Kolonbia

AEBak Kolonbiako bake prozesua oztopatzen saiatu zirela ondorioztatu du Egiaren Batzordeak

Txosten batean ziurtatu du AEBetako Drogaren Aurkako Agentziak (DEA) bake akordiotik ateratzera eta delituak egitera bultzatu zuela Jesus Santrich FARCeko burua.

Jesus Santrich gerrillaria. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko abuztuaren 22a
11:17
Entzun

Kolonbiako Egiaren Batzordeak bake prozesuaren oztopoei buruz egin duen txosten batean ziurtatu du AEBetako Drogaren Aurkako Agentziak (DEA) disidentziara bultzatu zuela FARCeko gerrillari talde ohi bat. Joan den astean aurkeztu zuen txostenean dio DEAk diseinatu zuela operazioa, eta Seuxis Pausias Hernandez Solarte Jesus Santrich FARCeko buruetako bat bake akordiotik ateratzea eta delituak egitea zuela helburu. Santrichek eta beste gerrillari talde batek 2019an utzi zuten Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioa, eta Bigarren Marquetalia talde disidentea sortu zuten.

Kolonbiako bake prozesuaren jarraipenerako oztopoak du izena txostenak, eta Kolonbiako Cambio aldizkariak jaso du horren berri. Egiaren Batzordearen arabera, Gustavo Calvache erretiroan zen Kolonbiako armadako koronelak eta Santrichen iloba Marlon Marinek parte hartu zuten operazioan. Rodrigo Londoño Timochenko-ren eta Luciano Marin Arango Ivan Marquez FARCeko buruaren arteko desberdintasunak areagotu nahi zituzten. Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 2016an Habanan sinatu zuten bake akordioa, eta hori ezartzeko moduak bereizten zituen FARCeko bi buru horiek. Azkenean, Ivan Marquezek armen bideari ekin zion berriro 2019an, Santrichekin batera.

Kokaina eta Poliziaren azpijokoak

Egiaren Batzordeak txostenean jaso dituen telefono elkarrizketa batzuen transkripzioaren arabera, Nestor Humberto Martinez Kolonbiako fiskal nagusiak kokaina erabiltzea baimendu zuen Santrichen aurkako Poliziaren azpijoko baterako. Gainera, Ivan Cepeda senatariari 2017an bidalitako gutun bat ere jasotzen du, zeinetan ohartarazten zaion DEArekin koordinatutako Kolonbiako Fiskaltzaren talde berezi bat hainbat gerrillari ohi ari zela zelatatzen narkotrafikoarekin lotzeko. «Ziurrenik, azpijokoak egin behar dituzte krimen antolatuarekin lotzeko eta delituak egitera bultzatzeko», dio gutunak. Zehazten du Fiskaltzaren talde berezi horrek autonomia osoa zuela, AEBen babesa eta immunitatea zuela eta Mauricio Nietok zuzentzen zuela, garai horretan Kolonbiako Poliziaren zuzendari zenaren anaiak.

Santrich 2018ko apirilean atxilotu zuten, Ordezkari Ganberako diputatu zela, eta narkotrafikoa leporatu zioten. Espetxean bere buruaz beste egiten saiatu zen. 2019ko maiatzean utzi zuten aske, eta abuztuan iragarri zuen beste gerrillari batzuekin batera indarkeriaren bideari ekin ziola berriro, Kolonbiako Gobernua akordioa betetzen ari ez zelako: «Munduari iragartzen diogu Bigarren Marquetalia hasi dela, munduko herriek zapalkuntzaren kontra altxatzeko duten eskubide unibertsalean oinarrituta», esan zuen gerrillari talde horrek erabakiaren berri emateko argitaratu zuen bideoan; bideoan ziren Santrich eta Ivan Marquez. Marquetalia Kolonbiako lurralde bat da, eta han sortu ziren FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak, 1964an.

Egiaren Batzordearen arabera, Santrichen atxiloketak beste biolentzia ziklo bat eragin zuen Kolonbian, eta kolokan jarri zuen bake akordioa. Batez ere, Bakerako Jurisdikzio Bereziaren zereginean eragin zuela azpimarratu du. Hori da gatazkan parte hartu zutenen kasuak ikertzeko sortu zuten justizia trantsizionaleko auzitegia. Atxiloketak, gainera, «ehunka gerrillari» armak hartzera bultzatu zituen berriro, eta bake prozesuak porrot egin zuelako ustea zabaldu zuen herritarren artean, txostenaren arabera. Santrich 2021ean hil zen, Venezuelan, baina Bigarren Marquetalia taldea aktibo dago oraindik Kolonbian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.