Energia krisia

Alemania zentral nuklearren erabilera luzatzea aztertzen ari da

Errusiako gas hornidura arazoei aurre egiteko hartuko luke erabakia. Egun hiru planta ditu martxan, eta urte amaieran ixteko asmoa zuen.

Scholz kantzilerra, Nord Stream 1en turbinaren aurrean, asteazken honetan. S. STEINBACH / EFE
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 3a
17:49
Entzun

«Zentzua izan dezake». Hitz horiekin mintzatu da Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Errusiatik datorren gasaren murrizketaren ondorioz herrialdean duten energi krisia konpontzeko zentral nuklearren erabilera luzatzeko aukerari buruz. Urte honen amaieran azken hiru plantak ixteko asmoa zuen Alemaniak, baina baliteke atzeratzea.

Erabakiak kantziler sozialdemokrataren koalizio gobernuko kideak zatitzen ditu. Berdeek baztertzen dute aukera hori; liberalak, aldiz, alde daude, eta, gainera, jada deskonektatuta dauden baina teknikoki berriro funtzionatzeko gai diren beste zentral batzuk berriro martxan jartzea proposatu dute. Scholzek esan duenez, erabaki bat hartu aurretik ebaluazio zehatz bat egingo dute herrialdeak dituen gas erreserbei buruz eta asteon egiten ari den argindar sistemaren «erresistentzia probaren» ondoren.

Errusia da herrialdearen gas hornitzaile nagusia, eta gasa erabiltzen duten zentral termikoetan ekoizten du argindar gehiena, azken urteetan zentral nuklear eta ikatzezko zentral termiko gehienak itxi ondoren. Uztailean, Errusiako Gazpromek gas hornidura erabat eten zion hamar egunez, eta berriro martxan jarri zuenean, edukieraren %20ra murriztuta egin zuen, Nord Stream 1 gasbiderako turbina bat falta zuela argudiatuz. Argudio horri eusten dio Moskuk, baina asteazken honetan Scholzek agerraldia egin du turbinaren aurrean, Kanadatik Alemaniara eraman berri dutena.

Ikatza ere bai

Egoera hori gorabehera, Alemaniak bere gas biltegien maila %64ren gainetik mantentzea lortu zuen, eta, gasbidea berriz martxan jarri ondoren, %68raino igo du. Gobernuaren helburua da irailaren hasieran %75era eta azaroan %95era iristea, neguan gas hornidurak bermatzeko.

Dena den, elektrizitatearen ekoizpenerako gasa erabilera murrizteko, funtzionamendutik kanpo zegoen ikatzezko zentral termiko bat aktibatu du azken egunetan, eta gehiagorekin gauza bera egiteko erabakia hartua du. Orain zentral nuklearrekin gauza bera egitea planteatzen ari da.

Frantziak ere nuklearren alde egin du, baina arazoak ditu zentral batzuekin, mantentze lanengatik, eta horietako batzuk deskonektatu behar izan ditu azken asteetan. Mantentze lanen kostu handiak dira, hain justu, azken urteetan Europako zentral nuklear askoren itxieraren atzean dagoen arrazoi nagusia, segurtasun arriskuekin batera. Scholzek Frantziaren egoera ekarri du gogora eta bereak aktibatuta inguruko herrialdeak lagun ditzakeela azpimarratu du. «Ekarpen garrantzitsua egin diezaiokegu Europaren elkartasunari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.