Euskara administrazioan

2037an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa euskaldunduta egotea nahi dute Kontseiluak, ELAk eta LABek

Bederatzi ekarpen egin dizkiote administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretuari. Derrigortasun indizearen sistema «gainditzea», euskarazko zirkuituak sortzea, eta langileen «egonkortasuna» bermatzea daude horien artean.

Ezkerretik eskuinera, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, gaur goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko irailaren 26a
12:36
Entzun

Neurri sorta bat eta epe zehatzak proposatu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa euskalduntzeko. Xede hori duen proposamena adostu dutela azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: «Nork bere proposamen propioak egin baditu ere, gai izan gara hiruron arteko ekarpen bat publikoki aurkezteko eta defendatzeko».

Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretua lantzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta hari egindako ekarpena da hiru eragileek aurkeztutakoa. Era berean, alderdiei ere bidaliko dietela jakinarazi dute. Martxoan ezagutu zen dekretuaren lehen zirriborroa. Herritarrekiko harremanaren araberako hizkuntza eskakizun «asimetrikoak» izango direla dio, besteak beste, eta euskara eskakizun izango ez duten lanpostuen proportzioa orain arteko bera izango dela. Berriki, ordea, bigarren zirriborro bat publiko egin da. Ez da aldaketa nabarmenik, baina bada aldaketa esanguratsu bat: salbuespenezko zenbait egoeratan, «lanpostua bete gabe gelditzeak ekarriko lituzkeen kalteak ekiditeko», lanpostuari dagokion euskara maila baino bat edo bi baxuagoa duen hautagaia praktikaldian hartzeko aukera zabaltzen du —aurreko zirriborroak gehienez ere maila bat baxuagoa onartzen zuen—.

Sektore publikoa euskalduntzeari «determinazio osoz eta atzerapenik gabe» heltzeko beharra dagoela adierazi du Bilbaok gaur, eta momentuaren garrantzia nabarmendu. «Kontuan izan behar dugu datozen urteotan langile publikoen erdiak hartuko duela erretiroa, eta belaunaldi aldaketa hori abagune aparta da administrazioa euskalduntzeko, langile guztiei erreparatuko dien trantsiziorako prozesu batekin».

Proposatutako prozesuaren funtsa «eskubideen bermea erdiestea» dela azpimarratu du, gainera, Bilbaok, eta ez inoren kontra egitea. Alde horretatik, ziurtatu du «euskararen ezagutza jasotzeko bide eta baliabideak» jasotzen dituela proposamenak, euskararen ezagutzarik ez duten langile publikoentzat, baita «salbuespenak» ere, «adin edo bestelako arrazoiengatik» bide hori egin ezin dutenentzat.

Administrazioa euskalduntzea langileen eskubideak bermatzearekin bateragarria dela gaineratu du Bilbaok, eta, hain justu, «lan baldintza duinak» administrazioa euskalduntzeko «beharrezkoak» izango direla erantsi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak: «Behin-behinekotasuna euskararentzat oztopo delako administrazioaren euskalduntzeko prozesuak aurrera eramateko, are gehiago Hego Euskal Herriko administrazioan behin-behinekotasuna %40koa denean».

Bi epe jomugan

Hiru eragileek adostutako bide orriak bederatzi neurri jasotzen ditu. Bi epe ezartzen ditu, batetik: bost urtean herritarrekiko euskarazko harremana bermatuta egongo dela dio, eta hamabost urtean sektore publikoak euskaraz jardungo duela. Langileen hizkuntza gaitasunari dagokionez, lanpostuei hizkuntza gaitasuna esleitu beharko zaiela dio, «herritarren eta lankideekin duten harremanaren» araberakoa.

«Euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea» ere aurreikusten du proposamenak, arta eta lan jarduna bereizita. Lehenengoaren kasuan, «euskaraz jardungo duen zerbitzu katea» definitu beharra dagoela dio. «Lan jarduna euskaraz garatuko duten unitateak» sortzeko, berriz, langileek lan harremanak euskaraz garatu ahal izateko besteko gaitasuna bermatu beharko dela dio proposamenak.

Hizkuntza eskakizuna duten lanpostu publikoak derrigortasun indizearen arabera kalkulatzen dira egun. tokian tokiko errolda edo biztanleria eta etxebizitza estatistikan jasotako azken datuak erabilita, eta kalkulu matematiko bat eginda: euskaldunak + (ia euskaldunak/2). Sistema hori «gainditzea» proposatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek, «hala egin ezean beti geratuko baita aukera sektore publikora beharrezko hizkuntza gaitasunik ez duten langileak sartzeko. Eta langile horien euskalduntzeak gainkostua ekarriko du». Halaber, derrigortasun data ez betetzearen «ondorioak eta salbuespenerako aukerak» ere jasota daude proposamenean.

Formazioa ere ezinbestekotzat jo dute hiru eragileek, eta, zentzu horretan, «langileen formaziorako programa sendoa garatzea» proposatu dute, hezkuntzako formazioan ispilatuta.

B2a, gutxienez

Lan poltsetan sartzeko irizpideen eta gutxieneko hizkuntza eskakizunen gaineko eztabaida epaitegietara iritsi den honetan, argia da Kontseiluaren, ELAren eta LABen posizioa: «Ezinbestekoa da lanpostuen deialdi berri guztietan B2 hizkuntza eskakizuna, gutxienez, ezarrita izatea, eta lanpostuaren funtzioari edo betekizunari lotutako proba bat, gutxienez, euskaraz izatea».

Administrazio publikoko langileen egonkortasunik eza ere aipatu dute, sektore publikoa euskalduntzeko oztopo gisa. Horregatik, «langileen mugikortasunari buruzko irizpideak» proposatu dituzte. «Langileen mugikortasunak administrazioaren euskalduntze prozesuari ahal den neurrian laguntzeko, eta, edozein kasutan, ez kaltetzeko irizpideak finkatu behar dira», adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.

Azkenik, «hizkuntzaren erabilera irizpideak arautu» beharra ere jaso dute, kontuan hartuta euskara gutxiagotutako hizkuntza dela, eta, beraz, «hizkuntza hegemonikoa boterez eta baliabidez nagusi» dela.

CCOO, «euskaldun agrafoez»

CCOO sindikatuak ere aurkeztu dizkio zuzenketak dekretuari, baina, kontrako norabidean. Ziurtagiri ofizialen bidez «hiztun pasiboak edo euskaldun agrafoak» —euskaraz hitz egin bai, baina idazten edo irakurtzen ez dakitenak— kontuan hartzeko eskatu du, ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Egun indarrean dagoen dekretuak zehazten dituen derrigortasun proportzioak «errespetatzeko» eskatu du, gainera, sindikatuak. Haren arabera, 80ko hamarkadan «adostu» zituzten proportzio horiek, eta herri bakoitzaren «errealitate eta garapen soziolinguistikora egokitzen» dira. Azken urteetan, gainera, zenbait administrazio —«ez gutxi»— proportzio horietatik aldendu izan direla salatu du. Alde batetik, Espainiako Administrazio Orokorrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «arreta elebiduna» emateari «bizkar eman» diola deitoratu du, baina, horrekin batera, beste zenbait kasutan hizkuntza eskakizunen proportzioak «errealitate soziolinguistikoaren oso gainetik» jarri izan direla salatu du.

Gainera, EAJri eta PSE-EEri egotzi diote ELAren eta LABen «presio baztertzaileetara» makurtu izana, zeinak «Gernikako Estatutuak zehaztutako adostasun linguistikoetatik aldentzen» baitira, haren arabera.

Hain justu, Espainiako Auzitegi Gorenak ostiralean erabaki zuen Irungo Udalak jarritako kasazio helegitea ez onartzea, herri horretako udaltzainei ezarritako hizkuntza eskakizunen aferan. CCOOk jarritako salaketa batek eraman zuen auzi hori epaitegira. Izan ere, sindikatuak salaketa jarri zuen, argudiatuz Irungo hamabi udaltzain postutarako euskaraz jakitea eskatzea «diskriminatzailea» zela euskara ez zekiten hautagaientzat.

Epaitegiaren erabakia salatu dute egunotan Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, baita epaileak hizkuntza politikan «esku hartzen» ari direla ere. Gaia hizpide izan du gaur ere Bilbaok, baina, botere judizialetik harago, hizkuntza eskubideen kontra helegiteak jartzeko joera gaitzetsi du: «Badakigu epaitegiek jarraituko dutela hizkuntza politikak judizializatzen, gertatzen ari delako. Baina joera bat ezarri da helegiteak jartzeko, eta badakigu zein izaten den auzitegien jokaera hizkuntza eskubideen bermeei dagokienez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.