KPI

Erregaiak merkatzeak ez du eten inflazioaren igoera

Espainian, %10,2tik %10,8ra handitu da uztailean; Frantzian, hiru hamarren emendatu da, %6,1eraino.

Elikagaien garestitzeak are gehiago handitu du inflazioa uztailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 29a
10:26
Entzun

Gasolina eta gasolioa nabarmen merkatu dira uztailean, atzeraldi baten hots gero eta ozenagoak petrolioaren prezioa merkatu duelako. Baina merkatze hori ez da nahikoa izan KPI kontsumo prezioen indizearen goranzko bidea eteteko, inflazioa beste produktu eta zerbitzu gehienetara hedatzen ari delako.

Hego Euskal Herriko inflazioaren datua abuztuaren 12an kaleratuko du INE Espainiako Estatistika Institutuak, eta badirudi oraingoan zail izango duela bi zenbakiko kopuru bati izkin egitea, Espainian izan duen igoera handia ikusita. Ozta-ozta egin zuen martxoan (%9,6) eta ekainean (%9,7).

Izan ere, INEk gaur goizean Espainiarako emandako datu aurreratuak esaten du sei hamarren handitu dela urte arteko inflazioa, %10,2tik %10,8ra. Tasarik handiena da 1984ko irailaz geroztik, eta, INEren arabera, elikagaien eta argindarraren garestitzearen ondorio da.

Argindarra sortzeko erabiltzen den gasari gehienezko muga bat jartzeak elektrizitatearen prezioa apalduko zuela uste zen, baina eguraldi beroak kontsumoa handitu du, etak lehorteak eta haize eskasiak energia hidraulikoaren eta eolikoaren ekarpena asko gutxitu duenez, gas asko erre behar izan dute ziklo konbinatuko zentralek, eta horrek desegin egin du prezioak apaltzeko tresnaren eragina. Hori bai, hura gabe %15-20 garestiagoak izango lirateke.

Jantziek eta oinetakoek ere izan dute zerikusia uztaileko inflazioaren datuan, iaz baino gutxiago merkatu direnez, urte arteko tasan igoera dakar horrek.

Bada beste datu bat inflazioa ekoizpen sarean txertatu dela ikusteko: %5,5etik %6,1era igo da azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak aintzat hartzen ez dituena.

Frantzian, 1985eko kopuruetan

Espainian ez ezik, Frantzian ere asko handitu dira prezioak azken urtean. Insee estatistika erakundeak dio urte arteko inflazioa %5,8tik %6,1era igaro dela uztailean. Kopururik handiena da 1985eko uztailaz geroztik. Pixka bat apaldu da energiaren garestitzea —ekaineko %33,1etik uztaileko %28,7ra emendatu da—, baina handitzen ari da elikagaiena —%5,8tik %6,7ra—, eta zerbitzuena —%3,3tik %3,9ra—.

Datu handia izan arren, Frantzia da eurogunean inflaziorik txikiena duen herrialdeetako bat. Arrazoien artean dago gobernuak muga bat jarri diola argindarraren garestitzeari (%4). Erabaki horren ondorioz —eta bere parke nuklearraren erdia itxita izateagatik, arazo teknikoak direla eta—, galera handiak pilatzen ari da EDF Frantziako argindar konpainia publikoa; atzo jakinarazi zuenez, urteko lehen erdian 5.300 milioi euro galdu zituen.

Zenbaki gorri horiek kontraste handia egiten dute beste argindar konpainia handi batzuk pilatzen ari diren irabazi mardulekin. Iberdrolak, esaterako, 2.075 milioi bat euro irabazi ditu urtarriletik ekainera, iaz baino heren bat gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.