Errefuxiatuak

Ahal Dugu-k harrera plan integral bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Alderdiaren aburuz, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoa, eta exijitu du errefuxiatuentzako gizarte laguntzak sustatzeko.

Jaurlaritzak Irunen ireki berri duen harrera zentroa. MAIALEN ANDRES / FOKU
2022ko martxoaren 25a
14:14
Entzun

Ukrainatik iristen ari diren errefuxiatuek «bizitza duina izan dezaten ahalbidetzeko» eskatu dio Ahal Dugu-k Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, «krisi humanitarioen harrera integralerako eta iraunkorrerako plan bat» garatzeko exijitu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta, oro har, migrazio politika bat zehazteko.

Ahal Dugu-k ontzat jo ditu Jaurlaritzak gobernuz kanpoko erakundeekin batera ukrainarrei harrera egiteko martxan jarri duen kontingentzia plana: besteak beste, berehalako harrerara bideratutako zentro bat ireki dute Irunen, eta handik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste zentro batzuetara bideratzeko protokoloak ezarri. Halere, kritikatu du planak ez duela jasotzen errefuxiatuak udal erroldan sartzeko laguntzarik eta haiei nazioarteko babesa aitortzeko eskaerak egiteko modurik, ezta harrera lanetan jarduten duten gizarte erakundeentzako diru laguntzarik ere.

Alderdiaren arabera, gainera, beste gobernuak urrats bat egin behar du, eta errefuxiatuen integrazioa eta haientzakogizarte laguntzen afera «premiaz» tratatzeko eskatu dio: «Gobernuak ezin ditu alde batera utzi harreraren arloan dituen eskumenak». Izan ere, gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dela berria errefuxiatuei eta igaroan doazen migratzaileei harrera egiteko plan baten beharra.

Kontrara, Ahal Dugu-k salatu du «errefuxiatuen eta migratzaileen etorrerak gora egin arren» Jaurlaritzak ez duela inolako neurririk hartu haiei gizarte laguntzak bideratzeko; besteak beste, gaitzetsi dio ez dituela malgutu diru sarrerak bermatzeko errenta jaso ahal izateko baldintzak.

Bruselaren interes politikoak

Jaurlaritzaren jarrera soilik ez, Europako Batasunarena ere salatu du Ahal Dugu-k. Zehazki, Bruselari egotzi dio asilo eskubidea «modu maltzurrean» erabili izana, errefuxiatuen arteko bereizketak eginda: «Ukrainako gerrak erakutsi du inolako arazorik gabe posible dela errefuxiatuak hartzea, baita gizarteratzeko eta integratzeko mekanismoak bizkortzea ere». Hala, alderdiak kritikatu du «interes politikoek» beste zenbaitetan behar bezala ekitea galarazi dutela. «Orain aukera politiko baten aurrean gaude, Europar Batasunak drama humanitario guztiei irmo erantzun diezaien, pertsona horiek nondik datozen kontuan hartu gabe», azaldu du alderdiak, iritzita Ukrainako aferak eredu izan behar duela gainerako gatazketatik ihesi iristen direnekin jokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.