

Aurreikus zitekeen moduan, pandemiaren aurkako neurriak gogortzea erabaki du Labik. Batzordea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zuela, gaur arratsaldean bildu da, eta hainbat neurri adostu ditu, nagusiki ostalaritzari eragingo diotenak: tabernak eta jatetxeak beranduenez 01:00ean itxi beharko dira, ezingo da zutik kontsumitu, barnealdeetako edukierak gehienez ere %60koa izan beharko du, eta mahai bakoitzean gehienez hamar lagun elkartu ahalko dira. 01:00eko mugak eta %60ko edukierarenak gainontzeko kultur, gizarte edo kirol ekitaldiei ere eragingo diete.

Hortaz gain, kopuruz, ekitaldietako edukierak gehienez 600 lagunekoak izango dira barnealdeetan, eta 800ekoak kanpoaldean. Barnealdeetan kirola egiteko, berriz, gehienez hamar lagun elkartu ahalko dira, eta aldagelek %50eko edukiera izango dute.

Jaurlaritzak gabonetarako neurri bereziak ezarriko zituela ere esan du azken egunetan: hori dela eta, establezimendu komertzialek ezingo dute 08:00ak baino lehen zabaldu urtarrilaren 1ean eta 6an. Urtezahar, urteberri, eta errege eguneko bazkari eta afariei buruz, berriz, Urkulluk gehienez hamar lagun elkartzeko gomendioa eman du.

Neurri horiek bihartik urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean. Labi gaur bildu da, 16:30ean, eta Urkulluk bilera bukatu ondoren eman du erabakitakoaren berri.

Txibiterekin adostuta

Espainiako Gobernuak joan den astean agindu zuen aire zabalean ere maskara erabiltzeko, eta kalean maskara jartzeari dagokion neurria ezarri zen Hego Euskal Herrian. Ordea, Urkulluk adierazi zuen neurri horiek ez direla aski pandemiaren bilakaerari kontra egiteko, hark ere neurri hori indarrean jartzeko eskatua zuen arren.

Aisialdiarekin lotutako proposamen sorta bat eraman zuen Urkulluk autonomia erkidegoetako presidenteen bilerara joan den astean, ostatu eta denden ordutegiei eta edukierari eragingo lieketenak. Hala ere, adostasunik lortu ez, eta, printzipioz, Jaurlaritzak erabaki zuen bere kabuz neurririk ez hartzea, iritzita gainerako erkidegoekin koordinatu gabeko erabakiak hartzea ez dela «eraginkorra». Biharamunean, ordea, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Urkulluri deitu zion, erkidego mugakideetan aplikatuko liratekeen zenbait neurri komun adosteko.

Auzitegiari kontsulta egin gabe

Nafarroak atzo eman zuen indarrean jarri nahi dituen neurrien berri: ostatuak, saltokiak, dantzalekuak, kontzertu aretoak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, joko aretoak, peñak eta elkarte gastronomikoak 01:00ean ixtea nahi du, eta 06:00ak baino lehenago ez irekitzea. Ekitaldi sozialak, kulturalak eta kirolekoak ere arautu nahi ditu.

COVID ziurtagiriari dagokionez, gobernuak erabaki du hura eskatzeko derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaltzea; adibidez, zahar etxeetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko; baita turismorako ostatuetarako, gimnasioetarako eta kirola esparru itxietan egiten den eremuetarako ere, lehiaketetarako salbu. Kanpo utziko ditu terrazak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari igorri zion foru agindua atzo, eta gaur erantzun dute baiezkoa epaileek.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du asmorik bere neurri sorta auzitegian aurkezteko. Pandemiaren aurka onartutako legearen gerizpean aurkeztu ditu neurri murriztaile berriak, eta, hartara, ez du uste auzitegien oniritzirik beharko duenik horiek indarrean jartzeko. Lehenago ere auzitegiek maiz bota dituzte atzera Jaurlaritzak aurkeztutako neurriak, eta, Labik proposatutako murrizketak bihar argitaratuko direnez, ez dago apenas denborarik helegiteak aurkeztu eta 31 gauerako erabaki bat hartzeko.

Ipar Euskal Herrian, berriz, etxeratze agindurik ez da izango. Neurri hori baztertu duela jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak atzo. Baina jende biltzeak mugatuko ditu: eremu itxietan ezingo dira 2.000 pertsona baino gehiago elkartu, eta eremu irekietan ezingo dira elkartu 5.000 lagun baino gehiago. Ostatuetan eserita egon beharko da, eta jatea eta edatea debekatu dute garraioetan eta zinema aretoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.