Hezkuntza Legea

Steilasek salatu du Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ikastetxe pribatuek irautea duela helburu

Haien hitzetan, euskara ez du erdigunean jartzen, eta segregazioari aurre egiteko ere ez da balekoa.

Sare publikoaren aldeko manifestazio bat, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 19a
13:17
Entzun

Steilas sindikatuak irmoki kritikatu du joan den astean ezagutarazi zuten zirriborroa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuarena. Bilbon egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, hainbat arlotan ikusten dizkiote hutsuneak; besteak beste, pribatizazio asmoetan, segregazioan, euskaran eta eragileen parte hartzerik ezean: «Lege honen bitartez publikoa erdigunean jarriko dutela errepikatu dute hainbatetan, Haurreskolak partzuergoa indartuko dela, segregazioari aurre egingo zaiola, doakotasuna eta laikotasuna bermatuko direla... Baina errealitatea bestelakoa da. Agerikoa da hezkuntza sistema pribatizatu nahi dutela».

Hasteko, lege aurreproiektura iristeko prozesua bera gaitzetsi du eskola publikoan gehiengoa duen sindikatuak: «Hau ez da sindikatuen eta eragile sozialen parte hartzearekin jorraturiko lege bat». Hezkuntza Legea «ahalik eta azkarrena» onartu nahi dutela iruditzen zaie, «gobernuaren behar politikoak» tarteko. Haien ekarpenen arrastorik ez dute ikusten: «Orain arte hainbat eragile sozialek eta Steilasek espresuki jakinarazi ditugun ekarpenek eta salaketek ez dute islarik dokumentuan. Lege proiektu hau Hezkuntza Batzordeak onetsitako oinarrien txostenaren garapen soila da, eta norabide berean doa».

Prozedurarekin ez ezik, edukiekin ere ez dago ados. Ezinegona sortzen diote hainbat puntuk. Publiko-pribatu sistemak, esaterako: «Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kontzeptua eufemismo maltzur bat baino ez da ikastetxe pribatuen erreskateari bide emateko». Izan ere, uste dute titulartasunak garrantzia duela: «Asmatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzua ez da zuzendu, eta guztiz pribatizatzailea da oraindik ere, Euskal Eskola Publikoa lehenetsi gabe». Segregazioaren arloan ere ez dute aldaketarako asmorik sumatu. Kontrakoa: areagotu egingo dela iruditzen zaie: «Alferrikakoa da jada eraginkorrak ez diren segregazioaren kontrako neurriak ezartzea, egituraz segregatzen duen sistema dualari partxeak jartzeko baino ez dute balio». Eta gabeziak euskararen arloan ere: «Lege aurreproiektu honek ez du euskara erdigunean jartzen».

Hori ikusita, indarrak batu nahi dituzte hezkuntza komunitatearekin eta bestelako eragileekin. Ez dute baztertu mobilizazioak egiteko aukera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.