Inflazioa

Errenta apalekoei diru laguntza zuzen bat emango die Espainiako Gobernuak

Larunbateko ministroen kontseilu berezian, luzatu egingo du erregaiaren deskontua, eta garraio publikoa merkatzeko neurriak ere mahai gainean daude. Argindar konpainien irabazi handiak zergapetuz finantzatu nahi dituzte neurriak.

Pedro Sanchez, Nadia Caliño, Yolanda Diaz eta Teresa Ribera, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 23a
18:26
Entzun

Andaluziako hauteskundeetan izandako porrotak ausartago jokatzera bultzatu ditu Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiak. Orain arteko balantzea defendatzearekin botoak bermatzeko nahikoa ez dela ikusita, urrunago joatea erabaki dute, eta herritarrak orain ziur aski gehien kezkatzen dituen arazoa —inflazioa— arintzeko neurri sorta bat onartuko du larunbat honetan.

Horien artean lehena jada ezaguna da —BEZa %10etik %5era jaitsiko du—, baina beste batzuk ere ziurtzat jo daitezke, xehetasunen faltan. Horien artean daude errenta apaleko herritarrei diru laguntza zuzen bat ematea, garraio publikoa merkatzea, eta erregaien deskontua luzatzea. Neurri horiek finantzatzeko bideetako bat izango da argindar konpainiek azkenaldian pilatutako irabazi handiak zergapetzea.

Ikusi gehiago:Alemaniak gasa errazionatzeko beste urrats bat egin du

Energiaren, elikagaien eta beste produktu eta zerbitzuren garestitzea konpentsatzeko txeke bat ematea dagoeneko erabakita dagoela aurreratu du El País egunkariak, gobernuko iturriak aipatuz. Ez da, ordea, denentzat izango; soilik errenta txikiak dituztenek jasoko dute, baina egunotan egiten ari diren gobernu barruko negoziazioetan erabaki behar dute zenbatekoa izango den eta zein izango den laguntza hori jasotzeko izan beharreko gehieneko errenta.

Aste honen hasieran, 300 euroko laguntza aipatu zuen Yolanda Diaz Lan ministroak (Unidas Podemos), eta El País-en iturriek ez dute baztertzen azkenean hori izatea kopurua.

Frantziako Gobernuak, esaterako, 200 euro banatu zituen abenduan: ehun euro energiaren prezioen emendatzearentzat, eta beste ehun euro inflazio orokorrarentzat. 2.000 euro baino lansari apalagoa zuten herritarrek jaso zuten laguntza, baina oso litekeena da muga hori askoz beherago jartzea Espainian.

Deskontuak luzatuko dituzte

Ziurtzat jotzen da erregaiaren prezioaren deskontu publikoak indarrean jarraituko duela, gutxienez beste hiru hilabetez. Apirilaren 1etik dago indarrean, eta orduz gero erregaiak are gehiago garestitu dira, hogei zentimoko deskontua guztiz jateraino. Neurria indarrean jarri zen astean, gasolinak batez beste 1,834 euroko prezioa zuen Hego Euskal Herrian, eta aste honetan 2,164 euroan dago; hots, 33 zentimo garestiago. Gasolioa, berriz, 24 zentimo garestitu da: 1,872tik 2,114raino.

UPk proposatu izan du errentaren araberako deskontua izatea eta soilik errenta ertainak edo apalak dituztenek jasotzea. Aukera hori, ordea, erabat baztertu du gobernuko alde sozialistak, teknikoki oso konplikatua dela argudiatuta. Ados daude, ordea, garraiolariei eta lehen sektorekoei laguntza handiagoa eman behar zaiela.

Garraio publikoa merkatzeko formulen bila ari dira, baina gai horrek baditu zailtasunak, udalen, mankomunitateen eta diputazioen eskumena delako.

Enpresa elektrikoek ordain dezatela

Neurri horiek guztiek kostu bat dute kutxa publikoentzat, eta ez diete, berez, inflazioaren erroei erantzuten. Horregatik, hainbat kritika jaso dituzte, baita gobernuaren barruan ere. Atzo bertan, Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak esan zuen neurriak onartzearen alde zegoela, baina ziurtatu zuen ez direla erabateko konponbidea: «Zergak soilik auzitan jartzea, edo pentsatzea aurrekontuetako baliabideak herritarrei transferitzeak ez duela mugarik, errealitatea modu desitxuratuan ikustea da».

BEZa %5era jaisteak hiruhileko bakoitzean 600 milioi euroko kostua du, eta hori ordaintzeko bidea argindar konpainiei zerga berezi bat jartzea ote den aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Berehala nahi du UPk, eta sozietate zerga hamar puntu igotzeko proposatu du; PSOEk, zuhurrago, 2023ra arte atzeratu nahi du, Bruselaren baimena jaso arte, eta «ezohiko irabaziak» soilik zergapetu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.