Sindikatuak

Aranburu: «LAB ez da egongo erosahalmena galtzea dakarten akordioetan»

Errenta paktua erabat baztertu du Garbiñe Aranburuk, eta iragarri du soldatak KPIaren arabera igotzearen alde borrokatuko dela.

Endika Perez eta Garbiñe Aranburu, gaur, LABen Bilboko egoitzan. LAB
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 1a
12:33
Entzun

Ikasturtea ohar batekin hasi du LABek: sindikatuak ez du parte hartuko soldata errealak murrizten dituen akordio orokor batean. Oharra Iñigo Urkulluri egindakotzat uler daiteke, aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beharrezkotzat jo baitu errenta paktu bat egitea.

Espainiako Gobernuak eta gizarte eragileek esku artean duten gai bat da, une honetan blokeatuta dagoena, eta soldata igoerak urte batzuetan mailakatzea ekar dezake, langileen aldeko beste segurtasun batzuen truke.

Bada, aurretik ELAk egin bezala, LABek berriro esan du ez dela izango halako negoziazioetan. «Berriro diot: guk ez dugu parte hartuko, ez dugu elikatuko, ez dugu babestuko aberastasunaren bidezko banaketarik ekarriko ez duen inolako itunik», esan du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak, udako oporren osteko lehen agerraldi publikoan, Bilbon.

Doi-doi, kontrakoa egin nahi du sindikatu abertzaleak: langileek aberastasunaren banaketan duten zatia handitu nahi du, azken urteetan behera egin duelako.

Soldata duinak lortzeko proposamenak

Horretarako bi bide ikusten ditu: batetik, zerga erreforma bat eginez; eta, bestetik, soldata duinak lortuz.

Azken horri buruz, gutxieneko baldintza bat finkatu du LABek: inflazioa oso handia izanagatik, soldatak eguneratzean erosahalmenari eusten diotela bermatu behar du negoziazio kolektiboak. Hau da, gutxienez KPIa adina igo behar dute.

Patronalak eta enpresa zuzendaritzak saiatzen ari dira inflazioaren azpitik eguneratzen soldatak, eta, horren ondorioz, lan gatazkak asko ugaritu dira azken hilabeteetan, eta lan hitzarmen handien negoziazioa blokeatuta dago.

Soldatei dagokienez, LABek beste hiru proposamen ditu: gutxieneko soldata 1,400 euroan ezartzea (1.000 euroan dago otsailaz geroztik), soldata arrakala amaitzeko emakumeen lanari balio ekonomiko eta soziala ematea, eta, azkenik, gehienezko soldata bat finkatzea eta enpresei irabaziak banatzea debekatzea, «koiuntura berezi honek irauten duen bitartean».

Zerga erreforma integrala

LABek ikasturte honetan bultzatu nahi duen aberastasunaren banaketari buruzko borrokaren bigarren hanka zerga erreforma da, «integrala», Aranbururen ahotan. «Zerga politika Josu Jon Imaz bezalako euskal oligarken mesedetan egina da, eta hori aldatu egin behar da. Tarte handia dago hobetzeko; enpresa energetikoen irabaziak mugatu egin behar dira, kapital errenta handiak gehiago zergapetu behar dira, eta enpresa irabazien gaineko zergak handitu egin behar dira».

Erreforma sakon bat egitea zaila dela onartu du LABek, patronala ez ezik gobernuak ere ez baititu ikusten horretarako asmoarekin. «Gakoa langileen antolakuntzan dago, langileon borrokarako gaitasunean».

Lasaigarriak ez dira nahikoak

Testuinguruari dagokionez, «elkar zeharkatzen duten krisi askotarikoak» ikusten ditu LABek, eta «norabide oker bereko» bi proposamen ikusten ditu «elite ekonomiko, finantzario eta politikoen» partetik. «Batzuek, lotsarik gabe, eliteen trantsizio bide orria bere horretan inposatzeari ekin diote. AEBen interes inperialistekin lerratu, eta, bakea sustatu ordez, gerra eszenatokian sakondu dute, erregai fosiletan oinarrituriko ekoizpen eredua azken unera arte mantentzeko erabakiak hartu dituzte (energia nuklearra berdez tindatuz, besteak beste), eta langile eta herri sektoreon aurkako neurriak garatzen ari dira oro har».

Beste batzuk, berriz, «eliteen aldeko trantsizioaren helburua zalantzan jarri gabe, adabakiak diren politikak inplementatzeko saiakeran dabiltza. Gasolinaren prezioa diruz lagunduz, gasaren prezioa mugatuz eta hura konpentsatuz eta bestelako politika sozialen bidez, langileriaren aurkako erasoaldi agerikoa arintzeko neurri apalak onartu dituzte». Azken talde horretan koka daitezke Espainiako Gobernuak bultzatutako neurriak, EAJren eta EH Bilduren babesarekin, atal gehienetan.

«Lasaigarriekin edo lasaigarririk gabe, errezeta neoliberal eta sozialdemokratek krisiaren irteera gehiengo sozialaren aurkako trantsizio gisa bideratzea dute helburu», Aranbururen arabera, eta ez dute konpontzen arazo nagusia: «Lan errentak pisua galtzen ari dira etengabe, kapital errenten mesedetan. Alegia, aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzen ari da, eta pobretzea eta prekarizazioa, hedatzen».

Idazkaritza Antirrazista

Hurrengo hilabeteetarako, beste bi helburu jarri dizkio LABek bere buruari. Batetik, ekainean Miarritzen egindako biltzarrean aldarrikatutako sindikalismo berrian urratsak egitea. Horren ondorioz, Idazkaritza Antirrazista bat martxan jarriko duela agindu du, «langile migrante eta arrazializatuen egoerari erantzuteko». Lan osasunari ere arreta berezia jarriko dio.

Bestetik, hauteskunde sindikaletan indarra egingo du LABek, langile batzorde asko berritu behar diren garaia datorrelako. LAB asko indartu da azken urteetan: 2017-2012 epean ordezkari gehien irabazi zuen sindikatua izan zen (+433), eta Hego Euskal Herrian sindikatu nagusien artean hirugarrena da (%19,24, 2021 amaieran), ELAren (%36,33) eta CCOOren (%20,22) atzetik, baina UGTren aurretik (%14,31).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.