Kontu ekonomikoak

Industriak eta esportazioek eutsi egin diote hazkundeari

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %1 handitu zen urteko lehen hiruhilekoan, kontsumoa apaldu egin zen arren

Langile bat, Haizea Winden fabrikan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 3a
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko ekonomiak hazkunde sendo bati eutsi dio 2022. urtearen hasieran. Nafarroako barne produktu gordina %1 handitu zela aurreratu zuen Nastatek duela aste batzuk, eta Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa ere kopuru horretan handitu dela berretsi du Eustatek. Industria eta esportazioak izan dira ekonomiaren motorra, inflazio handiak eraginda-edo kontsumoa apaldu egin zelako urtarriletik martxora.

Prezioen gorakada handiak eta Ukrainako gerrak ekonomiaren hazkundea oztopatuko zuten kezka zabaldu da azkenaldian, baina datuek ez dute, oraingoz behintzat, kezka hori berretsi. Gora egiten ari da enplegua —hirugarren hilabetez jarraian, Gizarte Segurantzak afiliatuen marka hautsi du Hego Euskal Herrian—, eta BPGak ere hazkunde tasa sendoa izan du, moteltze txiki bat egon den arren: %1,3 handitu zen 2021eko azken hiruhilekoan, eta %1 2022ko lehenengoan.

Urte arteko tasan, hazkundea oso ikusgarria da, %5,7koa, baina kontuan hartu behar da iazko lehen hiruhilekoa kaskarra izan zela oso: koronabirusaren hirugarren eta laugarren olatuei aurre egiteko jarduera murriztua izan zuten hainbat sektorek, eta, horregatik, normala da harekiko aldea oso handia izatea. Horrek azaltzen du, esaterako, hazkunderik handiena merkataritzak, ostalaritzak eta garraioak izatea, %11koa hain zuzen ere, haiek jasan baitzituzten murrizketa gehien 2021eko hasieran.

Pentsatzekoa da hurrengo hiruhilekoetan moteldu egingo dela urte arteko tasa, portaera ekonomiko normalagoa izan zuten iazko hiruhilekoekin egingo baitira konparazioak. Gainera, eta hazkundea etetea espero ez bada ere, gerrak, inflazioak eta hornidura arazoek beren eragina izango dute, eta nekez izango da onerako. Eragin hori bi puntutik gorakoa izango da, Eusko Jaurlaritzaren iritziz: martxoan, Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak iragarri zuen %4,5 handituko dela aurten BPGa: aurretik zioen baino 2,2 puntu gutxiago.

Zerbitzuen ekarpen eskasa

Urte hasierako hazkundea, hein oso handi batean, industriari zor zaio. Lehengaien garestitzea eta osagai askoren falta gorabehera, %3,5eko hazkundea izan du aurtengo lehen hiruhilekoan; gainera, ez da guztiz energiaren ekarpenari esker izan —Petronor eta Bahia de Bizkaia Gas—, manufaktura industria bera %3,4 hazi baita. Nekazaritzaren (+%15) eta eraikuntzaren ekarpena ere handia izan da (+%2,5), eta horri esker konpentsatu dute zerbitzuen emaitza kaskarra (+%0,1).

Industriaren indarra antzematen da beste bi datutan ere: batetik, eskariaren aldetik, kanpo merkataritza izan da atalik indartsuena: %6,3 handitu da esportazioen ekarpena, %4 inportazioena; bestetik, kapital eraketa gordina %1,5 handitu da, eta horrek erakusten du enpresak makina berrietan inbertitzen ari direla.

Portaera apalagoa izan du kontsumoak: %0,9 uzkurtu da iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenengora, batez ere kontsumo publikoa asko jaitsi delako (-%3,5). Baina kontsumo pribatua %0,2 jaitsi izanak erakusten du inflazioa eragina izaten ari dela.

Enpleguari dagokionez, hazkunde sendoa izan du: %0,9koa aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, eta %0,5ekoa urte arteko tasan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.